3 diciembre 201600:56
150 neska eta mutilek parte hartu zuten atzo Irungo Mintzodromoan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aurtengoa edizio berezia izan da, Irungo gazteei zuzenduta: ekimenean Hirubide, Irungo La Salle eta San Vicente de Paul DBH 4. mailako ikasleek parte hartu zuten. Mendibil merkataritza guneko kafetegietan burutu zen Mintzodromoa.
Beste ikasle talde batek koordinatu zuen ekimena, kasu honetan, Mondragon Unibertsitatekoa. «Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza karrera egiten ari gara. Gradua oso praktikoa da eta, hasieratik, 15 pertsonako taldeetan banatzen gaituzte, bakoitzak bere enpresa sor-tzen du eta proiektu ezberdinak bideratzen ditugu», azaldu zuen Maite Irulegik, MUko ikasleak. Atzo ospatu zen Mintzodromo Gaztea proiektu hauetako bat izan da, «Irunen euskara bultzatzeko» xedearekin eta Udalarekin batera antolatuta.
Atzoko Mintzodromoak, izan ere, euskara sustatuz gain beste helburu bat betetzeko balio izan zuen: parte hartu zuten 150 gaztetxoek lauko taldeak osatu zituzten eta solasaldiak burutu zituzten hiru txandatan, aldi bakoitzean partaideak aldatuz. Aisia izan zen jorratu zuten gaia eta ekimena «aukera bat da Udalak bere biztanleek herrian zer egin nahi duten jakiteko», Maite Irulegik zehaztu zuen bezala. Gazteek solasaldietan adierazi zituzten ekarpen eta iri-tziak jaso zituzten «eta konklusio guztiekin dokumentu bat prestatuko dugu udaletxera eramateko».
MUko ikasleak azaldu zuenez, «aisiaren inguruan planteatu dena da 'Udalak milioi bat euro ematen badizkizu, zer egingo zenuke Irunen?'». Eztabaidagai hau abiapuntutzat hartuta, Mintzodromoko txanda bakoitzean galdera bat eran-tzun behar izan zuten gazteek: lehenengoan, astean zehar zer egiten duten eta zer gustatuko litzaiekeen egitea; bigarrenean, galdera berdina baina asteburuetan eta, hirugarrenean, oporrei begira.
«Herriko parte sentitzen dira»
Mondragon Unibertsitateko ikasleak Mendibil kafetegietako mahaietan zehar ibili ziren dinamizatzaile lanak betetzen eta gaztetxoei animatzen beraien iritziak partekatzera. «16 urte inguru dituzte eta hasieran pixka bat lotsatutak egon dira, baina denbora pasa den heinean animatu eta konklusioak atera dituzte», baieztatu zuen Maite Irulegik. Ekimen honi esker gazteak «herriko parte sentitzen dira, Udalak en-tzun eta beraien iritziak kontuan hartzen dituela sentitu dute».