"Bizitza horrelakoa da, etenik gabeko guda bat" Inprimatu
Administrator-k idatzia   
Ostirala, 2018(e)ko abuztua(r)en 31-(e)an 11:17etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

 

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el jueves día 30 de Agosto de 2018.

«BIZITZA HORRELAKOA DA, ETENIK GABEKO GUDA BAT»

Jean Claude Kamerungo kazetaria.

Euren herrialdeetatik ateratzen direnetik bidai luze eta gogorrari egin diote aurre Lakaxitan dauden migranteek. Egoera zaila izan arren, gehienek itxaropenez ikusten dute etorkizuna

Gogorra. Hala definitu dute Lakaxita Gaztetxean ostaturatuak dauden migranteek pairatzen duten egoera. Joan den uztailetik ehunka pertsona pasatu dira bertatik, gizarte eragileek eskainitako laguntzari esker. HITZA bertan izan da, eta horietako birekin hitz egin du, euren herrialdeetatik Europarako ibilbideaz, bidean aurkitutako oztopoez, eta etorkizunari begira dituzten ametsez.
Jean Claude kamerundarra kazetaria da ofizioz, eta beste herrikide askok bezala, bere etxea utzi behar izan zuen. Orain dela hiru urte egin zuen alde bere herritik, eta ordutik, herrialdez herrialde bidaiatu du, soilik helburu bakarrarekin: Frantziara iristea. «Bidaia oso gogorra izan da, milaka oztopo aurkitu ditut bidean, baina beti diot bizitza horrelakoa dela, etenik gabeko guda bat». Kamerundik atera eta Nigeria, Saharako desertua eta Moroko zeharkatu ostean, patera batean iritsi zen Iberiar penintsulara.
Ibrahimen egoera oso antzekoa da. Ginea Konakrytik atera zen orain dela bi urte, eta hasieratik, bere nahia Espainiako Estatura iristea izan da. «DBHko ikaslea nintzen eta nire ikasketak bere horretan utzi behar izan nituen», dio. Europa iparraldera joaten diren gehienek bertan senide edota lagunen bat izaten dutela kontatu dute Sare Herritarreko kideek, baina Ibrahimek bidaia bere aldetik egitea erabaki du: «Ez dut ez seniderik ez lagunik hemen, bakarrik nago, hortaz, edozer egiteko burujabe izan nahi dut, aske. Nire historiari jarraipena eman nahi diot hemen».
Azken asteotan Frantziako Poliziak mugan kontrolak handitu ditu, eta hortaz, gero eta zailagoa dute Paris edota Lyonerako bidea hartzea. Jean Claude: «Bost egun daramatzat Irunen eta jada hiru aldiz saiatu naiz muga zeharkatzen. Ezinezkoa izan da».   Are gehiago. Sare Herritarrak eta zenbait sindikatuk salatu dutenez, Euskotreneko langileei migranteak ikusiz gero poliziari abisua pasatzeko agindua ematen ari dira, eta asko, Ficobako geltokian jaistera behartu dituztela kontatu dute, amorruz.
Egoera oso zaila izan arren, Irunen askok bigarren familia bat aurkitu dutela diote bi afrikarrek. «Oso ondo portatzen ari dira gurekin, janaria eta arropa ematen digute eta babes handia sumatu dugu», dio kamerundarrak. Hurrengo pausoa zein izango den zehazki ez jakin arren, biek, eta talde guztiak, itxaropena dute etorkizunak irribarre egingo diela.
+ Irakurri ‘Etorkizun oparo baten bila’ erreportajea