Noticia publicada en Diario Vasco sección Bidasoa, el domingo día 12 de Marzo de 2017.
12 marzo 201700:46
Taldeak osatuz gai dezberdinetaz hitz egiteko, Irungo 400 gazteek hasiera eman zioten ostiralean Euskararen hilabeteari. Ficoban ospatu zen Mintzodromoa Euskara Udal arloak antolatutako programaren lehenengo ekitaldia izan zen. Datozen asteetan beste zenbait ekimen burutuko dira, Irungo ikasleei zuzendutak. Josune Gomez Euskara ordezkariak eta Arantza Zulet hizkuntza normalizazioko teknikariak programaren xehetasunak azaldu zituzten Ficoban.
«Pozgarria izan da guretzat burutu dugun Mintzodromoa, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleekin. Ikastetxe askok parte hartu dute eta, azken finean, gure helburua hori da: eskaintza bat egitea hiritarreei eta hauek erantzutea», baieztatu zuen Josune Gomezek. Kontutan hartuta martxoaren 8an, joan den asteazkenean, Emakumearen Nazioarteko Eguna izan zela, gazteek berdintasunarekin erlazionatutako gaiak jorratu zituzten.
Arantza Zuletek azaldu zuenez, hilabete honetarako prestatutako programarekin «Euskararen aldeko jarrera positiboa sustatu nahi dugu ikasleen artean. Horretarako hainbat ekintza antolatzen ditugu».
Datozen bi asteetan, «antzerkien txanda izango da». Hiru saio ezberdin eskainiko dira hilaren 15, 16 eta 17an: Haur Hezkuntzako ikasleek 'Baserrian amets' 50 minututako antzezlana ikusi ahal izango dute Amaia Kultur Zentroan. Ikuskizun honekin elikagaien jatorria erakutsi nahi zaie haurrei, garaiko eta bertako produktuak jan egin behar direla irakatsiz.
Hilaren 21 eta 22an LHko 3. eta 4. mailako txanda izango da antzerkiaz gozatzeko: «'Wangari, zuhaitz neska' lana ikusiko dute, Karlik Danza Teatro konpainiak eskainita». Wangari 2004an Nobel saria irabazi zuen lehenengo emakume afrikarra izan zen. Arantza Zuletek azaldu zuenez, «sekulako lana egin zuen emakume, lurra eta haurren eskubideen alde».
Azkenik, hilaren 23an, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek Txaloren azkeneko produkzioa ikusiko dute, 'Jainko basatia'. «Yasmina Reza an-tzerkigile frantsezaren komedia dramatikoa da». Antzezlan honetan, bi bikote elkartzen dira euren seme-alaben liskarrak konpontzeko asmotan.
Antzerkiaz gain, «'Irunero' aldizkariaren bi ale berezi» argitaratuko dira. Batak Haur Hezkuntza, LH1 eta LH2ko ikasleen lanak jasoko ditu, eta besteak LH3 eta DBHko gaztetxoek egindako lanak. Aldizkariak herriko ikastetxe eta institutoetan banatuko dira, eta Euskara arloaren web gunean ere ikusi ahal izango dira.
«Oso garrantzitsua da, hezkuntzan bereziki, hezkidetza lantzea. Programazio guzti hau osatzerakoan bereziki kontuan hartu dugu hezkidetza eta berdintasunaren gaiak jorratzea», azpimarratu zuen Josune Gomezek.