Gabarrariak eta Bidasoko historia |
Administrator-k idatzia |
Asteazkena, 2016(e)ko martxoa(r)en 23-(e)an 12:48etan |
Euskaratzeko lanean ari gara. Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el martes día 22 de Marzo de 2016. Gabarrariak eta Bidasoko historia
Apirilaren 17ra arte, Irungo Amaia kultur zentroan ikusgai dago duela ez horrrenbestera arte hiriko eta badiako bizitzaren zati izan zen ogibideari buruzko erakusketa, Jose Luis Zabalaren ‘Hondoxka’ dokumentala oinarri duena.
XABIER SAGARZAZUREN ERREPORTAJEA - 2016(e)ko martxoaren 22a, asteartea - 06:11etan eguneratua
Bisitariak, gabarrarien testigantzen bideoa ikusten, Amaian.
Duela hilabete eskas bete dira 250 urte Irunek bere herri izate propioa lortu eta Hondarribiarengandik banatzea lortu zuenetik. Mendeetako borroka izan zen hura eta irundar eta hondarribiar agintarien arteko leiha hartan, besteak beste, Bidasoa ibaiaren eta honetan gora eta behera eramaten ziren produktu eta pertsonen garraioarekiko kontrola egon izan zen jokoan. Ibaia zen garraiobide nagusia, bai gizaki, bai animalia zein era guztietako gauzentzat. Gabarrak ziren horretarako tresna eta hauen gidaritza zutenak, gabarrariak.
Baina ez dira ez 250 urte pasa, ezta gutxiago ere, gabarrek eta gabarrariek ibaia utzi zutenetik. Azkeneko gabarrak 1980.eko hamarkadan erabili izan ziren eta hauen desagertzearekin, gabarrarien ogibidea ere desagertu zen.
Duela ia bi hamarkada, José Luis Zabala (1950-2013) irundarrak, azken gabarrari haien eta Bidasoa ibaiko bizitza eta bizimodu berezi haren testigantza jasotzeko, Hondoxka izenburuko dokumentala izango zenaren filmaketa hasi zuen. Orain, lan hura eta bera osatzen duten argazki, objektu eta elkarrizketekin, ikusgai dago Irungo Amaia kultur zentroan Bidasoko Gabarrariak izenburuko erakusketa.
Erakusketa hau Jose Luis Zabala zenaren semeak, Unai Zabalak, Irungo Udaleko Kultura arloarekin batera osatu eta prestatu du.
HUNKIGARRIA “Pozgarria eta hunkigarria da, aldi berean, aitak bere garaian Hondoxka dokumentalarekin egin zuen lana osatu, ondo jantzi eta Irunek 250 urte betetzen dituen honetan, jendaurrean erakutsi ahal izatea, bai argazki eta objektuekin, bai dokumentaletik kanpo geratu ziren gabarriei egindako elkarrizketa zatiak ikusgai jartzeko aukerarekin”, esaten zuen Unai Zabalak erakusketa hau zabaldu zen egunean.
Unai Zabalak, udal agintariekin batera, bizirik dirauten azken gabarri haietako bat izan zuen lagun Bidasoko Gabarrariak erakusketa honen irekieran. Bera Nikolas Olasagasti da, 80 urteko hondarribiarra.
Olasagastik gogora ekarri zuen nola “Jose Luis Zabalak sekulako grina” jarri zion beraien ogibidea izan zenaren testigantza jasotzeari eta “pozik” agertu zen “lan guzti hura orain erakusketa honetan ikusteaz”.
Gabarrari honek “1948tik 1974ra” egin zuen lana “Bidasoan gora eta behera denetarik garraiatzen, hezetasuna eta hotzari aurre egiten eta beste lankide guztiek bezala, bizimodu bat irabazten, oso gogorra” zen ogibide hartan.
Garai haietan, gainera, “Guardia Zibilarengandik ezkutatu” beharrean ibiltzen ziren gabarrariak, kontrabandoa dela eta. “Gaulanagatik ez balitz, hura ez zitekeen bizimodua izango. Guardiek hondarra ere mihatzen zuten, burdinezko hagaxkekin, kontrabandoko gaien bila. Gaurko politikarien gehiegikeriak baino zigortuagoa zegoen kontrabandoa!” esaten du Nikolas Olasagastik.
Hondarribiko Zumarditik Behobiraino hainbeste bidaia egindako gabarrari honek ere gogora ekartzen du nola “enbata zegoenean, gabarra berehala deskargatu beharra” zegoen, hondoratzeko arriskua zela eta.
JARRAIPENA Unai Zabala “oso pozik” dago Amaian ikusgai dagoen erakusketa honen emaitzarekin, “aitak egindako lana osatu eta ezagutzera emateko aukera” delako, eta “nolabaiteko jarraipena” izango duenaren esperantza badauka.
Bere ilusioa eta familia osoarena Hondoxka dokumentala DVDan editatu eta salgai jartzea litzateke, gabarrarien ofizioaren ezagutza eta memoria mantentzeko. Noizbait aukera hori izatea” espero du Unai Zabalak.
|