Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Etorkizun Oparo baten bila PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 31 de Agosto de 2018 11:11

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el jueves día 30 de Agosto de 2018.

ETORKIZUN OPARO BATEN BILA

Lakaxita Gaztetxeko ateak zabalik aurkitu dituzte Afrikatik iritsitako lagunek.

Azken hilabetean, Irundik ehunka migrante igaro dira, Europa iparralderako bidean. Herritarrek laguntza eskaintzeko sarea osatu dute, eta egun, lagun asko Lakaxita Gaztetxean bizitzen ari dira.

Europa iparralderako bidea hartzen dute Afrikatik iritsitako migrante askok, euren herrietan ezinezkoa den etorkizun itxaropentsu baten bila. Oztopoz eta hesiz beteriko ibilbidean horietako asko Irunera iristen dira, Santiagoko zubia zeharkatzeko prest. Hiria leku estrategikoa da, Espainia eta Frantziaren arteko muga politikoa bertan aurki baitaiteke. Azken hilabeteotan inoiz baino pertsona gehiagok zapaldu dute hiria, Hendaiara iristeko helburuarekin, beraien bizitzako bidaiarik gogorrenenari amaiera emateko irrikaz. Batzuek bidean aurrera egiten dute, ia hiria zapaldu gabe, baina askok, ordea, Irunen egin behar izaten dute geldialdia, halabeharrez.
Joan den uztailean trantsizioan zegoen migrante talde handi bat iritsi zen hirira, eta alarma guztiak piztu ziren herriko gizarte eragileen artean. Renfe geltokian 25 lagun inguru aurkitu zituzten Ongi Etorri Errefuxiatuak eragileko kideek, egoera kaskarrean lo egiten, erakundeen eskutik inolako laguntzarik jaso gabe. Hilabete batzuk aurretik, Jose Antonio Santano alkateak Irun harrera hiria izango zela jakinarazi zuen, baina hirira iritsitako taldeari inolako laguntzarik eskaini ez izana salatzen hasi ziren orduan, behin eta berriro, eragile horiek. Udalaren erantzuna, bizilagun askoren haserrerako, Irungo kaleetan zeuden pertsonei zuzenean lagundu beharrean, Eusko Jaurlaritzari dirua ematea izan zen, eurek Donostian bertan aterpe bat egokitu ahal izateko.
Udalaren erabakiaren aurrean, irundarrek herri bezala erantzun diete Senegal, Kamerun edota Gineatik iritsitakoen beharrei, eta hala, Irungo Sare Herritarra eratu zuten. Bertan, besteak beste, Adiskidetuak, Amnesty International, Erletxea, Helduak, Hotz, Lakaxita Gaztetxea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria, Stop Desahucios eta Zero Pobrezia eragileek hartu dute parte. «Whatsapp talde bat egin genuen 12 lagunek, eta pixkanaka, 120 baino gehiago izatera iritsi gara», kontatu du sareko kide Ruth Lopezek. Kideen %90 emakumeak direla nabarmendu du.
Sarea osaturik, kalera irten ziren, bidean dauden migranteei laguntza ematera, modu altruistan. Talde horrek sekulako presioa egin du azken asteotan, eta ondorioz, trantsizioan dauden pertsonei zenbait aterpe eskaintzera behartu dute udala, egoera jasangarria ez zela ondorioztatu ostean. Ongizate saileko lehen erabakia hotzaren dispositiborako erabili ohi den eraikina irekitzea izan zen, eta horrekin batera, gizarte jangela eta elkargunea zabaldu zuen, otorduak emateko. Halere, dispositibo horrek soilik bi astez iraun zuela diote taldetik.
Egunek aurrera egin ahala, pertsona gehiago iristen hasi ziren Irun ingurura, eta eratu berri duten saretik diotenez, udalak eskainitako azpiegiturak ez ziren nahikoak izan.
Orduan, Sare Herritarreko kideek mobilizazioekin jarraitu, eta hurrengo pausoa ematea lortu zuten: udalak Martindozenea aterpetxea ireki zuen. Egoerak hobera egingo zuela pentsatu arren, dispositibo berri horrek soilik asteburu bakar bat iraun zuela salatu dute gizarte eragileek, bertan udan umeentzako jarduerak egiten zirela argudiatuz.  Erabakia ulertu ez arren, ez dute amorerik eman eta euren bigarren garaipena Leka Enea ikastetxea irekitzea izan da.
Hilaren 14an udalak Gurutze Gorriaren laguntzarekin zabaldu zuenetik, migrante gehienak  ikastetxetik pasatu dira. Bertan, lo egiteaz gain, askok janaria eskuragarri izan dute, baina Herritar Sareak salatu duenez, ez dute denek aukera berbera izan. Soilik gaua pasatzera joan diren pertsonek jaso dute jatekoa, eta egoera batzuetan, janaria zakarretara bota behar izan dute, gehienek bost eguneko epea gainditua baitzuen. «Beharrezko errekurtsoak zakarrontzira bota dituzte batzuetan, erabat bidegabea da», dio Lopezek.
Orain arte afrikarrek bizitutako egoera kaskarra izan bada, arazoek gora egin dute azken egunotan. Joan den igande gauean zehazki, taldetik jakinarazi zutenez, egoera zailenari egin behar izan zioten aurre. Bost emakume eta lau urteko ume bat kalean lo egitera behartu zituzten, emakume izateagatik ukatu egin baitiete trantsizioan dauden pertsonentzako aterperako sarrera. Emakume horietako bat, gainera, haurdun dagoela nabarmendu dute eragileek.
Joan den igandetik (hilak 26) astelehenerako (hilak 27) gau horretan egin behar izan zuten lo kalean, erakundeek eskaini zieten aukera bakarra Bilbora joatea zelako, estalpea ez omen zegoelako emakumeentzat prestatuta. Hala, bi emakumek Bilbora itzultzea onartu zutela kontatu dute, onartu hitz hori zalantzan jarriz. «Hara iristean ez zituen inork jaso eta lorategi batzuetan pasa behar izan zuten gaua», dio Aitzpea Babaze sareko kideak. Gainontzeko hiru emakumeak sarreran bertan utzi zituztela diote amorruz bi kideek. «Pertsona zaurgarriak direlaren argudioarekin ez zieten sartzen utzi nahi, eta begira nondik, kalean utzi zituzten», dio haserre Lopezek.
Azken egunotan, ordea, udalak sareko boluntarioen eskaerei erantzun die. Bihar bitarte, neguan kalean bizi direnek erabiltzen duten aterpe berberean lo egiteko aukera izango dute emakumeek. Gainera, irailaren 1etik aurrera, Martindozeneak berriz ere ateak zabalduko ditu, gizon, emakume eta adin txikikoek bertan gaua pasa dezaten.
Lakaxita, aterpe nagusia
Herrian bestelako aterpeak eskuragarri jarri dituzten arren, bost eguneko epe horrek bestelako ostatuak bilatzera behartu ditu. Hala, Lakaxita Gaztetxea bilakatu da azken asteotan migranteen harrera gune nagusia.
Lakaxitako ateak erabat zabalik aurkitu dituzte denek, Irunera iristen diren lehen egunetik. Aitzpea Babaze: «Eguna Lakaxitan pasatzen dute. Hasieran, hemen eguna pasa eta aterpe edota geltokira joaten ziren, baina orain, hemen egiten dute bizitza gehienek». Bira eman diote gaztetxeari, eta aterpe inprobisatu gisa erabiltzen dute egun. Kanpoko aldean karpa handi bat jarri dute eta bertan kanpin dendak jarri dituzte.
Inolako eperik gabe lo egiteko aukera eskaintzeaz gain, komuna, dutxa eta janaria eskuragarri jartzen diete gune autogestionatuan, egunero. Goizez, arratsaldez eta gauez. Egun luzez migranteekin lanean aritu dira, euskara eta gaztelania irakasten, Euskal Herriko kultura eta ohiturak gerturatuz.
Uda honetan, milatik gora lagun igaro dira Irundik, eta horietako asko Lakaxitatik pasatu dira. «Ez gara kopurua kalkulatzeko kapazak izan, baina ehunka eta ehunka lagun igaro dira hemendik», dio Babazek. Halere, eraikina pertsonak artatzeko egokitua ez dagoela diote saretik. Horregatik, udalari eta bestelako erakundeei presioa egiten jarraitzeko asmoa dute, aterpe iraunkor bat helburu delarik. Bitartean, zapatak, arropa eta bestelakoak eramateko deialdia luzatu dute gaztetxetik, edonork bere hondar alea jarri nahiko balu; Oiartzunen, adibidez, bat egin dute Irundik egindako laguntza deiarekin.
+ HITZAk Lakaxita Gaztetxean dauden Jean Claude eta Ibrahimekin hitz egin du
 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting