2020ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala Imprimir
Escrito por Administrator   
Miércoles, 02 de Diciembre de 2020 20:00

Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el miércoles día 2 de Diciembre de 2020.

2020ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala

Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria den Monica Martinezek azaldu duenez, "Pandemia geldiarazteko mugak direla eta, haurrentzako aire zabaleko jarduerak antolatzea ezinezkoa denez, eskerrak eman nahi izan dizkiegu ikastetxeei euskarazko ipuin eta liburuen bidez euskararen alde egiten duten lanagatik, Dibulitoon estudioen laguntza eskuzabalari esker"

34
0

Irungo Udala. / Martin Tellechea

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta (abenduak 3), Irungo udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du. Irungo Udalak, gainera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi izan du, eta hainbat liburu sorta helarazi dizkie hiriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei. Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria den Monica Martinezek azaldu duenez, «Pandemia geldiarazteko mugak direla eta, haurrentzako aire zabaleko jarduerak antolatzea ezinezkoa denez, eskerrak eman nahi izan dizkiegu ikastetxeei euskarazko ipuin eta liburuen bidez euskararen alde egiten duten lanagatik, Dibulitoon estudioen laguntza eskuzabalari esker».

Adierazpen instituzionala:

«Euskara, aurrerabide
Gizartea euskaraz biziberritzea helburu

Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.

Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun.

Euskaldunok, baina, ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin.

Horixe da euskaldunok (neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko herritarrok, alegia) euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.

Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.

Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.

Badakigu, besteak beste, euskaldunok euskararen hiztun elkartea osatzen dugula, eta Euskaraldian norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko bulkada.

Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: euskarak herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza.