Zazpi hitzaldi eta tailer Eskola Feministaren lehen programan Inprimatu
Administrator-k idatzia   
Larunbata, 2024(e)ko martxoa(r)en 16-(e)an 00:29etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el viernes día 15 de Marzo de 2024.

Zazpi hitzaldi eta tailer Eskola Feministaren lehen programan

Emakumeen Etxea modu bateratuan kudeatzeko udalak eta Emakumeen Etxearen Elkarteak sinatutako lankidetza hitzarmenaren fruitua da egitaraua. Izen-emateak hilaren 21etik apirilaren 19ra bitartean egin behar dira.

Emakumeen hilabetearen esparruan, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariak eta Maribel Castello Irungo Emakumeen Etxea Elkartearen ordezkariak Eskola Feministaren lehen programa aurkeztu zuten atzo Emakumeen Etxean.

Orotara, doako zazpi hitzaldi eta tailerrez osatutako programazioa eraiki dute, eta Emakumeen Etxea modu bateratuan kudeatzeko udalak eta Emakumeen Etxearen Elkarteak sinatutako lankidetza hitzarmenaren fruitua da egitarau hori. Eskola Feministaren jarduerak hilaren 19an hasiko dira, Berdintasun Legeari buruzko hitzaldi batekin. Oihana Puente Cortesek eskainiko du hitzaldia, Emakumeen Etxean, 18:30etik 20:00etara. Jarduerak urrira arte luzatuko dira.

Eskola Feministaren helburua da emakumeen ahalduntzea sustatzea, eta jarduera gehienak Emakumeen Etxean gauzatuko dira. Izen-emateak hilaren 21etik apirilaren 19ra bitartean egin behar dira, eta bi modutara egin daitezke: aurrez aurre edo udalaren webgunearen bidez. Aurrez aurreko hautua egiten dutenek Emakumeen Etxera jo beharko dute, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Proposamenak

Berdintasun Legeari buruzko hitzaldia

  • Eguna: Martxoak 19.
  • Ordua: 18:30-20:00.
  • Lekua: Emakumeen Etxea.
  • Hizlaria: Oihana Puente Cortes.
  • Plazak: Toki guztiak bete arte.
  • Azalpena: Genero indarkeriaren alorrean emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako Legeak dakartzan azken berritasunak ezagutaraziko dira.

Eskuak argitara, tresnak maneiatzeko tailerra

  • Egunak: Maiatzak 8, 15, 22 eta 29.
  • Ordua: 17:00-19:30.
  • Lekua: Bidasoa LHII.
  • Hizlaria: Bidasoa LHII.
  • Plazak: 10 toki.
  • Azalpena: Konponketa txikiak konfiantzaz eta segurtasunez egiteko ezagutzak eta tresnak eskuratuko dituzte emakumeek.

Zure istorioan barrena: zure arte liburua sortuz hitzaldia

  • Egunak: Maiatzak 13, 14, 15 eta 16.
  • Ordua: 16:00-18:00.
  • Lekua: Emakumeen Etxea.
  • Hizlaria: Paulina Marquez.
  • Plazak: 15 toki.
  • Azalpena: Emakume migratzaile eta arrazializatuei zuzendutako tailerrak aukera emango die beren istorio pertsonala modu artistikoan eta sormenez kontatzeko, liburu baten bidez.

Txirigota feministak tailerra

  • Egunak: Irailak 6, 13, 20 eta 27 eta urriak 4.
  • Ordua: 17:00-20:00.
  • Lekua: Emakumeen Etxea.
  • Hizlaria: Katerina Sergidou.
  • Plazak: 15 toki.
  • Azalpena: Cadizeko txirigotetan inspiratuta, tailerrean inauteri giroko testu propioa osatzen irakatsiko da, modu kolektibo-interaktiboan, euskal tradizioan inspiratuta.

Bertsolaritza feminista tailerra

  • Egunak: Martxoak 4, 11, 18 eta 25, eta apirilak 2, 9, 16 eta 23.
  • Ordua: 16:00-18:00.
  • Lekua: Emakumeen Etxea.
  • Hizlaria: Maddi Sanz.
  • Plazak: 10 toki.
  • Azalpena: Emakumeek bertsolaritzaren eduki eta dinamika propioak sortzen eta aplikatzen ikasiko dute, eta eremu horretako emakume erreferenteak ezagutuko dituzte.

Euskal Herriko jaietako aldaketa sozial eta kulturalaren inguruko elkarrizketak hitzaldia

  • Egunak: Maiatzak 31 eta irailak 25.
  • Ordua: 18:00-20:00.
  • Lekua: Emakumeen Etxea.
  • Hizlariak: Maggie Bullen eta Mertxe Tranche.
  • Plazak: Toki guztiak bete arte.

Munduko emakumeen topaketa gastronomikoa

  • Egunak: Ekaineko lehen hamabostaldian.
  • Ordua: Zehazteke.
  • Lekua: Emakumeen Etxearen kanpoaldean.
  • Azalpena: Askotariko jatorria duten emakumeek beren herrialdeetako plater tipikoak prestatuko dituzte hiriko emakume guztiei irekitako topaketa batean. Jarduera folklorikoak ere antolatuko dira.

Haurtzaindegi zerbitzua

Berdintasun arloak jakinarazi zuen, Eskuak argitara tailerrean izan ezik, gainontzeko jardueretan haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dela, gurasoek proposamenez goza dezaten.

Zinema Feministaren Zikloa

Halaber, Emakumeen Etxearen Elkarteak adierazi zuen abian dela Zinema Feministaren Zikloa, hilaren 24ra arte luzatuko dena. Hilaren 17an, Arnasa Betean filma proiektatuko da Amaia KZn, 19:00etan. Hilaren 24an, aldiz, Cinco Lobitos filma botako dute Amaia KZn, saio bikoitzarekin: 17:00etan eta 19:30ean. Sarrerak doakoak dira, aretoko edukiera bete arte.