Abuztua den arren, Irungo Udalak Eguberrietako kanpainaren lehen zertzeladen berri eman du gaur. Bertan izan dira Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga Kultura ordezkaria. Alkateak baieztatu du “egonkortutako” kanpaina dela abendukoa eta “erreferente” bilakatu nahi dutela Euskal Herrian.
“Iazko zapore ona errepikatu nahi dugu”, azaldu du alkateak. Izan ere, 2023ko Eguberrietan 20.000 lagunek bisitatu zuten Irun, eta izotz pistetatik eta txirristatik 12.000 pertsona baino gehiago pasa ziren. Pio XIIren karpatik, berriz, 600 lagun inguru pasa ziren.
Aurtengo kanpaina, abenduaren 4an hasiko da eta urtarrilaren 6an bukatu. Egitaraua ez dute argitaratu, baina aurreratu dute “nobedadeak” egongo direla. Hasteko, Eguberrietako argien piztea desberdina izango da eta hirian zehar argi gehiago jarriko dituzte ere.
Nobedadeez gain, urteroko jarduerak eta guneak ere egongo dira. Esaterako, Sarjia parkean Gabonetako herria egongo da, eta berritasun gisa, Eguberrietako zortzi figura eta 25 zuhaitz argiztatuko dituzte. Argiztapen dekorazioa ere jarriko dute eta aurtengoan San Migelen, Pio XIIn, Luis Marianon eta Iparralde hiribidean jarriko dituzte lau irudi argiztatu.
Eguberrietako etxolak
Abenduaren 13tik urtarrilaren 5era arte, Zabaltza plazan egongo da Eguberrietako azoka. Irungo saltokiek irailaren 9tik 27ra bitartean egin beharko dute etxola jartzeko eskaria, Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Merkataritzarako dohainik izango dela azaldu du udalak, eta aste batean, bitan edo hirutan parte har dezakete.