21 mayo 201611:18
Berde argiz jantzi dute aurten Betti Gotti Euskara Taldeko kideek Irungo jaietako Herri Bazkaria. Iaz bezala, Ficobako hiru pabiloiak hartuko ditu. 1.800 pertsona bazkalduko dute horietako bitan eta hirugarrena ondorengo festa ospa-tzeko erabiliko da, mahaikideekin eta hara hurbilduko diren beste hainbat irundarrekin.
DATA GARRANTZITSUAK
Ekainaren 3 eta 4a. Tiket salmenta EKT elkartean; 3an (ostirala), 18:30etik 20:30era eta 4an (larunbata), 11:30etik 13:00etara.
Ekainaren 18a. Koadrila Olinpiaden sailkapen jardunaldia, 17:00etatik aurrera San Juan plazan. Ondoren, batukada alde Zaharretik.
Ekainaren 25a. Goizeko 11:00etatik aurrera, Olinpiaden finala Urdanibia plazan. 12:00etan txarangak. Hauen laguntzaz, 13:15ean Ficobaruntz kalejira. 14:15etik aurrera, bazkaria eta ondoren Hai-tzama taldearen kon-tzertua eta DJa. 20:30ean, buelta Burrunba Elektrotxarangarekin.
Berritasunekin ere aurkeztu zen atzo zortzigarren edizio hau Ainhoa Ruano eta Nerea García Betti Gottiko kideek azaldu zutenaren arabera. «Kamiseta lehiaketari buelta bat eman nahi izan diogu eta aurten, koadrilek, hiru aukera izango dituzte diseinuak gauzatzeko: kamiseta, bandera edo pankarta». Azken bi aukeretan, koadrila bakoitzeko bakar bat egitearekin aski da, partehar-tzea merkeagotzeko ahaleginean. Orijinaltasuna eta euskarazko esaldiren bat egotea baloratuko da, ohi bezala.
Giro ona eta errespetua
Hamabi irundar gaztek osatzen dute herri bazkari honen antolakuntza taldea, nahiz eta egunean bertan «30 bolondres inguru hartzen duten parte». Beste hiritarrek ondo pasatzeko aukera eskaintzen dute eta hori dela eta begirunea eta adeitasuna eskatu zieten partehartzailei. Horretan sakondu zuen Kultura Arloko ordezkari Juncal Eizaguirrek. «Parte-hartzaile bezala (kamiseta lehiaketan irabazle ere!) eta bolondres moduan egon izan naiz Herri Bazkarian. 3.000 pertsona inguru biltzen dira ondorengo jaian eta bizi den gero eta giro hobeagoa nabarmentzekoa da eta antolatzaileei eskertzekoa».
Betti Gotti, bueltako kalejiran laguntzeko batez ere, bolondres bila dabil. Burrunba irundar elektrotxarangarekin egingo da bidea eta «aurtengo kontzertua 23:30ean hasiko denez, bere musikaz gozatzeko denbora luzeagoa izango dugu».
Ekainaren 3an eta 4an salduko dira sarrerak 18 eurotan, «bazkaria eta ondorengo jaia ordaintzeko da diru hori eta euro bat errefuxiatuentzat izango da». Horrez gain, «sorpresa bat ere egongo da, aurreratu nahi ez duguna». 18 urte beherakoek «hobe dute tiketa ez erostea, bazkarirako sarreran karnetak eskatuko baitira eta ezin izango dira sartu».
Betti Gotti Herri Bazkaria Irungo erdialdera ekartzeko gurarekin dagoela aitortu du. «Datorren urtera begira ideiak lotzen gabiltza ea non egin dezakegun» hainbeste lagunentzako otordua.
Berde argian blai. Eizaguirre, Ruano eta García tiket salmenta hartuko duen Larretxipi kaleko EKT elkartean.
/ F. DE LA HERA