EH Bildu: "Udal gobernu hau ez da fidagarria" Imprimir
Escrito por Administrator   
Lunes, 11 de Febrero de 2019 12:52

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 8 de Febrero de 2019.

EH Bildu: "Udal gobernu hau ez da fidagarria"

Alkatearen ideiak ez diren horiek udal gobernuarenak balira bezala aurkeztu dituela salatu dute, "beste alderdiekiko gardentasun falta nabaria" erakutsiz.
EH Bilduko kide Joxe Cayetano eta Dani Berasategi.
Irungo EH Bildu taldeak udal gobernuak duen jokaera salatu du beste behin. “Udal gobernu hau ez da fidagarria, urteetan trikimailuak erabiltzeko joera nabarmena zuela argi utzi genuen”. Koalizio abertzalearekin batera hartutako akordioak “behin eta berriz bete gabe uztea” leporatu diote. Era berean, alkatearen ideiak ez diren horiek udal gobernuarenak balira bezala aurkeztu dituela salatu dute, “beste alderdiekiko gardentasun falta nabaria” erakutsiz.
Gobernuaren “azpijoko eta maltzurkerien adibide garbia” Ikust Alaia proiektua izan dela adierazi dute. Denborarik galdu gabe, eta beste alderdiei jakinarazi gabe aurkeztea kritikatu dute. “Ez gara gu izango Luis Marianoren sena eta garrantzia gutxietsiko dugunok, bere ibilbidea eta arrakasta ezaguna baita”. Irunek “bere seme kuttun” batekiko begirunea eta memoria izatea beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta oraindik udala zorretan dagoela. Proiektu honetan ere alkateari gezurretan aritzea leporatu diote, joan den irailean alkateak Ikust Alaia erabiltzeko oraindik proiekturik ez zegoela esan ostean, enpresa aspaldi lanean hasi zela jakin baitute EH Bildutik. Hala, alderdiekin adostutakoa izango zela esan arren, bere kabuz aurkezteak haserrea eragin du taldean.
EH Bilduk joan den agintaldian Ikust Alaia Irungo museo historikoaren kokapena izateko proposatu zuela gogoratu dute taldetik, eta bertan Luis Marianok bere espazioa izango zuela.
Trikimailu horien beste adibide bat Irungo Errekurtso Energetiko Berriztagarrien azterketa izan da EH Bilduko kideentzat. Proposamen hau ere koalizioaren eskutik iritsi zela gogoratu dute (2017ko aurrekontuetan egindako emendakin bati esker). Udal gobernuarekin elkarrizketak izan arren, “zoritxarrez eta gure harridurarako”, ez ziren inolako akordioetara iritsi. Hala, EHUko ikertzaileek “anbizio falta” leporatu dietela salatu dute taldetik, eta anbizio falta horren baitan egin dutela ikerketa.
EHUko ikertzaileek egindako diagnostiko hori taldeak egindakoarekin bat datorrela diote. 2012tik 2017ra, soilik aurrekontu guztiaren %12,7a inbertitu duela salatu dute, eta benetan energia berriztagarrien aldeko apustua egitea exijitu diote (plaka solarrak erabiltzeko joera bultzatuz, esaterako).
Amaitzeko, udal gobernuak ezberdinen artean ulertzeko ezgaitasuna duela nabarmendu dute, eta PSE taldeak Irun “kudeaketa paralisi egoeran” jarri duela. Gainera, aurrekontuak oraindik zintzilik daudela gogoratu dute