Irungo auzoetako egoera eta behar sozialak ikertu dituzte Inprimatu
Administrator-k idatzia   
Ostirala, 2024(e)ko otsaila(r)en 09-(e)an 23:06etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza ,el viernes día 9 de Febrero de 2024.

Irungo auzoetako egoera eta behar sozialak ikertu dituzte

Balorazio orokorra 6,2 puntukoa izan da. Udalak, identifikatutako beharren gainean lan egin nahi du orain.

Irungo auzoen azterlan soziologikoa egin du IKEI ikerketa eta aholkularitza enpresak udalaren eskariz. Inkestaren helburua Irungo herritarrek zer pentsatzen duten auzoetako errealitateari eta behar sozialei buruz eta hiriak aurrean dituen erronkei buruz jakitea izan da. Behin metodologiaren fase hau igarota, hautemandako behar sozialei erantzuten ahaleginduko da udala.

Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkariak eman du datuen berri eta inkestaren arabera, “ongizate maila altua” adierazi dute herritarrek bizilekuari dagokionean. Balorazio orokorra “positiboa” dela diote 6,2 puntukoa, hain zuzen ere.Bizitokien gainean galdetuta 6,4 puntuko balorazioa jaso dute.”Egoera hori, udalak hiriaren gizarte eta lurralde kohesioa hobetzeko egindako lanaren emaitza da”. Halaber, hobetzeko esparruak badaudela onartu du Alzagak.

Azterlanaren xehetasunetara jota, auzoetako bizitzari buruzko informazio eguneratua bildu dute eta hobetzeko alderdiak identifikatu, bizi kalitatea eta ongizate maila definitzeko elementuak neurgailu gisa. Esaterako, gizarte kohesioa, zerbitzu eta ekipamenduen presentzia, hirigintzaren eta ingurumenaren kalitatea, bizikidetza eta segurtasuna.

Bi hilabete iraun ditu inkestaren faseak, 2022ko azarotik 2023ko maiatzera bitartean. Hiriko hamazazpi eremuetako1.820 lagunek erantzun zioten galdetegiari.

Ondorioak

Iruni balorazio altuena 65 urtetik gorakoek eman diote. Auzoei dagokienean, auzotarren balorazio hoberena jaso dute Dunboak, Meaka-Ibarlak, Arbesek, Alde Zaharrak, Santiago-Beraunek eta Urdanibia Berrik. Orokorrean, %60k balorazio ona eman dio beren auzoari bizileku moduan baloratzerakoan.

Balorazio onena lortzen duten zerbitzu eta ekipamenduak haurrentzako jolas parkeak eta ostalaritzako eskaintzak izan dira; okerrena, berriz, bankuek eta kutxazainek jaso dute. Kale garbiketak 6,4 puntuko nota jaso du 10etik.

Ingurumenaren kalitatea neurtu dute eta baloraziorik honena Meaka-Ibarlan, Urdanibia Berrin eta Dunboan egin dute.Inkestatutako herritar gehienak airearen kalitatea “ona” dela iritzi du eta zaborra biltzeko puntuek gogobetetze maila ona lortu dute 6,8 puntuko notarekin.

Garraio publikoko lineek eta ordutegiek 6,5 eta 6,4 puntuko batez besteko nota dute 10etik. Trafikoari eta TAO sistemari egin diote balorazio okerrena. Ez dute zenbakirik eman.

Arazo ekonomikoez galdetuta herritarren %8k erantzun du arazo ekonomikoak dituela. Bestalde, herritarren %41 arduratuta dago bizikidetza eta segurtasun faltagatik.