Mugikortasun planari alegazioak aurkeztu dizkio EH Bilduk Imprimir
Escrito por Administrator   
Viernes, 01 de Marzo de 2024 23:14

Noticia publicada en Bidasoko Hitza ,el viernes día 1 de Marzo de 2024.

Mugikortasun planari alegazioak aurkeztu dizkio EH Bilduk

Isuri Gutxiko Eremuen ezartzea "progresiboki eta faseka" egin behar dela diote. Planak, oro har, "gabezia handiak" dituela salatu dute.

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) ondu du udalak, eta orain, Palmera Monteron dago ikusgai. Oraindik, baina, ez dute plana onartu eta EH Bilduk iragarri du alegazioen dokumentua erregistratu duela, udalaren dokumentuak “gabezia handiak” dituela aztertu ondoren.

Epe laburrean autoak ezingo direla Isuri Gutxiko Eremura (IGE) sartu azaldu dute, eta erabaki horrek “hiri osoan aldaketa sakonak” egitera behartzen dituztela gaineratu. Koalizio abertzaleak egindako proposamenak, trantsizioa “ahalik eta modu planeatuenean egiteko helburuarekin” jorratu dituzte.

Hiria trantsizio horretarako prestatu behar dela iritzi du EH Bilduk, “azpiegitura desberdinak” martxan jarriz. Bide horretan, udal gobernuak aurkeztutako HMJPn ez dutela etorkizun hurbil horri aurre egiteko proposamenik jaso deitoratu dute. “EH Bildutik IGEk progresiboki eta faseka ezartzeko proposamena egiten dugu”.

Progresio hori gauzatzeko “ezarpen plan bat” diseinatu behar dela aldarrikatu dute, hirian zehar murriztuko diren aparkalekuen zenbaketa eginez eta eremu bakoitzaren sarreretan disuasio aparkalekuak sortuz.

IGE izango diren eremu horien diseinuak “biribilgune forma” izan behar dutelakoan dira subiranistak, “eremuan sartu ezin diren autoen pilaketak ekidite aldera”. Aurreikuspen hau, baina, ez dagoela 2027ra begira landutako HMJPean salatu dute.

IGEren gaineko ekarpenez gain, beste bost ildo orokorri buruzko proposamenak jaso dituzte alegazioetan, eta datozen asteetan emango dituzte ildo horien gainean landutako proposamenen xehetasunak.

Honako hauek dira ildoak: Oinezkoak; bidegorriak eta bizikletaren erabilera; garraio publikoa: alokairuzko bizikleta publikoen zerbitzua, autobusa, Euskotren eta Renfe; garraio pribatua; eta aparkalekuak.