Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
“Irunek oraindik ez du 2019rako aurrekonturik” PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Jueves, 21 de Febrero de 2019 11:47

Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el miércoles día 20 de Febrero de 2019.

“Irunek oraindik ez du 2019rako

aurrekonturik”

Gobernu sozialistak Irungo Udaleko gehiengoa izango balu bezala jokatzen
jarraitzen duela salatu du EAJko bozeramaileak
80
0
Xabier Iridoy, EAJko bozeramailea. / Irungo EAJ
Udal gobernuarekin hainbat bilera izan ondoren, Irungo EAJk egun Irungo Udalak onartu behar dituen 2019ko aurrekontuek bizi duten egoera balioetsi dute gaurko egunean prentsaurrekoan. “Irunek inoiz ezagutu ez duen egoera baten aurrean aurkitzen gara momentu honetan, ez dugu 2019 urterako aurrekonturik, Udalak ez du dirurik hirian garrantzitsuak diren proiektuak aurrera eramateko, besteak beste; ez Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara eramateko, ez Lapitze kalea berrurbanizatzeko, ez aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuak garatzeko milioi eta erdia, ez Ronda Sur-eko bigarren fasearen eraikitzeko, ez alokairuko etxebizitzak ahalbidetzeko, ezta bertako merkataritza laguntzeko ere. Aipatutako proiektu guzti hauek bertan bera geratuz gero, ondorioak gure hiriarentzat oso larriak izango lirateke”, baieztatu du Xabier Iridoyk, EAJko bozeramaileak.
EAJk aurrekontuak adosteko aldez aurreko jarrera baikorra erakutsi du hasieratik, betiere proposamenak Irunentzat onuragarriak badira. “Gure taldeak ez ditu negoziazioa eta akordioa talde bakarrera mugatu nahi izan, eta hala jakinarazi diegu talde guztiei. Ez dugu uste hori denik adostasun batera iristeko jokamolde egokia, hori ez da gure egiteko modua, ez da gure kudeaketa eredua” zehaztu du Iridoyk, eta “guk Irungo Udalean dauden talde guztien proposamenak kontuan dituen proiektu plural baten aldeko apustua egiten dugu. Aniztasuna baita gure hiriaren eta hiritarren isla. Eta horretarako, aurrekontuak onartzeko akordio bat lortu ahal izateko, ezinbestekoa iruditzen zaigu negoziazio marko bat ezartzea”, errepikatu du.
“Baina, udal gobernuak ez du marko horren barruan lan egin nahi izan, eta bi aldeko akordio baten alde egin du, beraiekin adostuz gero beste talderen batekin adosteko aukera murriztuz. Hala aditzera eman ziguten eduki genuen lehen bileratik. 2019ko beharrezko ditugun aurrekontuak onartzeko gaitasuna guztiz gutxiagotzen duen zuhurtziarik gabeko jarrera, are gehiago, gobernu sozialista udalean gutxiengoa denean eta udal gobernuak Irunentzat eta irundarrontzat onuragarriena eta komenigarriena dena egin beharko luke. Gainera, mahai gainean dagoen aurrekontu proiektuari, besteetan ez bezala, ez dio inork osoko zuzenketarik aurkeztu, Irunentzat berri ona, honek talde guztion akordio batera iristeko borondatea aurreikusten bai zuen”.
EAJrentzat berri ona zena eta egun ere dena, gobernu sozialistarentzat ez dela dirudi, “martxoa bertan dugu eta ez dugu aurrerapenik ikusten. Irunek 2018ko aurrekontu luzapenarekin jarraitzen du egun oraindik, eta egoera honek Irunen izan ditzakeen eraginek kezkatzen gaituzte. Baina guretzat kezkagarriena Santano alkateak izan ditzakeen asmoak dira. Beraien proiektua, beste taldeen proposamenen bitartez nabarmen hobetu daitekeela ez ikustaraztearren, 2019rako aurrekontuak onartzeko Udalbatza bertan behera geratzeko aukerak daudela ikusten dugu, eta botere erabilera honek asko arduratzen gaitu”, adierazi du bozeramaile jeltzaleak.
Amaitzeko, eta Irunek aurrekontu anitz bat behar duela azpimarratuz, Iridoyk “hirian ditugun beharrei irtenbidea eman ahal izateko, aurrekontu bat behar dugu. Ez dugu ulertzen Santano alkatearen eta bere gobernu sozialistaren berandutzea, eta horregatik Ogasuneko ordezkariari hirugarren bilera bat eskatu eta bertara kontra proposamen bat idatziz aurkezteko ere eskatu diogu. Bilera horretan benetan hitz egiteko, adosteko eta elkar ulertzeko jarrera egiazkoa den edo teatro hutsa den ikusi ahal izango dugu. Halaber, orain arte mantendu duten jarrera eta lan egiteko modua Irunentzat guztiz kaltegarria dela iruditzen zaigu, alkateak eta baita bere gobernu sozialistak, beraien interes pertsonalak eta alderdikariak alde batera utzi beharko lituzkete, eta Irunen onura soilik begiratu beharko lukete. Gobernuak oraindik gehiengoa izango balu bezala jokatzen du, eta hau onartezina da. Irunek ez du kolore bakarra, gure jendartea plurala da eta bai gobernuak eta baita alkateak ere errealitate honekin kontsekuenteak izan beharko lukete”, adierazi nahi izan du azkenik Xabier Iridoyk.
 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting