Inkesta

Merezi al dute herritarrek bere hiriko aurrekontuan parte hartzea
 
"Euskaraz kantatzean estilo asko urratzeko dauzkagu" PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Ostirala, 2024(e)ko maiatza(r)en 24-(e)an 18:48etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 24 de Mayo de 2024.

Beñat Goitia. 'Benizze'

"Euskaraz kantatzean estilo asko urratzeko dauzkagu"

2023an egin zen Paradisu Zinema musika bekaren lehen deialdia Antxeta Irratiaren, Elkarren eta EHZ festibalaren elkarlanaren ondorioz. Beñat Goitia ‘Benizze’ musikari gasteiztarrak irabazi du, eta bekarekin ‘Basati’ diskoa ekoitzi eta sustatu du.

I. Paradisu Zinema beka iaz jarri zuten martxan Elkarrek, Antxeta Irratiak eta EHZ festibalak. Beñat Goitia Benizze artista gasteiztarrari esleitu zioten 10.000 euroko diru laguntza, disko bat ekoitzi nahiz sustatzeko. Horrez gain, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalean joko du lehen aldiz sortu duen diskoa: Basati.

Orotara, 28 lan aurkeztu ziren beka horren lehen ediziora, eta Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainen arabera, musikaren sektorean dagoen «prekarietatea» agerian geratu da. Aldi berean, poztasuna adierazi du Euskal Herri osoko lanak jasotzeagatik. Aurreratu du bi urtetik behin beka deialdia egitea aztertzen ari direla. 2024ra itzulita, Benizzek bere azken lana izan du hizpide.

Basati kaleratu duzu bekari esker. Zer moduz joan da esperientzia?

Ondo joan da. Bekarako proiektua aurkeztu nuenerako nahiko perfilatuta nuen diskoa, banekien nondik nora joango zen. Orduan, horrelako beka batean sartzeak kristoren bultzada ematen dizu, baliabideak eskaintzen dizkizulako. Bestela, arlo ekonomikotik begiratuta dena zure kabuz egitea oso zaila izaten da, baliabide horiek lortzea oso zaila izaten delako. Elkar estudioetan grabatzeko aukera izan dut bi astez, eta EHZ festibalean joko dut ekainaren 28an.

Zure proiektua aurkezterakoan haustura hitza erabili izan duzu. Zergatik?

Disko batetik bestera, disko bat bukatzerakoan, gauza berriekin jartzen naizenean, berritasuna edota motibazioa bilatzen ditut. Talde askok momentu batean formula bat topatzen dute, eta gero bizi guztia jarraitzen dute formula baten inguruan ia-ia kantu berdinak egiten. Niretzako musika egitearen motibazioa gauza askotan dago: estiloan, hitzen norabidean, baita berritasuna bilatu, eta bide horrek suposatzen duen ikasketa prozesu guztian ere. Haustura hortik doa.

Bestalde, euskaraz kantatzean —oraindik ere— estilo asko urratzeko dauzkagu: euskara nola txertatu, nola egokitu estilo horietara… Oraindik ere urratzeko dauden espazio batzuetan ibiltzea gustatzen zait, eta hortik dator euskaraz orain arte egin denarekiko haustura edo berritasuna.

Nola bizi duzu musika euskaraz egitea?

Euskaraz kantatzen dugun guztiok zailtasun estra bat dugu, eta hori ukaezina da. Azkenean, gure iturri gehienak kanpokoak dira, bai ingelesez edo gaztelaniaz kantatzen dutenak, eta erreferente zuzenik ez daukagu gure hizkuntzaren fonetika erabiltzen dutenak. Horrek zailtasun gehigarri bat duela, edota eragiten digula uste dut. Iruditzen zait badagoela formaltasunarekin lotuta, poesiarako, metaforarako edota abstraktua den horretarako joera bat, eta saiatzen garenean beste erregistro batzuk lantzen, adibidez, gauza kolokialagoak, egunerokoan musikan dugun arazoa agertzen da: kaleko euskararen falta. Disko honetan onartzen dut ukitu batzuk sartu ditudala gaztelaniaz. Nire egunerokotasunean euskaraz hitz egiten dudanean ere gaztelaniaz sartzen ditudalako ukitu batzuk. Lagunarteko hizkuntzaren ukitua emateko erabili dut. Momentu honetan hortxe gabiltza, bilaketan, jakiteko nola egin euskaraz musika, baina ez bakarrik metaforen esparruan. Ari gara bilatzen nola eraman beste esparruetara.

Gas-Gasteizetik Bai-Baionarat Korrika 2001eko letra gogoratu duzu diskoaren aurkezpenean. Zein loturaz ari zinen?

Esanguratsua egiten zitzaidan nola Irunen eta Bidasoa inguruan sortu den beka batek, Iñigo Muguruzaren omenezkoa, bere hausturaren izaera izan eta kutsu berritzaile hori helburu duen beka batek alegia, Gasteizera jotzea musikariaren bila. Periferian gaudenok beste ikuspuntu bat eduki dezakegu berritasunarekiko. Epizentroan edota zentroan daudenak, beharbada, egoera normalago batean bizi dira hizkuntzari dagokionez, eta inguruan gaudenok beste testuinguru batzuk ezagutzen ditugu, eta horietan bizitzea egokitzen zaigu. Berritasun edo haustura hori gure ardura dela uste dut. Haustura guk ekar dezakegu ezagutzen ditugun errealitate ezberdinetatik. Azken urteetan Iruñean gertatu den uholdea horren adibide da, baita Ipar Euskal Herrian beti dagoen freskotasuna.

EHZn aurkeztuko duzu azken lana. Oholtza berezia al da?

EHZn zazpi urtez aritu nintzen laguntzaile bezala. Nire testuinguruarentzako oso festibal aproposa da, eta lotura berezia egon daiteke zentzu guztietan: festibala nondik nora doan, nola sortzen den, nola antolatzen den, eta nola gauzatzen den. Iruditzen zait EHZ Euskal Herriaren bi aldeen arteko erakustaldi bat dela. Egiteko moduen aldetik ere azken 5 eta 10 urteen joeren kontrako festibala da. Azken urteetan euskal musikagintzaren eszenan dena merkantilizatu da, eta hiru edo lau jauntxo daude ia dena kontrolpean dutenak, eta EHZk oraindik eusten dio. Eusten dio Euskal Herrian azken hamarkadetan egon den izaerari, eta erabat garrantzitsua da horri eustea. Azkenean, jauntxoen eskuetan erabat erortzen bagara, hau pikutara doa.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting