Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
45 Urtez Bidasoa Dantzan Jartzen PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 25 de Mayo de 2018 10:32

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el jueves día 24 de Mayo de 2018.

45 URTEZ BIDASOA DANTZAN JARTZEN

1970eko hamarkadan, Txingudi Ikastolako gurasoen talde baten ekimenez aurrera atera zen Kemen Dantza Taldea izango zena. Egun, 250 partaidetik gora ditu.
Ander Amantegi irundarra eta Andrea Berrotaran hondarribiarra, Kemenen lokalean
Bidasoko Kemen Dantza Taldeak jada 45 urte bete ditu eskualdeko plaza eta kaleak musikaz, eta batez ere dantzaz betetzen. 1973. urtetik, ehunka eta ehunka haur eta helduk euskal dantza tradizionala ikasi dute taldeari esker, eta gaur arte, hamaika bider jarri dute dantzan eskualdea. Hitza taldeko monitore Ander Amantegi irundarrarekin eta kide Andrea Berrotaran hondarribiarrarekin elkartu da. Atzera bota dute begirada bidasoarrek eta ia mende erdiko ibilbideaz gain, gaur egungo egoera aztertu dute.
Dantza taldea Irun-Hondarribia Txingudi Ikastolako gurasoen ekimenez sortu zen. 1970eko hamarkadan Bidasoan euskara eta euskal kultura berrindartzen ari zela kontatu dute, eta bestelako egitasmoen artean, dantza talde bat eratzea otu zitzaiola guraso talde hari. Pili Murua eta Arantxa Iraizolarekin kontaktuan jarri ostean, ikasle gazteekin lehen entseguak egiten hasi ziren. «Gurasoek arropa eta materiala sortzearen ardura hartu zuten, eta Murua eta Irazola, berriz, euren esperientzia baliatuz, irakasle gisa hasi ziren. Ikaragarrizko lana egin zuten denek orduan», zehaztu du Amantegik. Lehen dantzari gazte haien kide eta gidari gisa, bi udalerrietako zenbait txistulari, trikitilari eta pandero jotzaile hasi ziren.
Kemen Dantza Taldearen lehen irudietako bat.
Lehen pausua emanda, talde ofizial izatera egin zuten jauzia dantza taldekoek. Dantza tradizionala ikasten ari ziren gazte horiek ikastolatik ateratzerakoan kuttun zuten jarduera alde batera utzi behar izaten zutela diote bi dantzariek, eta hortaz, gaztetxoen ikasketa prozesuari jarraipena emateko apustua egin zuten. Hala, euskal dantza ikastolatik Euskal Herriko hamaika plazetara eraman zuten, Kemen Dantza Taldea sortu zuten.
Lehen eskola horietatik, helburu zehatz batzuekin egin dute eguneroko lana Kemeneko kideek, eta egun, sortzaileek definitutako berberak izaten jarraitzen dute. Berrotaranek zerrendatu ditu: «Sorterrian berreskuratutako zenbait tradizio mantendu eta indartzea, ekintza kulturalen sustapena, eta euskal kultura dantzatua zabaltzearen alde lan egitea». Horiek dira, orain arte, gaur, eta hemendik aurrera taldeko kide guztien asmo nagusiak.
Taldearen bigarren apustua Adaxka harrobiko taldea sortzea izan zen. Txingudi ikastolako dantza talde hura, Adaxka izatera pasatu zen. Duela hamabost bat urte abiatu zuten proiektu berria. Egun, 200 haur inguruk egiten dute dantza bertan eta orotara —Kemenen eta Adaxkan— 250etik gora dantzari zein musikari daude.
Ohiturak mantentzen
Lau hamarkada luzez euskal ohitura eta kultura sustatzen aritu dira eta egun ere, askotariko dantza emanaldiak eskaintzen dituzte Kemeneko dantzari eta musikariek urte osoan zehar.  Garai bateko Kemeneko dantzarien ohiturekin jarraitzeko asmoz, inauterietako puska biltzea, sanmartzialetako Soka dantza edota Hondarribiko jaietan eskaintzen duten dantza saioa jada taldearen emanaldi klasiko bilakatu dira, urteko dantza saio preziatuenak dira herritar askorentzat. Inauterietan, San Tomas Egunean edota Euskal Jiran ere parte hartzeko ohitura dute, eta ahal duten guztietan, nola ez, herriko jaietan dantzatzera joaten direla adierazi dute.
Ekitaldi horiez gain, Kemenek antolatutako Hondarribia Dantzan festa herritarrek ilusioz gordetzen duten data horietakoa da. Atzo ekin zioten hamabigarren edizioari. Igandera bitarte, euskal dantzaren agertoki nagusi bilakatu dute Euskal Herriko dozenaka dantzarik Arma Plaza eta ingurua.
Adaxkako gaztetxoak, iazko Hondarribia Dantzan saioan.
Eskualdetik harago, harrobiko zein helduen taldeek bidaiatzeko tartea izaten dute. 2011. urtean, esaterako, lehen txango berezia egin zuten Adaxkako haurrek, eta ordutik, bi urtean behin, Katalunia edota Bretainiako dantza taldeetako txikiekin trukeak egin dituzte.
Kemeneko kideak, aldiz,  mundu osoan zehar dantzatzen aritu dira. Frantzia, Portugal, Ukraina, Polonia edota Japonia bezalako herrialdeak bisitatu dituzte azken urteetan. Bidai guztietatik, Amantegirentzat eta oro har kide guztientzat, Poloniara egin zutena izan zen bereziena. «Kanpora bidaiak egitea, barrura begira, taldearentzat dagoen gauza onenetakoa da. Kanpora joatea oso aberasgarria da taldeko giroarentzat», adierazi du. Amantegi eta Berrotaran prest eta gogoz daude hurrengo bidaiarako.
Ospakizun berezia
45. urteurrena ospatzen hasteko, dantza saio berezia egin zuten joan den hilaren 13an Irungo San Juan plazan. «Beteranoekin elkartu nahi genuen, belaunaldi ezberdinak elkartzeko saio berezia izan zen», adierazi du Berrotaranek. Bertan ia 250 lagun elkartu zirela zehaztu dute, festa eta dantza saio erraldoia egin zutela. «Barrura begirako ospakizuna izan zen, kaleko arroparekin plazan bertan dantzatu genuen. Guretzat izan zen, taldeko kideen artean gozatzeko», gehitu du irundarrak.
Ospakizunaz gain, omenaldietarako tartea ere izan zen. Hasierako monitore Pili Muruak omenaldi berezia jaso zuen, hainbeste urteetako ibilbideari aitortza egin zioten ikasle ohi eta kideek. Horretarako, haur zein helduek Agurra dantzatu zioten.
Joan den hilaren 13ko ospakizuna.
Urteurreneko ospakizunak ez dira San Juan plazan egin zuten  saiora soilik mugatuko, ezta gutxiago ere. Datorren ekainaren 23an, sanmartzialen hasieran zehazki, Kemen Dantza Taldeak ahalik eta dantzari gehien elkartu nahi ditu suaren inguruan dantzatzen. Horrez gain, urriaren 20rako bazkari berezia prestatzen hasi direla jakinarazi dute.
Kemeneko dantzari zein musikari guztiak boluntarioak dira, egun duten ondarea euren izerdiarekin lortutakoa da. Hasieratik, lokal fisiko konkretu bat izateko arazoak izan zituztela kontatu dute biek, eta egun, arazoak berean darrai. Irungo Atsegiña elkartean entseatzen hasi ziren 1970ko hamarkadan. Ordutik udalak zenbait lokal utzi dizkiela zehaztu dute, baina denetan egokitzapen arazoak izan dituzte, edota txiki geratu dira. Egun Jose Antonio Loidi Bizkarrondo kalean duten lokala espresuki dantzarako egokitu zuten, baina arazo ezberdinengatik, ez dute bertan aritzeko aukerarik. Bitartean, Dunboa eskolan egiten dituzte entseguak.
Dantza taldean parte hartzera animatu dituzte Irun, Hondarribia eta bestelako herrietako bizilagunak. Berrotaran: «Beti esaten dut inoiz ez dela berandu dantza ikasten hasteko, anima zaitezte!». 50. urteurrena gertu dago. Bien bitartean, jarrai dezatela Bidasoa dantzaz eta musikaz betetzen.
 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting