Elkarrekin Podemosek uztaileko osoko bilkuran eztabaidatzeko mozio bat aurkeztu zuen. Bertan, eskualdeko ospitaleko 5. unitatearen egoera salatzen zuen. Hain zuzen, mozioak ebakuntza gelen eta eskualdeko osasun beharrak eztabaidatzeko Erakunde arteko Mahai baten sorreraren inguruko informazioa eskatzen zuen; mahai horretan talde politikoak eta elkarteak egongo lirateke ordezkatuta.
“Mozioari buruzko erabakia mahai gainean uztea izan zen adostu zena, irailera begira uzteko. Ez da gure taldeak nahi zuena; ez dugu talde sozialisten jarrera ulertzen”, dio David Nuño Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak.
Eta gehitu dute udan zehar Osasun Bidasoa Plataformak dokumentu estrategiko bat egin duela Bidasoa Eskualdeko osasungintzarako: “Lan handia egin dute; pena izango litzateke politikakeriagatik ezerezean geratzea”, adierazi du Nuñok.
Ildo horretatik, talde politikoei eskualdeko osasunaren aldeko mozio bat aurrera ateratzeko deia egin die Nuñok, Osasun Bidasoa Plataformak landutako dokumentua kontuan hartzeko eta Erakunde arteko Mahai batean elkarrizketarako oinarri izateko.