Maria Jose Noain: Imprimir
Escrito por Administrator   
Lunes, 16 de Julio de 2018 11:35

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 13 de Julio de 2018.

MARIA JOSE NOAIN: «ERROMATARREN GARAIKO ARRASTO UGARI DAUDE IRUNEN»

Maria Jose Noain Maura.

Antzinako Oiasso hiriaren jatorria, ibilbidea eta hasi berri duten jaialdiaren nondik norakoak aztertu ditu museoko jardueren arduradunak.

Dagoeneko Irunek Oiassora egin du jauzia. Noiztik zaudete aurtengo jaialdia prestatzen?
Prestatzen ez, baina pentsatzen joan den urteko Dies Oiassonis jaialdia bukatu zen egun berean hasi ginen. Arrakasta gehien izan zuten ekintzak eta hobetzeko aspektuak ikertzen ibili gara. Hausnarketa hori egiten iaz hasi ginen eta museoko taldearekin dena ondo ikertzen saiatzen gara. Prestatzen otsailean hasi ginen, azken xehetasunak ixten. Egia esan, lan handia da. Udalak laguntza handia eman du azken urteotan eta museoko lantalde guztia oso inplikatua dagoela esan dezaket.
Antolatzaile bezala, nola definituko zenuke jaialdia?
Dies Oiassonis denboraren makina bat da niretzat. Beti diot emakume erromatar bat izango banintz bezala ikusten dudala. Nolakoa izango zen Oiassoko hiritar baten egun normal bat? Hori irudikatzen dugu jaialdiarekin. Adibidez, garai hartan, erlijioak garrantzi handia zuen, egunerokotasunean oso presente zegoen, eta hala, Navigium Isis jainkosaren prozesioa egiten zuten; eta Irunen ere egingo dugu. Jaialdian eskainiko dugunarekin erromatarren egunerokotasuneko alor guztiak bizitzeko aukera eman nahi dugu. Egun erromatar bat irudikatuko dugu, hori da helburua; erromatarren garaiko egunerokoan murgiltzea.
Irungo udako eskaintzaren barruan jada errotua dagoen jaialdia da, ezta? Hau da, Irungo uda ez da Dies Oiassonis gabe ulertzen.
Bai, hala da. Nik esango nuke Irungo uda osoan hau dela proiektu edo eskaintza nagusiena. Museoaren kasuan ere hala da. Guk urtean zehar jarduera pila bat antolatzen ditugu, oso ezberdinak. Bisita gidatuak, haurrentzako tailerrak, arkeologia ikastaroak, musika eta antzerki saioak…. Ez gara gelditzen, baina esan dezakegu, zalantzarik gabe, bai azaroko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa, eta bai Dies Oiassonis jaialdia gure jardueren artean nagusienak direla. Prestakuntza aldetik, eta baita ere museoko langileen inplikazio aldetik, garrantzitsuena da.
Zein arrasto geratzen dira garai bateko Oiasso hartatik?
Erromatarren garaiko arrasto ugari aurki daitezke egun Irunen. Adibidez, portuko aztarna batzuk kontserbatzen dira, baina lur azpian, Santiago kalearen lurraren azpian bereziki. 1992. urtean egin zituzten lehen indusketa lanak bertan. Arkeolan Fundazioko arkeologoek erabaki zuten erromatar aztarnak hor azpian uztea, babestuago geratzen baitira bertan. Gero, adibidez, 1999ko portuko bigarren indusketan, egurrezko aztarnak eskuratu genituen, eta egun, museoko bilduman ikus daitezke. Portuko estruktura guztiak mantendu dira eta museoan bertan berreskuratu ditugu. Horrez gain, museoaren atzean erromatar termak daude. Momentuz ezin dira ikusi, indusketa egin zen bere garaian, baina momentu honetan aurrekontua behar dugu aztarnategi guztia museoalizatzeko. Ez dakigu noiz, baina etorkizun batean ikusi eta bisitatzeko prest egongo dira. Hori oso garrantzitsua izango da, museo baten barruan aztarnategi original bat ikustea aukera paregabea baita. Erdi Aroko Ama Xantalen ermitan ere aztarnak aurkitu ditugu. Erromatar nekropolia (kanposantua) aurki daiteke bertan, eta egun bisita daiteke. Hori da ikus dezakeguna. Gerora ere aurkitu ditugun aztarna nagusiak gure bilduman daude. Bisitariek ondorengo materialak ikusteko aukera dute: zeramika, beira, apaingarriak… Denetarik.
Zenbat bisitari espero dituzue aurten?
Oso zaila da zenbatzea. Joan den urtean, gutxi gorabehera, ikuskizun guztietan eta hemen merkatuan [Oiasso ondoan da] sei mila pertsona inguru bildu ziren, eta aurten espero dugu kopuru hori gainditzea. Eguraldia oso garrantzitsua da, lagun izatea espero dugu. Nik uste dut egitaraua oso finkatuta dagoela eta udako jarduera nagusienetarikoa denez, joan den urtean baino jende gehiago espero dugu.
Herritarren laguntza jaso duzue ekitaldiren baterako?
Bai, sekulakoa gainera. Navigium Isidis prozesiorako bereziki jaso dugu laguntza. Prozesioan gutxi gorabehera 250 lagunek hartzen dute parte, haiek gabe prozesioa ezinezkoa da egitea. Lehenengo urteetan museoko langileak atera ginen, baina azken urteetan herritarrek hartu digute lekukoa. Haien laguntzarik gabe ezingo genuke ekitaldia egin, eta oso polita da, gainera, nola inplikatzen diren ikustea. Izugarrizko ilusioa jartzen dute, ikaragarria da. Batez ere museo ondoko bizilagunek hartzen dute parte, baina Hondarribiko jende mordoa ere etortzen da. Publiko guztientzako da, eta beti diogu deialdia erabat irekia dela.
Zer esango zenieke jaialdira etortzeko zalantza dutenei?
Arkeologo bezala emango dut mezua. Orain dela 50 urte ez genekien hemen erromatar hiria izan zela, hori oso sorpresa handia izan zen. Irun erromatar hori ateratzen ibili gara, oso denbora gutxian gainera. Pentsa; orain dela urte batzuk arte ez genuen informazio hori, aurkikuntza oso garrantzitsua izan da. Jaialdiaren bitartez Irungo erromatarrak nola bizi ziren ezagutzeko aukera ematen dugu. Aukera polita da garai batera bidaiatzeko, eta era berean, gogoratzeko zein garrantzitsua den Irungo eta eskualdeko herritarrentzat erromatar museo bat izatea hirian. Iragan berri bat aurkitu dugu eta hori herritarrei erakutsi nahi diegu.

+ Irakurri jaialdiaren inguruan HITZAk egindako erreportajea