Inkesta

Merezi al dute herritarrek bere hiriko aurrekontuan parte hartzea
 
Kultura eta Aisialdia
"Anorexia nire barruan dagoen ahots subjektibo bat da" PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Asteartea, 2024(e)ko martxoa(r)en 05-(e)an 23:27etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el martes día 5 de Marzo de 2024.

Astekariko elkarrizketa. Sandra Piñeiro Fungeriño. Kirolaria eta ekintzailea

"Anorexia nire barruan dagoen ahots subjektibo bat da"

12 urte baino gehiago pasa zituen goi mailako arraunean Irunen bizi den galiziarrak. Garai horretan, anorexia zuela publiko egin eta, geroago, ‘Remando en la oscuridad’ liburuan jaso zuen bizitakoa.

Noiz hasi zinen arraunean?

Bederatzi urterekin hasi nintzen arraunean, eta Cabo da Cruz (Boiro, Galizia) arraun elkarteko lehen nesketako bat izan nintzen. Mutilekin egiten nuen arraun eta lehen urteetan ezin izan nuen txapelketetan parte hartu, ez genuelako nesken talderik.

Gustatzen zitzaidala argi nuen, baina nire gurasoek ez ninduten asko babesten. Txapelketaren bat irabazi nuenean hasi ziren nire lana baloratzen. Askotan baloratzen gaituztelako egiten dugunagatik eta ez garenagatik, eta hori arazo bat da. Geroago, neska gehiago etorri ziren eta oso talde polita osatu genuen. Oso gustura egon nintzen.

Nerabezaroan gorputza aldatzen da eta emakumeek gorputza onartzeko presio matxistak hortxe izaten dituzte. Nola bizi izan zenuen?

Momentu konplikatua da, batez ere baskularekin harreman txarra baldin baduzu. Nik ez nuen ulertzen zer zen baskula batera igotzea. Niretzat zenbakiak inoiz ez ziren izan garrantzitsuak. Arraun elkartean, haurren kategorian, 10 edo 11 urterekin, lehen aldiz igoarazi ninduten baskula batera. Zifra bat eman nuen, eta zifra horrekin esan zidaten kilo batzuk jaitsi behar nituela. Orduan, zuk momentu horretan duzun pisua gaizki dagoela uste duzu, pisu hori ez dela egokia esaten dizutelako. Pisuz jaitsi behar duzula pentsatzen duzu, baina ez dakizu nola egiten den hori.

10 edo 11 urterekin edota nerabea zarenean ez dituzu horretarako erremintak, ez duzu nutrizionistarik, ez eta medikurik. Ez duzu ezer. Arraun egiteko eta irabazteko pisua jaisteko esaten zidaten. Baina, nola? Kasu horietan modu legaletik edo ilegaletik joan zaitezke. Ilegaletik joaten bazara ohitura ez osasuntsuak hartzen hasten zara, ez dagoelako inor zuzendu edo aholkatuko zaituenik. Momentu horretan ere jendeak esango dizu: “Pisuz jaitsi zara, zeinen ongi zauden”. Eta harremanduko duzu pisua jaistea ederrago egotearekin, emaitza hobeak lortzearekin, eta lehiatzeko eta irabazteko hobe egongo zarenarekin. Lotura oker hori egiten hasten zara: pisu gutxiago, errendimendu hobea. Hortxe hasten da akatsa, eta ni neu horrela hasi nintzen anorexiarekin. Problema hortxe zegoen.

Urte horiek oso gaizki eramaten dituzu, ispiluan ikusten duzuna ez zarelako zu. Guztiz disoziatzen zara eta gorputzaren distortsio izugarria daukazu, zuk ikusten duzuna ez zarelako zu. Gaizki eramaten den kontua da.

Anorexia izan duzu, eta ispiluan zure gorputza ez ezagutzeak gaixotasunarekin lotura du. Autoexijentziagatik izan zela esan izan duzu. Zergatik?

Perfekzioa bilatzen duzulako. Horrez gain, badaude arrisku taldeak elikadura jokabidearen nahasmen bat (EJN) garatzerakoan. Horietako bat, emakumea eta nerabea izateaz gain, kirolaria izatea da. Kirolarien kolektiboan, eta egia da kirol motaren arabera aldatu egiten dela, aukera gehiago dituzu elikadura nahasmen bat garatzeko edo ez garatzeko. Nik txartel guztiak nituen. Emakumea, nerabea eta kirolaria nintzen. Pisu jakin bat izatea eskatzen zidaten, eta gainera, kaos horretan guztian emozioen kudeaketa txarra, haurtzaroko traumak edo familia desegituratua zeuden… Txartel guztiak batu nituen elikadura jokabidearen nahasmen bat garatzeko. Nire kasuan horrela izan zen, eta EJN garatu nuen, baina gara nezakeen bestelako adikzio edo arazoren bat.

“Nerabea zarenean ez dituzu pisua jaisteko erremintak”

Nolatan ohartu zinen anorexia pairatzen ari zinela?

Hasieran ez zara ohartzen, kirolean hoberena izateko zure modua dela uste duzulako. Sakrifikatu egin behar duzula uste duzu, gogor lan egin, sufritu. Uste duzu bidea gogorra bada, ongi zoazela. Hori sartzen dizute buruan. Uste nuen ongi ari nintzela, kontrolpean nuela, uste nuen egiten ari nintzela onena izan nahi nuelako zela, irabazi nahi nuelako. Horri buruz zerbait esaten zidaten denek ez nindutela ulertzen uste nuen. Izan ere, abisatzen zidaten: “Sandra, pisuz jaisten ari zara”, edota “Sandra, jarrera oso autoexijenteak eta obsesiboak izaten ari zara janariarekin”. Erantzuten nien: “Ez duzue ulertzen, zuen konfort gunetik ari zarete hori esaten. Nik badakit zer egin behar dudan onena izateko, eta zu, gainera, ez zara kirolaria eta ez dakizu”. Buruan duzun gaixotasunak eta ahotsak auto-konbentzitu egiten zaitu esanez zer den egin behar duzuna. Sinetsi egiten duzu zu zarela zuzen dagoena. Baina iristen da momentu bat ikusten duzula kontrola ez dela zurea, ez zarelako gai gauza batzuk egiteko.

Azken finean, hodei beltz bat daukazu zure gainean presionatu egiten zaituena, bularraldea buxatzen dizuna. Soilik ezkortasuna gehitzen dizu. Sentsazio horrek depresibo, triste, huts eta bakarrik sentiarazten zaitu. Hasieran barneratu egiten dituzu sentimendu horiek, baina gero nekatu egiten zara hori sentitzeaz. Nekatu egiten zara bakartasuna sentitzeaz, ez gai sentitzeaz. Satisfazioa eta perfekzionismoa inoiz ez dituzunez lortzen, beti zabiltza zabiltza lanean jo eta su, zure gorputza eta osasuna zure aurretik eramaten, zigortzen eta torturatzen. Baina iristen da puntu bat nekatuta zaudena. “Ez dut gehiago nahi”, esaten duzu.

Egunean hamar aldiz pisatzen nintzen: esnatzean, goizeko kafea hartu aurretik, kafea hartu ondoren, komunera joan aurretik eta ondoren, entrenatu baino lehen eta ondoren. Beti nengoen pisatzen. Arraun klubaren egoitzako eta nire etxeko baskulen arteko errore marjina zein zen banekien.

“Anorexia garatzeko txartel guztiak nituen. Emakumea, nerabea eta kirolaria nintzen”

Nora joan zinen laguntza eskatzera?

Zortea izan nuen, banuelako lagun bat ACABEn [elikadura-nahasmenduak dituzten pertsonei eta senideei laguntzeko elkartea] egin zituela praktikak, hark lagundu zidan. Baina kasualitatea izan zen. Gipuzkoakoa Donostian dago, Intxaurrondo auzoan.

Remando en la oscuridad liburua idatzi behar nuela esan nuenean, laguntza eske idatzi didatenek ere ez zekiten ACABE existitzen zenik, eta misio moduan hartu nuen bere berri ematea. Gogoratzen dut ACABErena publiko egin eta bi astera jakinarazi zidatela elkartera 20 neska bertaratu zirela. Jende askok urratsa egin zuela jakiteak pozten nau.

Anorexia gainditu egiten den gaixotasuna da, edo beti egongo da zurekin?

Ahots bat da. Anorexia nire barruan dagoen ahots subjektibo bat da. Batzuetan gehiago oihukatuko du, eta bestetan gutxiago. Emozioen kudeaketa txarra da. Adibide bat: alkoholiko batek arazo bat duenean berriro alkohola edango du. Nire kasuan, emozioen kudeaketa txarreko boladetan nire barreneko ahots subjektiboak bolumena igotzen du, eta nire ahots arrazionalak bolumena jaitsi. Egunero biak daude niregan, eta egun beti irabazten du alde arrazionalak, baditudalako erremintak ahots horrek irabaz dezan. Baina irrazionala beti dabil hortik bueltaka, ea ni menperatzeko gai den tanteatzen. Etapa edo egun txar bat duzunean, ahots irrazionalak indarra hartzen du, elikatzen delako kudeaketa txarretatik. Gaur egun, baina, sumatu egiten dut nire jokabideak ez direnean osasuntsuak, eta derrigortu egiten dut nire burua jokabide osasuntsuak izatera. Ahultasun kolpeak izan eta hurrengo egunetan badakit zer egin behar dudan. Egun txar batek ez du markatuko nire errekuperazio prozesu osoa. Ikasten zoazen heinean kolpe baxuen ondorioak ez dira berberak. Ez naiz lehengo Sandra.

2021ean Remando en la oscuridad liburua argitaratu zenuen. Anorexia borrokatzen bizi zenuena kontatu duzu bertan. Nori zuzendutako liburua da?

Bizi dudan dolu berbera bizitzen ari direnentzako nahiz inguruan hori bizitzen ari den norbait dutenentzako da. Gurasoak, lagunak, bikotea, senideak, irakasleak… Dolu hori pasatzen ari direnak ulertzeko balio du, konplikatua delako. Gaixotasun mental bat dugu, eta pairatzen ari ez direnei edota antzeko dolua pasatzen ari ez direnei zaila egiten zaie hori ulertzea. Askotan uste da elikadura nahasmendua hautatu egiten dela, anorexia dutenek janariarekin duten harremana horrelakoa izatea beraiek erabakitzen dutela arazo estetiko batengatik, kanon batzuk betetzeagatik, edota arreta erakartzeko. Horiek guztiak dira gaur egun dauden estereotipoak. Ez dena ulertzen da norberak ez duela hautatzen gaixotasun bat izatea. Faktore askorengatik izaten da gaixotasuna, baina ez zure erabakiz. Liburuak jende horrengana iristeko balio dezala.

Sare sozialetan kirol marka batekin kolaboratzen duzu. Transmititzen duzuna zaintzen duzu?

Bai, asko. Asics izeneko kirol arropa marka batekin kolaboratzen dut, eta Asics, berez, siglak dira: anima sana in corpore sano. Markak bultzatzen duena da kirola osasuna dela, bai osasun fisikoa, bai eta osasun mentala ere.

Talde horretan sartu nintzenean argi utzi nien ez nituela batez bestekoak beteko, podiumak ez nituela egingo. Izan ere, kolaboratzaile gehienak sare sozialetan ikusgarritasuna izatera behartzen dituzte, baita lehiaketak irabaztera ere. Argi nuen horretan ez nintzela sartuko. Prozesu batean nengoen, ikasten, eta gainera, kirol diziplina aldatu nuen. Kirolaz disfrutatu nahi nuela esan nien. Podium batera igotzen banaiz, oso ongi, eta bestela, ederki ere bai. Asics-ekoek esan zidanten nahi zutela nik sustatzea osasun mentalarentzako bidelagun izan daitekeela kirola. Horretan ari naiz.

 
Irungo ikastetxeek bat egin dute M8arekin PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Asteartea, 2024(e)ko martxoa(r)en 05-(e)an 23:24etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 5 de Marzo de 2024.

Irungo ikastetxeek bat egin dute M8arekin

Udaleko Hezkidetza Mahaiak antolatuta, 'Berdintasuna eskutik eskura' izeneko bideoa sortu dute. Berdintasunaren lekukoa erakusten da ikastetxeetan barrena bidaiatzen, M8aren mezu nagusiaren berri emateko.

Irungo Udaleko Berdintasun arloak jakinarazi du hiriko ia ikastetxe guztiek bat egin dutela berdintasunaren aldeko Martxoaren 8ko ospakizunekin, Berdintasuna eskutik eskura izeneko bideo bat egiten lagunduta. Ikus entzunezko pieza horretan, berdintasunaren lekukoa erakusten da Irungo ikastetxeetan barrena bidaiatzen, M8aren mezu nagusiaren berri emateko: “Egunero behar luke Martxoaren 8a izan. Gora borroka feminista”.

Proiektua udaleko Hezkidetza Mahaiak antolatu du, eta eskola maila guztietako ikastetxeek, Berritzeguneak eta Berdintasun, Hezkuntza eta Gazteria arloetako zenbait teknikarik hartu dute parte prozesuan. Udaleko Hezkidetza Mahaia 2019an jarri zen martxan, “gizartea eredu berdinzale baterantz eraldatzen lagunduko zuten programak eta egitasmoak modu koordinatuan sustatzeko”.

Hauexek izan dira proiektuan parte hartu duten Irungo ikastetxeak:

  • Belaskoenea HLHI.
  • Bidasoa LHII.
  • Dunboa HLHI.
  • Eguzkitza HLHI.
  • Eguzkitza BHI.
  • Elatzeta HLHI.
  • Hirubide BHI.
  • Irungo La Salle.
  • Lekaenea HLHI.
  • Mendibil Formakuntza.
  • Pio Baroja BHI.
  • Plaiaundi LHII.
  • San Vicente de Paul.
  • Toki Alai BHI.
  • Toki Alai HLHI.
  • Txingudi BHI.
  • Txingudi HLHI.

Hona hemen Hezkidetza Mahaiak sortutako bideoa:

 

 
Korrikaren hasiera egunean, korri baino gehiago egiteko plana PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Asteartea, 2024(e)ko martxoa(r)en 05-(e)an 23:19etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el martes día 5 de Marzo de 2024.

Korrikaren hasiera egunean, korri baino gehiago egiteko plana

Lekukoak 16:00etan hasiko du Euskal Herri osoa zeharkatzeko bidea. Horren aurretik baina, kale animazioa egongo da eta Korrika Gaztea egingo dira.

Bederatzi egun besterik ez dira falta Korrika Irundik irteteko eta dagoeneko iragarri dute zein izango da martxoaren 14ko egitaraua. Bi gune izango dira, San Juan plazakoa eta Moskuko plazakoa. Korrikaren irteera San Juan plazatik izango da, eta Irun eta Hondarribitik barna 56 eskutatik pasako da lekukoa. [Egitaraua, azpian].

Hiru txosna egongo dira, guztiak Moskun, eta janaria eskuratzeko Irungo Larrea janari prestatuak-en postua jarriko da. Horiek guztiak 12:30ean jarriko dira martxan, eta jantokiak Irungo Mendizaleen elkartea eta Motor elkartea izango dira, 12:30etatik 15:00era. Ospitale zaharrean Euskal Herriko artisau batzuk osatutako taldearen azoka egingo da eta 11:30ean hasiko da. Guztira bederatzi postu jarriko dituzte eta HITZA ere bertan izango da.

Egun osoko festa izango da Korrikaren irteera eta AEK-k iragarri du boluntarioak beharko direla egun horretan. Esaterako, puntu morea bermatu nahi dute eta horretan laguntzen egoteko prest dauden lantaldeen izen ematea eskatzen ari dira, hau da, ez norbanakoena, baizik eta dagoeneko eratuta dauden taldeena. Horretarako, Irungo AEK-rekin jarri behar da harremanetan haien sare sozialetatik. Korrika denda ere egongo da bi guneetan eta horretan ere txandak osatu nahian eta boluntario bila dabiltza.

Martxoaren 13an prestakuntza lanetan arituko dira. Ficobako aparkalekutik San Juan plazaraino ibilbide bat markatu nahi dute, Irunera festaz gozatzera datorrena bidean galdu ez dadin. Izan ere, Irunera iristeko ohiko garraiobideez gain, ibilgailu partikularrean iritsiko direnek Ficobako aparkalekuan doan ahalko dute aparkatu eta normalean 22:00etan ixten bada ere, egun horretan 22:00etatik aurrera ere kotxea bertatik ateratzeko aukera egongo da.

Korrika Gaztea

Hilaren 14ean lehenengoak korri egiten Irungo ikastetxeetako 3. eta 4. DBHko ikasleak izango dira. Korrika Gaztea egingo da Irun erdialdeko inguruetan zehar, 11:00etatik aurrera. Ibilbidea: Mendeluko biribilgunea; Kolon pasealekua; Gipuzkoa hiribidea igo eta jaitsi; Kolon pasealekua; Foru kalea; Kale Nagusia; San Juan plaza; Kolon pasealekua; Zabaltza plaza.

Martxoaren 11n, berriz, Korrika Txikia egingo da ere Irungo karriketan barna. Goizeko 10:00etan irtengo dira txikienak eta ibilbidea honako hau izango da: San Migelgo Gurutze Gorria; Antzarango plaza; Kolon Pasealekua; Joaquin Gamon kalea; Luis Mariano lorategiak; Gipuzkoa etorbidea; Zabaltza plaza.

Korrika irteera eguna
  • 11:00etan: Korrika Gaztea
  • 11:30ean: Bertsopoteoa San Juan plazatik abiatuta. Korrika babestu duten tabernetatik pasako dira.
  • 11:30ean: Euskal Herriko Artisauen azoka.
  • 12:30ean: Txosnen irekiera. 
    • Jantokiak, 12:30etik 15:15era: Irungo Mendizaleak eta Motor elkarteak.
  • 15:30ean: Ekitaldi nagusia.
  • 16:00etan: Korrikaren irteera.
  • 17:30ean: Kontzertuen hasiera.
    • 17:30ean: Burrunba elektrotxaranga.
    • 19:30ean: Esne Beltza.
    • 21:30ean Bad Sound System eta Lagunak.
    • Txosnak irekita.
 
Zure Abenturaren Bila, Himalaiara PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Asteartea, 2024(e)ko martxoa(r)en 05-(e)an 23:16etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el martes día 5 de Marzo de 2024.

Zure Abenturaren Bila, Himalaiara

Ana Zamoranok Indiako Himalaiara bizikletaz egindako bidaiaren berri emango du ikus-entzunezko baten bitartez. Ostegunean da saioa.

Ana Zamorano, bere bizikletarekin Himalaian.

Zure Abenturaren Bila dokumental eta ikus-entzunezkoaren zikloaren saio berri bat jasoko du Amaia KZko hitzaldi aretoak ostegunean (hilaren 7an), 19:30ean. Himalaya indio sobre ruedas ikus-entzunekoarekin Ana Zamorano bizkaitarrak Indiako Himalaian barrena bizikletaz egindako bidaiaren nondik-norakoak azalduko ditu.

Ana Zamoranok horrela deskribatu du Indiako Himalaiako abentura: “Errepidez kanpoko ibilbiderik luzeena, Everest zazpi aldiz igotzea bezalakoa omen da: Great Divide Mountain Bike Route. Ibilbide hori bukatuta antzekotasun sinbolikoa duen eta Irunen helmuga duen Basque Divide ibilbidea sortu dute. EEBB-Mexiko eta Irun-Hendaia mugei buruzko hausnarketa proposatzen digu horrek”.

Gaztelaniaz izango da emanaldia. Ikus-entzunezkoa bukatzean, egilearekin solasaldirako tartea zabalduko dute.

 
Haurtxokoen balorazioa egin du udalak PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Asteartea, 2024(e)ko martxoa(r)en 05-(e)an 23:12etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 5 de Marzo de 2024.

Haurtxokoen balorazioa egin du udalak

Erabiltzaile kopurua nabarmen hazi da 2021etik 2022rako datuen arabera.

Palmera Monteroko Haurtxokoan agerraldia egin du gaur Gazteria arloko Sergio Javierrek, eta berarekin batera izan dira ere Haurtxokoetako dinamizazioaz arduratzen den Txiribuelta elkarteko ordezkaria, Carlos Subijana eta Irati Diaz, haurtxoko sarearen koordinatzailea.

Javierren hitzetan, haurrak eta nerabeak beti udal politiken ardatzean dituzte, eskubideen ikuspegitik, programa hezitzaile eta sozialak sustatuta, haurren eta horien senideen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburu dutela.

Hitzetatik harago doan konpromisoa dela zehaztu du udal ordezkariak, eta horren eredu gisa jarri ditu Erdialdeko haurtxoko berriaren irekiera, Gipuzkoa hiribideko 8. zenbakian, eta Haurartean programa, “tokiko ikaskuntza-komunitate bat” sortzeko helburua duena, “haurren eskubideak eta haurtzaroko ikuspegi baten arabera lan egitearen eta heztearen inplikazioak jorratzeko, familiei eta hezitzaileei zuzenduta”.

Balorazioa

2023ko otsailean, Erdialdeko haurtxoko berria ireki zen. Era horretan, 4 eta 11 urte arteko haurrentzat, udalaren haurtxoko sareak 5 zentro ditu jada, eta erreferentziazko espazio gisa sendotzen ari dela uste dute, “ikasteko, sormenerako, kultur adierazpiderako eta komunitateko parte-hartzerako”.

Haurtxokoen ohiko programazioa astelehenetik ostiralera eskaintzen da, eta ordutegiak adinaren arabera honela daude banatuta: 4 eta 8 urte arteko haurrak astelehen eta asteazkenetan edo astearte eta ostegunetan joaten dira, eta 9 eta 11 urte artekoak, aldiz, ostiralero.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 Hurrengoa > Amaiera >>

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting