Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Desoreken bidaia luzean sakontzen PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 21 de Junio de 2019 11:15

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 21 de Junio de 2019.

 

Desoreken bidaia luzean sakontzen

Negu Karlsson irundarrak argitaratu berri duen ‘Kg’ liburuarekin azken hogei urtean izan duen elikadura desoreka ezagutarazi du, bizi izan dituen esperientzia gordinak bilduz eta kontatuz.
Negu Karlsson, kuttuna duen Mosku inguruan.
Txiki-txikitatik, elikadurarekin harreman estu bezain gogorra izan du Negu Karlsson irundarrak. Ia memoria duenetik, TCA (elikaduraren desorekaren gaixotasuna) pairatu du, orain dela hiru urtera arte zehazki. Gaixotasuna oraindik ere ia erabat ezezaguna den arren, bere kasuari eta bereziki kaleratu berri duen Kg liburuari esker, argira atera da milaka herritarrek isilean jasan behar izaten duten errealitate gordin hori.
Jaiotzez donostiarra izan eta egun Gasteizen bizi arren, Irunen egin du urte luzez bizitza Karlssonek. La Salle ikastetxean ikasi zuen. Aurretik, Hondarribian LHko heziketa jaso zuen; orduan, sei urterekin, hasi zen bere infernua. Klasekideen aldetik jazarpena jasaten hasi zela dio. Gainera, gurasoek janari kopuru handiak jatera behartzen zutela kontatu du, eta etxeko egoera ez zela egokiena. Bi faktore horiek «desoreka hori ahalbidetu» zutela azaldu du, bere bizitza goitik behera aldatu zutela.
Handik urte batzuetara, 17 urterekin zehazki, gaixotasuna areagotu egin zen; anorexiara jauzi egin zuen Karlssonek, jateari uko egin ziola kontatu du. «85 kilo pisatzetik 52ra pasatu nintzen hilabete eta erdian». Halere, denborarekin pisua berreskuratzen hasi zela dio, egun batean sekulako betekadak egin arren, hurrengoan bi ordu luzez kirola egiteko joera izaten zuela, adibidez. Horregatik dio «kilogramoa neurri unitate bat bakarrik» dela. «Jendeak uste du desoreka janariarekin arazo bat izatea dela, baina ez. Azkenean emozioen kudeaketa janarira iraultzea da, emozio horiek gaizki kudeatzen dira, alegia». Hala, elikadura desorekek sexurik, adinik eta pisurik ez dutela nabarmendu nahi izan du. Gainera, gaixotasunak bi adarretatik jo ohi duela dio: murrizketa praktikatuz (hau da, jan gabe), edo sabelbetearen desoreka izenez ezaguna denera joz. Karlssonek biak jasan zituen.
Ia 15 urtez gaixotasunak gogor jo ostean, bikotekideari esker, azkenean, argia ikusi zuela azaldu du. 28 urterekin, egun emazte dena ezagutu zuen, bere bizitzako «unerik garrantzitsuena». Emazteak animatuta, medikura laguntza bila joatera ausartu zen, eta terapian aurkitu zuen konpainia eta laguntzarik onena. «Merezi du terapiara joatea, beharrezkoa dela uste dut». Gaixotasuna erabat sendatuta, egun, «poza, eta bizitza berri bat» duela dio.
Mundu osoari bere eta beste askoren kasua ezagutarazteko nahi hori izan da liburua idazteko arrazoi nagusia. «Liburuaren mezua positiboa da, irtenbidea badagoela erakutsi nahi izan dut». 160 orritik gorako argitalpenean, azken hamarkadetan idazleak bildutako bizipenak eta sentsazioak islatu ditu, goitik behera erabat autoekoitzi duen argitalpenean.
Sei urte zituenetik, bizitza gogor bezain luzea izan duela aitortu du Irungo bizilagunak. «Nire bizitza oso luzea izan da. 30 urte ditut, baina luzeegia izan da, beti desoreka honen inguruan biraka egon baita».
Noria baten modura
Noria batekin alderatzen du idazleak bere bizitza. «Oso azkar doan noria bat bezalakoa da, zu bakarrik eserita zauden noria bat, denbora oso azkar pasatzen da». Horregatik dio gorabeherez beteriko etengabeko bidaia hori, eta gaixotasuna bere osotasunean ulertzeko, liburua «mamu bidaiari» bezala irakurtzea beharrezkoa dela.
Elikadurarekin lotutako desorekak oraindik ezagunak ez direla dio Karlssonek. «Telebistan edo prentsan gai hauei buruz hitz egiten denean mezua ez da ongi edo egoki saltzen, horregatik uste dut liburu hau baliagarri izango dela gaixotasun guzti horiek gertutik ezagutzeko. Azken finean, tintara eramandako bizitza bat da, erraz ulertzekoa».
Noizbait egoera honetan egon direnez gain, edonori on egingo dion irakurketa dela nabarmendu du Karlssonek: «Beti diot kaltetuentzat baliabide, lagunentzat euskarri, eta arazo hori ez dutenentzat gaixotasuna ulertzeko baliagarri izango dela liburua». Irakurketa herritarrei bideratuta egon arren, mezu bat ere helarazi nahi izan die erakundeei. «Gai hauekiko kontzientzia aldaketa behar da Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, eta baita ere eskoletan, prebentzio lanak egiten».
Liburuan islatu dituen urte horiek guztietatik, okerrenak Irunen bizitu dituela onartu du idazleak. «Irunen txikitan oso gaizki pasa nuen, ez dut esperientzia onena». Halere, «asko-asko maite» duen hiria dela dio, eta ia irundarra dela esan daitekeela. Irundarrek bezalaxe, gogoz eta ilusioz bizitzen ditu sanmartzialak, baina aurtengoan badirudi ez duela festaz gozatzeko aukerarik izango. Liburuaren aurkezpen ekitaldiak direla-eta joateko aukerarik izango ez duen arren, ahal duenean Moskura eskapo egingo duela aitortu du, bertan sentitzen da erosoen.
Gaztelaniaz idatzita dago Kg, baina euskaratzeko asmoa du idazleak, bereziki ikastetxeetan baliagarri izan dadin. Liburua eskuratzeko aukera Donostiako Liburuaren Etxean edo Elkar dendetan dago. Bestalde,helbide honetara idatziz ere lor daiteke.
 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting