Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Jaien eztanda bikoitza PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 21 de Junio de 2019 11:10

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 21 de Junio de 2019.

Jaien eztanda bikoitza

Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaiak ofizialki igandean hasiko diren arren, Irungo gazteek festa aurreratzea erabaki dute; bihar herri bazkari erraldoia egingo dute Ficoban.
1.400dik gora lagun bilduko dira bihar eguerdian Ficoban. Goizean, berriz, olinpiadak egingo dituzte.
Igandean hasiko dute irundarrek urteko asterik berezi eta maiteena. Gauean eztanda egingo dute aurtengo San Pedro eta San Martzial jaiek. Astebete luzez, kolore gorri, beltz eta zuriaz gain, musika eta festa nagusi izango dira hiriko kale, plaza eta txoko guztietan. Dozenaka elkarte, eragile eta norbanakok gogor egin dute lan azken asteotan, inork aspertzeko tarterik izan ez dezan.
Aurtengo hasiera ekitaldi ofiziala ere berezia izango da. Iaz Asun Casasolak egin zuen bezalaxe, aurten lau neska izango dira protagonista udaletxeko balkoian. Irungo Udalak Realeko neskei eman nahi izan die jaiei hasiera emateko aukera. Zehazki, Erreginaren Kopa irabazi berri duten Sandra Ramajo, Leire Baños, Sara Olaizola eta Erkuden Lasa irundarrek egingo dute agur ofiziala. «Emakumezkoen kirolari onespen publikoa egin nahi diogu erabaki honekin, historia egin duten hiru emakumeri, haiekin batera hunkitu gara», adierazi du alkateak.
Aurten, gainera, eztanda bikoitza izango dute festek. Izan ere, ofizialki igandean hasi arren, bihar asteko ekitaldi jendetsuenetarikoa egingo dute. Betti Gotti kultur elkartearen kuadrillen bazkari herrikoiak Ficoba hartuko du. Aspalditik dute gorriz biribilduta ehunka eta ehunka gaztek biharko hitzordu garrantzitsua.
Iaz ordu gutxi batzuk aurreratzea erabaki zuten Betti Gotti elkarteko kideek, eta aurten are gehiago luzatu nahi izan dute festa. Biharkoan, 1.400 lagun inguru bilduko direla jakinarazi dio HITZAri Joseja Zabalo elkarteko kideak. Antolaketari soilik azken zertzeladak falta zaizkiola dio, eta gogoz daudela beste urte batez Ficoba jendez eta giroz lehertzeko.
Azken urteetan bezalaxe, elkartekoen asmoa kuadrillen bazkaria hirira eramatea izan dela azaldu du. Zabalok dio urte asko daramatzatela «gai honekin borrokan», baina oraindik ez dutela helburua lortu.
Aurtengo asmoa zen Ospital Zaharrean Ficoban erosoegi sentitzen ez direnentzat bigarren herri bazkari bat egitea, 300 lagun ingururentzat. Bertako egitaraua ere prest zutela dio, udalaren baimena egon zitekeela uste zuten elkarteko kideek, baina azkenean saiakera batean geratu dela. «Esprint» batean ibili direla dio Zabalok, eta azkenean udalak beste behin borondaterik izan ez duela. «Otsailean hasi ginen dena prestatzen. Ordutik ez dira mugitu». Enegarrenez udalaren ezezkoa jaso arren, elkarlanerako mezua bidali nahi izan diete: «Udalari gurekin batera lanean jartzeko eskatzen diogu, herri bazkaria Irungo hirigunera ekarri ahal izateko. Beraz, datorren urtean denboraz eta agian laguntza gehiagorekin, gure helburu nagusia lortzeko aukera berri bat izango da».
Luze joko duen eguna
Goiz ekingo diote biharko egun luzeari, kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte 09:00etan (Urdanibia plazan). 12:00etan, Auntxa Trikiti Eskolako kideak eta Peña Poteo txarangakoak Alde Zaharreko kaleak eta kuadrillak girotzen hasiko dira. 13:30ean, berriz, kalejiran abiatuko dira Urdanibia plazatik Ficobaraino. Bertan, 14:15an zehazki, urdaila ondo betetzeko unea iritsiko da eta jarraian, dantzaldia izango da Ezten Giro taldearekin eta DJ batekin. Amaitzeko, 20:30ean, berriz ere kalejira egingo dute hirigunera.
Igandeko (hilak 23) egitaraua:
  • 08:00. Mendi ibilaldia San Juan plazatik Aiako Harrira, Irungo Mendizaleak elkarteak antolatuta.
  • 09:00. San Martzial Sari Nagusiko Finalak-XXIX. Jauzi Txapelketa, Jaitzubian.
  • 09:00. Irratizaleen erakustaldia, San Martzial mendian.
  • 09:00. Plater tiraketa, San Martzialeko tiro eremuan.
  • 09:00. XVIII. Irun Hiria Padel Txapelketa, Bidaurre Urederren.
  • 09:00. Haurren XXXII. Marrazki eta Pintura Lehiaketa, Junkaleko plazatxoan.
  • 09:00. XLIV Pil-Pil Erako Bakailao Txapelketa, Urdanibia plazan.
  • 09:00. XX. Alberto Gorriz Futbol 7 txapelketa, Gal Stadiumean.
  • 12:00. Erromeria: muxikoak eta dantza, San Juan plazan.
  • 16:30. Binakako XV. Puzzle Txapelketa, Erromes plazan.
  • 19:00. San Juan arbola jarriko dute San Juan plazan.
  • 19:30. Erraldoi eta buruhandien kalejira, Alberto Anguera plazatik abiatuta.
  • 20:45. Aurreskua Kemen Dantza Taldaren eskutik, San Juan plazan.
  • 21:30. San Pedro eta San Martzial Jaietako agur ofiziala eta su piztea, San Juan plazan.
  • 22:30. Left Hook taldearen kontzertua Urdanibia plazan, eta Burrunba elektrotxaranga San Juan plaza inguruan.
  • 23:00. Trumoiak ikuskizuna, San Juan plazan.
  • 23:30. Mariachi Elegancia Mexicana taldearen kontzertua, Zabaltza plazan.
  • 24:00. En Tol Sarmiento taldearen kontzertua, Urdanibia plazan.
Igande gauean emango diete hasiera ofiziala aurtengo jaiei.
 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting