Urgaindik Irunera, euskararen bidetik Imprimir
Escrito por Administrator   
Martes, 12 de Julio de 2016 11:11

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el lunes día 11 de Julio de 2016.

LITERATURA

Urgaindik Irunera, euskararen bidetik

 

Euskarazko lehenengo polizia-nobela idazteaz gain, kulturari eta hizkuntzari ekarpen zabala egin zien Jose Antonio Loidik
DABI PIEDRA - 2016(e)ko uztailaren 11a, astelehena - 12:18etan eguneratua
Jose Antonio Loidi.
Jose Antonio Loidi.

Urte ilunetatik pixkanaka esnatzen ari zen euskal literatura 1950eko hamarkadan: Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuen, Jon Mirandek Haur besoetakoa… Gerraren ondorengo isiladia hautsi ez ezik, joera berriak ekarri zituzten euskal mundura. Jose Antonio Loidik ere jarri zuen bere aletxoa, 1955ean Hamabost egun Urgainen plazaratu zuenean, hau da, euskarazko lehenengo polizia-nobela. Aurten ehun urte dira Loidi jaio zela eta komeni da jakitea, ospea bere eleberri bakarrak eman zion arren, kulturgintzan ekintzaile eta euskarazko zientzian aitzindari izan zela.

Errenterian jaio zen Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, 1916ko abuztuaren 22an, baina bere ekarpen handiena Irunekin lotua da, hura izan baitzuen bizileku hamarkada askoan. Farmazia, optika eta akustika ikasketak egin zituen eta arlo horretan aurkitu zuen ogibidea. 1999ko uztailaren 9an hil zen, gaurko egunez, Irunen.

Loidi gazteak 30 urteen bueltan ekin zion euskara gogoz lantzeari. “Lotsatzen hasi nintzen, euskaraz hitz egin bai, baina irakurtzen, eta are gutxiago idazten, ez nekielako”, kontatuko zuen gerora, Miel Anjel Elustondo kazetari eta idazleak jaso duenez. Loidiren ekarpena ikertu du Elustondok eta, nabarmendu duenez, autodidakta izan zen. Azkueren, Altuberen, Zabalaren eta Lopez Mendizabalen lanak irakurrita alfabetatu zen. Idazten ikasten lagunduko ziolakoan, atzerriko polizia-nobela ospetsu bat euskaratzeko asmoari ekin zion. 

Aitzitik, hasierako helburuarekin etsi eta euskal literaturaren historian eragin sakona izan zuen erabakia hartu zuen: itzulpenaren zailtasunak ezin gaindituta, eleberri bat idaztea ideia eskuragarriagoa iruditu zitzaion, nonbait. 1954ko Euskaltzaindiaren lehiaketan aipamen berezia egin zioten nobelari eta hurrengo urtean kaleratu zuen Zarauzko Itxaropena inprimategiak, Hamabost egun Urgainen izenburuarekin. Jatorrizko grafian, Amabost egun Urgain’en. Izan ere, euskara baturik ez zen artean. “Garai hartan Tolosa inguruko euskara zela politena esaten zen, eta hango formak erabiltzera jo zuen”, azaldu du Elustondok. Goizuetakoa zuen ama eta bertako hizkeratik ere asko omen dago liburuan. Zazpigarren argitaraldian euskara batura moldatu zuten, besteak beste hatxeak jarrita eta forma batzuk gaurkotuta.

Euskarazko lehen polizia-nobela izatetik harago doa Hamabost egun Urgainen-en ekarpena, Elustondoren arabera: “Nik uste dut azpimarra-tzekoa dela izan zuen harrera, 1961ean katalanera itzuli baitzuten eta gerora ingelesera ere bai”. Euskaldunek gogoz irakurri zuten eleberria eta hamalau argitaralditik gora izan ditu dagoeneko. “Berrogeita hamar urte baino gehiago iraun du, zenbat liburuk irauten dute hori?”, dio Elustondok. 

ZIENTZIA EUSKARAZ
Euskaltzaindiak eta Irungo Udalak omenaldia egin zioten Jose Antonio Loidiri ekainaren 17an, hizkuntzaren eta kulturaren aldeko ahalegina aitor-tzeko. “Guretzat, euskarazko lehenengo polizia-nobela idatzi zuelako da ezagun baina, berez, horixe du lanik txikiena”, dio Elustondok. Botikaria zenez gero, alor horretan ekarpen ugari egin zituen: Farmakofitonimia izeneko ikerlana idatzi zuen euskaraz 1982an eta UZEIren biologia hiztegia sortzen lagundu zuen. Erdaraz ere, hainbat azterlan egin zituen, Bidasoa inguruko ur-horniduraren gainekoak, esaterako. Euskaltzain urgazle (1998tik ohorezko), Eusko Ikaskuntza berpizten laguntzaile eta Luis de Uranzu Kultura Taldeko sortzaile izan zen. “Hamaika lan egin zituen, Irun gogoan beti”, dio Elustondok.

Hamabost egun Urgainen argitaratu eta gero, Loidik alde batera utzi zuen fikziozko literatura, baina saiakera mamitsuak idatzi zituen. Euskal jaien inguruko liburua plazaratu zuen 1983an eta, Irun bere aurrerabidean lanagatik Irun Hiria saria eman zioten. Artikuluak ida-tzi zituen, euskaraz nahiz erdaraz, besteak beste Egan, Zeruko Argia, Jakin, La Voz de España eta El Bidasoa aldizkarietan eta argitalpen zientifikoetan.

Euskaltzaletasuna inoiz ez zitzaion itzali. Gerra Zibilaren ondoren Irunen egindako aurreneko Euskal Jaia antolatu zuen eta bertako ikastolaren hastapenetan lagundu. Osasungintzan euskarazko jarduna sustatuta, jakintza zientifikoaren atea zabaldu zion garai hartan hain gutxietsia zegoen euskarari. Azken finean, Hamabost egun Urgainen idaztea erabaki zuenetik, Jose Antonio Loidik euskararentzat bide berriak aurkitzea izan zuen zeregin, hurrengo belaunaldietako hiztunen mesedetan