Erromatarrak , Berriz ere, Irunen Imprimir
Escrito por Administrator   
Lunes, 16 de Julio de 2018 11:25

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 13 de Julio de 2018.

ERROMATARRAK, BERRIZ ERE, IRUNEN

Beste urte batez, San Juan plaza erromatarren garaiko zirku bilakatuko dute. Bihar egingo dute ikuskizuna, 13:00etatik aurrera

Hasi da bederatzigarren Dies Oiassonis jaialdia. Igandera bitarte, erromatarren garaira bidaia egiteko aukera izango dute irundarrek hainbat ekitaldiren bidez, 2.000 urtez atzera zehazki.

Erromatar inperioak, K.a. 27. urtean eratu zenetik, ia mundu erdia bereganatu zuen, baita Euskal Herriko zenbait herri eta txoko ere. Horietako bat izan zen Irun, Oiasso izena jarri zioten.
Azken mendean, garai bateko historia berreskuratzeko ohiturak indar handia hartu duela kontatu du Maria Jose Noain Oiasso Erromatarren Museoko jardueren arduradunak (irakurri HITZAk arkeologoari egindako elkarrizketa). Estatu Batuetatik dator ohitura berezi hori, eta azken urteotan bestelako herrialdeetara hedatu da. Tarragonako [Katalunia] Tarraco Viva jaialdia eredu gisa hartuz, Irungo iragana berreskuratzea otu zitzaien museoko langileei. Hala, orain dela bederatzi urte zehazki, lehen Dies Oiassonis jaialdia egin zuten. Ordutik, bi mila urtez atzera bidaia egiteko proposamena handitzen joan da, Irungo udako kultur eskaintzaren barruan ekitaldirik garrantzitsuena bilakatzea lortu arte.
Atzo hasi zen aurtengo jaialdia, eta igandera bitarte luzatuko dute. Maria Jose Noain: «Orain dela bi mila urte, hemen, Oiasson, bizitza nolakoa zen azaltzea da helburu nagusia». Horretarako, museoaren inguruaz gain, San Juan plaza ere erromatarren garaiko ezaugarriekin apaindu dute. Are gehiago. Atzotik, Irungo erdiguneak film batetik ateratakoa dirudi. Bi eremu nagusi horietan, hamaika jarduera eskainiko dituzte —eta dagoeneko ari dira—, askotarikoak, adin tarte guztietako irundar eta bisitarientzat aproposak.
Museoko langileek antolatu duten egitaraua zabala eta anitza da oso. Antzerkia, esperientzia enogastronomikoak, zirkua, artisautza, bitxigintza, tailerrak, jolasak… Denetarik prestatu dute, ez da aspertzeko tartetik izango datorren asteburu luzean. Besteak beste, Oiassoko erromatarrek bizitza pribatuan zein aisialdian egiten zituzten jarduera nagusiak ikusgai izango dira.

Errekreazio ikusgarriak ikusteko aukera izango da.
Ekitaldi guztietatik, badira irundarren artean miresmen handia sortzen dutenak. Horietako bat da Navigium Isidis prozesioa. Nabigazio denboraldi berria inauguratzeko egiten zuten, eta prozesioan, ehunka herritarrek hartzen dute parte. Museotik diotenez, eta hala frogatu da azken edizioetan, ekitaldirik jendetsuena da; hiriko kaleetako espaloiak jendez betetzen dira. Bihar egingo dute, 19:30ean, San Juan plazatik abiatuta. Erromatarren zirkua da beste ekitaldi nagusia, batez ere etxeko txikienentzat. San Juan plaza zirkuz mozorrotu dute, herritarrek zaldi lasterketez eta bestelako ikuskizunez goza dezaten. Ekitaldi guztietarako sarrerak, Luis Mariano turismo bulegoan edota museoan bertan eskura daitezke.
Ondo pasatzeaz gain, hiriaren iragana behar bezala ikasteko aukera eskaini nahi dute museotik: «Modu dibertigarri batean erakutsi nahi dugu erromatarren mundua, baina beti ere ikuspuntu zientifiko batetik». Hala, xehetasun txikienak kontuan hartuta, Oiasso hiriko ezaugarri propioak landu dituzte, hiria existitu zen garaikoak, alegia.
Hiru mendeko hiria
Noiz sortu zen Oiasso? Noiz desagertu zen? Galdera horiei erantzuna eman die Noainek.   Museoko arkeologo eta ikerlariek erromatarren inperioaren hasieran kokatzen dute antzinako hiria, kristo ondorengo lehenengo urteetan zehazki. «Gipuzkoan, dakigunez, aztarna zaharrenak lehen mendeko lehenengo urteetakoak dira», zehaztu du. Orduan zapaldu omen zuten erromatarrek Bidasoa, eta ondorioz, mende hasiera hartan sortu zuten Oiasso hiria. Ikerketek diotenez, hirugarren mendera bitarte bizirik iraun zuen. «Hirugarren mendetik aurrera ez dugu aztarnarik aurkitu. Horrek ez du esan nahi erromatarrak desagertu zirenik, baina hiriko biztanleria desagertzen joan zela esan dezakegu». Oiasso aurretik eta ondoren Irun inguruan zer gertatu zen ikertzea izango da Oiasso Museoko arkeologoen hurrengo helburu eta zeregina.

+ Dies Oiassonis jaialdiko jardueren arduradun Maria Jose Noaini elkarrizketa