9 diciembre 201413:49
Gipuzkoa osotik eta Iparraldetik heldutako bisitariek Irungo Ficobako hiru pabiloiak bete dituzte asteburu honetan, Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokaren bederatzigarren edizioan parte hartzeko. Guztira, 22.678 lagunek ikusi ahal izan dituzte aurten azokan parte hartu duten 145 erakusketarien proposamenak.
Bisitarien kopurua %24 hazi da, eta erakusketariena, berriz, %20. Datu horiek baieztatzen dute azoka hau sendotu egin dela eta "erreferentziazko hitzordua" bihurtu dela Gipuzkoako Eguberriko egutegian.
"Azokaren balorazioa oso positiboa da. Oso pozik gaude, eta irudipen hori helarazi digute erakusketariek eta bisitariek ere. Ahalegina egin dugu eskaintzaren kopurua eta kalitatea hobetzeko, eta jendeak balioetsi egin du hori", adierazi du Monica Alday azokako zuzendariak.
Jarduera paraleloen eskaintza izan da Eguberriko Azokara bisitariak hurbiltzeko beste erakargarritasunetako bat. Jende ororentzako eskaintza, baina bereziki txikienek gozatzeko pentsatua, helduek bisita egin eta azokan erosten duten bitartean.
"Azokaren hiru egunetan, tailerrak, txakur erakusketak, magia emanaldiak, erraldoiak, puzgarriak, joko elektronikoak, txokolate janak eta abar programatu dira. Antolatu ditugun 30 jarduera baino gehiago horietan, bikaina izan da giroa, eta parte hartzea ere oso handia", adierazi du Monica Aldayk.
Orain, Ficobako PIN, PAN, PUN Eguberriko Haur Parkearen beste edizio batek zabalduko ditu ateak, abenduaren 22an. 3 eta 13 urte bitarteko umeentzat pentsatuta dago, eta urtarrilaren 4ra arte gozatu ahal izango dute, tarte on bat pasatzeko proposamen eta motiboz betetako hiru pabiloietan.