Nerabeak ere Udalekuetara bidali nahi ditu Betti Gottik Inprimatu
Administrator-k idatzia   
Asteazkena, 2018(e)ko martxoa(r)en 14-(e)an 11:53etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 13 de Marzo de 2018.

NERABEAK ERE UDALEKUETARA BIDALI NAHI DITU BETTI GOTTIK

Betti Gotti udalekuak
Zuhatzako irlan eta Val D’Aranen izango da oporraldia, abuztuan
Nerabeentzako abentura udalekua prestatu du Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak. Zuhatzako irlan eta Val D’Aranen egingo dute, abuztuaren 12tik 26ra. 2001 eta 2002an jaiotakoentzako udalekuak dira —abuztuaren 26an 17 urte beteak eduki behar dituzte— eta 40 lagunentzako eskaintza da. Programaturiko ekintzak ikusita, gazteek ez dute aspertzeko aukerarik izango: besteak beste, uretako sei ekintza eta abenturazko beste hiru bildu programatu dituzte. Nerabeak protagonista izango dira ekintzetan, baina baita antolakuntzan ere, udalekuen diseinuan laguntzea nahi duelako Betti Gottik.
Lehen aldia da txanda hau eskaintzen dutena, eta hutsune bat betetzea bilatzen dute Betti Gottikoek: “Egun gure bailaran 16-17 urteko gazteek duten udaleku kanpaldien gabeziaz jabeturik sortua da. Aipatua da gazteriaren komisioetan gazte hauen aukera eza, nora ezean dabiltzala, mugitu nahi dutela baina aukera gutxi dagoela zerbaitetan sartzeko”. Horri irteera eman nahi izan diote nerabeentzako propio diseinatutako udalekuekin.
Gainera, nerabeek antolakuntzan ere parte hartuko dutela nabarmendu dute euskara elkartekoek: “Haurrak ez direnez, beraiek izango diren gauzen egile zuzenak, bai prestaeran, bai egitean. Udalekura joan baino lehen bilerak eta prestakuntza bat eskatuko du, non beraiek udalekutarako lantxoa prestatuko duten, gero udalekuan beraiek gidari senti daitezen, beti ere begiraleen zaintzapean”.
Nerabeen udalekuen bitartez, begirale harrobia sortzea da Betti Gottiren asmoetako bat. Hori horrela, giza baloreetan oinarritutako oporraldia prestatu dute: “Programaketarekin eta bertako joko, gau-bela, ur-ekintzak, irteera, kanpoko ekintza eta elkar bizitzarekin batera, oinarrizko heziketa eta, batez ere, giza baloreetan oinarrituko heziketa bilatzen dugu”. Eta laguntasuna izango da heziketa horren zutabe nagusiena, “gertuko lagunari arreta eskaintzea, beharrezkoa duen laguntza, maitasuna, ulermena, zaintzea, sentsibilitatea eta gertutasuna bultzatzea”.
Udalekuen prezioa 350 eurokoa da, eta dagoeneko izena emateko aukera dago (hemen). Informazio gehiago behar duenak, Betti Gottiren webgunean aurki dezake.
Haurrenak, aurki8 eta 15 urte bitarteko haurrentzat ere antolatu ditu udalekuak Betti Gottik. Zuhaitzako irlan izango dira, bi txandetan. Txikiak (8-11) abuztuaren 12tik 21era joango dira, eta handiak (12-15), 12tik 23ra. Datorren astean irekiko dute izena emateko aukera (informazio gehiago, hemen).