Xabier Iridoy: "Santanok EAJ Udal Gobernutik Kaleratu du" Inprimatu
Administrator-k idatzia   
Osteguna, 2018(e)ko urtarrila(r)en 25-(e)an 10:57etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

 

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el miércoles día 24 de Enero de 2018.

XABIER IRIDOY: “SANTANOK EAJ UDAL GOBERNUTIK KALERATU DU”

Iridoyrekin batera, Irungo EAJren lehendakari Lander Ugartemendia eta Maria Lourdes Larraza, Jose Enrique Corchon, Josune Gomez eta Miren Ramonita Gezuraga zinegotziak izan dira.
Irungo EAJk agerraldia egin du gaur Irungo Batzokian. Atzo, Jose Antonio Santano alkateak Xabier Iridoy Hirigintza ordezkaria kargugabetu zuen, eta alkatearen erabakiaren aurrean, udal gobernuko EAJren zinegotzi guztiek babestuta, Iridoyk eta Irungo EAJko lehendakari Lander Ugartemendiak zenbait kontu argitu dituzte. Iridoyk “Santanok EAJ udal gobernutik kaleratu” duela salatu du. Beraz, hautsitzat eman daiteke PSE-EE eta EAJren ituna, oraindik argitzeko dagoen arren nola irudikatuko den haustura hori.
Lehena hitz egiten Ugartemendia izan da. Lehenik, Santanok Irun eta irundarren interesen gainetik bere “interes pertsonal eta elektorala” jarri duela salatu du. Iridoy kaleratuz, EAJ osoa udal gobernutik bota duela adierazi du, Irun eta irundarrei kalte eginez. Udal gobernuaren ezegonkortasuna alkateari egozten dio lehendakariak, Irunentzat “beharrezkoak” diren proiektuak kolokan jarri dituelako. Gainera, EAJren zinegotzi guztien zintzotasuna nabarmendu du, eta guztiek alderdiaren babesa dutela. Azkenik, udal gobernuan ala oposizioan egonda, Irun eta irundarren alde lanean jarraituko dutela azaldu du.
Ondoren, Xabier Iridoy berak hartu du hitza. Udal gobernua 2015ean osatu zenetik, hura osatzen zuten bi alderdien arteko harremana beti zaila izan dela adierazi du. Iazko uztailean Santanok hedabide bati egindako filtrazioak bi alderdien arteko harremanetan jauzi kualitatiboa izan zela gogoratu du. Ordutik, desadostasunak segidakoak izan direla onartu du, eta Korrokoitz ingurua berritzeko Iridoyk onartutako Plan Bereziaren harira alkateak adierazitakoa harremanak haustearen “detonatzailea” izan dela argitu du. Plan Berezia garatzeko akordioa berretsi nahi izan du beste behin, azken urteko lana egokia izan dela.
Tentsioa eragin duten proiektuez gain, alkateak EAJko zinegotziekin izandako harremana ere salatu nahi izan du. Hasieratik alkatearen eskutik lehentasunezko informaziorik ez dutela inoiz jaso salatu du, eta beste alderdiei jakinarazten zieten momentu berean jasotzen zutela informazio hori. Alkateak aurrera eraman duen lan eta harreman eredua “ez kolaboratzailea” izan da haren ustez. Iridoyk berretsi du Santanok “EAJ udal gobernutik kaleratu” eta gobernu paktua “hautsi eta EAJ kanporatu” duela.
Udal gobernuaren akordioa, datozen hauteskundeetarako urte luze geratzen denean, kolokan dago. Iridoyk udaleko zerbitzu juridikoekin elkartu behar direla jakinarazi du, haustura nola gauzatu aztertzeko. Datozen egunetan informazio gehiago emango du.