20 marzo 201508:32
Korrikaren 19. edizioa aste bukaera honetan pasako da Irundik. Bihar larunbata, 13:10etan, Gaintxurizketatik sartuko da. Irungo zenbait kaleetatik ibili ondoren (Andrearriaga kalea, Elizatxo, Gipuzkoa hiribidea, Colon pasealekua, Nafarroa hiribidea, Behobia auzoan), Bera aldera egingo du.
Irungo AEK-k zenbait ekitaldi antolatu ditu Korrika dela eta. Bihar, 12:00etatik, triki poteoa ospatuko da Urdanibia plazan. 13:45ean, Korrika San Juan plazara iritsiko da. Ondoren, 14:30etan, herri bazkaria ospatuko da Hazian. Landetxako Auzo Elkartean ere kantu-bazkaria egongo da, 14:30etan.
Arratsaldeko 18:00etan ginkana bat ospatuko da, eta parte nahi dutenek Betti Gotti Euskara Kultur Elkartera idatzi dezakete (
Esta dirección electrónica esta protegida contra spam bots. Necesita activar JavaScript para visualizarla
). 19:30etatik aurrera txaranga bat ibiliko da Irungo kaleetatik.
Asteazkenean Korrika txikia
Igandean Korrika Irunera oso goiz bueltatuko da: Santiagoko Zubitik goizeko seiak pasatxo direnean sartu, eta Iparralde hiribidetik Colon pasealekura egingo du. Irungo udal ordezkariek bertan jasoko dute IXX. Korrikaren lekukoa, eta haien ardura izango da Hondarribia kaleraino eramatea. Lehenago, goizaldeko 4:30etan eta AEK-k antolatuta, baratxuri zopa eskainiko da Urdanibia plazan.
Euskara arloko ordezkaria den Fernando San Martinek adierazi duenez, «Udalak Korrika laguntzen du eta Irundik pasatzen denean bat egingo du harekin». Udalak Korrikaren 616. Kilometroa erosi du eta igandeko goizeko 6:13an lekukoa hartu eta Zabaltza plazako markesinatik Hondarribia kaleraino eramango du.
Datorren asteazkenean, hilak 25, Korrika txikia ospatuko da Irungo kaleetatik: Txanaleta plazatik irtengo da 10:00etan.