“Eraldaketa politikoa eta soziala erdiesteko erreminta” bezala egituratu da Irungo Sortu Imprimir
Escrito por Administrator   
Lunes, 11 de Marzo de 2013 13:19

Noticia publicada en el Diario digital Bidasoaldia.com, el lunes día 11 de Marzo de 2013.


“Eraldaketa politikoa eta soziala erdiesteko erreminta” bezala egituratu da Irungo Sortu

"Biharko Irun independentista, ezkertiar, euskaldun eta feminista" eraikitzeko helburuarekin egingo dute lan

150 bat lagunek parte hartu zuten atzo Sorturen aurkezpen ekitaldian
150 bat lagunek parte hartu zuten atzo Sorturen aurkezpen ekitaldian
Irungo Sorturen egitura berria aurkeztu zen atzo Ospitale Zaharrean. Herri Kontseilua osatzen duten kideak bertan izan ziren,  Xabier Aierbe, Aitor Kaltzakorta, German Setien, Iker Eizagirre, Josema Alberdi, Oihana Llorente, Martxel Telletxea, Izaskun Sorondo, Oinatz Mitxelena, Agustin Errazkin, Tomas Karrera, Iker Urtizberea, Juan Mari Arrozpide, eta Eli Aragon.
Martxel Telletxearen hitzetan, “herri honetan ezker abertzaleak azken hamarkada luzeetan izan duen kapital politiko eta humanoa bilduz, generazio ezberdinak batuz, arlo ezberdinetan borrokan dihardugun militanteak elkartuz, borrokara bildu den jende berriarekin batera sortu dugu Irungo Sortu, eztabaida prozesu luzearen ostean”. “ Ezker Abertzaleak “Zutik Euskal Herria” ebazpenean jasotako estrategia berrituaren ondorio organizatiboa izanik, aurrerantzean estrategia horren garapenerako tresna izango da Sortu, independentziaren eta sozialismoaren bidean eta Prozesu Demokratikoaren baitan, eraldaketa politikoa eta soziala erdiesteko erreminta dugu ezker abertzalearen egitura politiko berria”.
Ereduaren aldaketa
“Gure konpromisoa sendoa da: herri nahia errespetatuz eta errespetaraziz, Euskal Estatuaren egitasmoa bururaino eramatea. Askatasun osoa, horixe dugu helmuga bakarra, horretarako askapen nazionalari eraldaketa soziala elkarlotu behar zaiola jakinda. Guretzat helburu bera baita, gizon-emakume askeez osaturiko Herri askea lortzea”. “Nazio mailan aurrera eramango ditugun printzipio eta egin-moldeok beren isla izan behar dute Irunen ezinbestez. Gauden tokitik bertatik hasi behar dugu, egunez egun, biharko Irun independentista, ezkertiar, euskaldun eta feminista eraikitzen. Badugu nahikoa lan”, zioen Telletxeak.
“Herri honen ongizatea ez dago berez bermatuta. Udalaren kudeaketan hutsune handi eta larriak ikusten ditugu egunez egun. Eredu batek ekarri gaitu gaur egungo egoerara, eta agorturik dagoen eredu honen alternatiba bakar bezala lan egitera dator Sortu, Bilduren baitan. Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea demokratizatzera eta herritarrei zabaltzera gatoz. Aspektu sozio-ekonomikoan ere hodei ilunak eta errealitate lazgarria ditugu nagusi. Langabezi tasa %19,2koa da Irunen, azken datuen arabera. 5.545 irundar lanik gabe. Gipuzkoako tasarik altuena dugu. Egoera honek eragin are eta lazgarriagoak ditu berezko bazterketa soziala pairatzen dutenengan, etorkinak, emakumeak eta gazteak kasu”. “Bestalde, Euskararen egoerak ere biziki kezkatzen gaitu. Guztiek finean, baina belaunaldi berriek, batez ere, euskararen ezagutzan aurrera urratsak egin arren apenas dute espaziorik etxean eta kalean euskaraz ari eta bizitzeko. Lan asko dugu egiteko alor hauetan eta beste askotan, eta ardura hori hartzeko prest gaude”.