18.500dik gora lagun pasa dira Irungo izotz pistatik Imprimir
Escrito por Administrator   
Martes, 13 de Enero de 2015 10:52

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa, el martes día 13 de Enero de 2015

18.500dik gora lagun pasa dira Irungo

izotz pistatik

Gabonetako kanpaina “oso arrakastatsutzat” jo dute Udalak eta merkatariek
XABIER SAGARZAZU - Martes, 13 de Enero de 2015 - Actualizado a las 06:09h
IRUN - Abenduaren 5etik urtarrilaren 11ra Irungo Zabaltza plazan instalatuta egon den izotz patinajerako pistatik “18.500dik gora lagun” pasa direla esan dute atzo, Gabonetako kanpainaren balorazioa egiteko orduan, Irungo Udalak eta pista horren eta bestelako kultur eta aisialdi ekintza ugariren bultzatzaile izan diren merkatariek.
Antolatzaileek “izotz pista Gabonetako kanpainaren protagonista nagusienetakoa” izan dela esan dute ohar batean, eta honen adibide izan direla “Zabaltza plazan patinatzera etorri diren 18.500 lagun baino gehiago, bai irundarrak, bai gertuko hiri eta herrietakoak eta baita frantses ugari edo besteak beste Bilbotik ere etorri izan diren pertsonak”.
EKINTZEN ARDATZ Antolatzaileek esan dute izotz pista “Irunera publikoa erakartzeko eta beste zenbait ekintza aurrera eramateko ardatz” izan dela Gabonetan. “Etorri direnetako askok, patinatzeko deskontuak aprobetxatu” ahal izan dituztela eta “ izotz pistaren inguruan egin diren bestelako ekimenetan, Lagun ikustezinarenean edo selfien lehiaketan, adibidez, parte hartu” dutela azpimarratu dute Udalak eta merkatariek.
Irungo eta inguruko jendeaz gain, “frantses ugari eta Bilboko jendea ere, besteak beste” etorri dira Gabonetan patinatzera
Gainera, izotz pista bultzatzeko ekimenean parte hartu duten 200dik gora denda eta establezimenduetan “patinatzera joateko 5.450 bonu banatu dira eta pistan egon direnen artean, 20.000 deskontu-txartel banatu dira Ficobako Gabonetako Haurren Parkera zein Oiasso museoan antolatu diren ekimenetara joan ahal izateko”.
Izotz pistaz gain, Gabonetan aisialdia eta erosketetarako giroa bultza-tzeko, beste zenbait ekitaldi burutu dira aurten Irunen, hala nola, merkatariek beraiek Zabaltza eta Luis Marianoko inguruetan jarritako salmenta etxolak, zenbait abesbatzek hiriko auzoetan egin dituzten emanaldiak edo hiriko dantza eskoletako 300 kidek egin zuten flashmoba.
Gainera, Udalak atzo emandako datuen arabera, “250 pertsonak parte hartu dute Gabonetan Oiasso museoko ekimenetan eta Irun Factoryko film animazio tailerretarako 40 plazak bete ziren”.
OSO POZIK Ekimenak bultzatu dituzten merkatarien aldetik, Papperino izozki dendako Yon Gallardok esan du Gabonetako kanpaina hau “oso arrakastatsua eta positiboa” izan dela. “Izotz pistak oso onarpen haundia izan du, oso pozik eta gustura egon da jendea. Guraso eta txikiak ikusi ditugu han, ondo pasa-tzen eta jendea ugari kaleetan”, esan du merkatari honek.
Jose Antonio Santano alkateak ere, Udalak bidalitako oharrean, “beraien aldetik asko, horrenbeste jarri duten” merkatariei eskerrak eman dizkie, “Gabonetan Irun denen ahotan egotea” lortu dutelako. Azken asteetan egindako kanpaina eta honek izan duen erantzun ona “merkataritzaren eta merkatarien garaipena eta hiriarentzako arrakasta bat, elkarlanaren eta denek batera norabide berdinean arraun egitearen ondorioa” izan direla esan du Irungo alkateak.