ELKARTEAREN ESTATUTUAK LEHENENGO KAPITULUA: IZENA 1. artikulua- IRUNgo FORO CIUDADANO IRUNÉS – IRUNGO HIRITAR FOROA (FOCIRUN) Elkartearen, AS/G/10110/2002 erregistro zenbakidunaren eta izena 2002ko azaroaren 15ean eman zuenaren, estatutu hauetan aldaketak egin dira Euskadiko Elkarteak arautzen dituen 2007ko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen 2002ko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 9. eta 10.13. artikuluetan eta Euskadiko Autonomia Estatutuan xedaturikoaren arabera. Elkarte honek Elkarteei buruzko aipatu Legeetan xedaturiko aginduen, Legearekin kontraesanean ez dauden Estatutuen, haren gobernu batzordeek legez hartutako erabakien, betiere Legearen edo/eta Estatutuen aurka egiten ez badute, eta Eusko Jaurlaritzak onar ditzakeen arauzko xedapenen arabera jardungo du, azken hauek ordezko izaera izango dutela. HELBURUAK 2. artikulua- Honako helburu hauek ditu Elkarteak: Irungo Hiriaren arazoak eta gabeziak gainditzeko azterketak eta jarduerak sustatzea. Hiriko arazoak bereizi, aztertu eta haien inguruan eztabaidatu konponbiderik egokiena lortzeko edo haietara hurbiltzeko, betiere hiritarren partaidetza sustatuz eta bideratuz. Helburu horiek lortzeko xedean honako ekintza hauek eramango dira burura, ezarritako baldintzak oro bete eta gero: Eztabaidak, solasaldiak, hitzaldiak, erakusketak, mahai inguruak, inkestak, adierazpenak, mozioak eta parte hartzeko beste edozein ekintzak. Horretarako azaltzen diren arazoak aztertuko dituzten batzorde bereziak osatuko dira. Aurreko atalean azaldutako jarduerez gainera, Elkarteak honako ahal hauek izango ditu bila dituen helburuak lortze aldera: - Era guztietako jarduera ekonomikoak garatu ahal izango ditu haren helburuak lortzeko edo helburu horiek lortzeko baliabideak biltzeko.
- Era guztietako ondasunak eros eta eduki ditzake, edozein tituluren truke, eta era guztietako ekintzak eta kontratuak egin ahal izango ditu..
- Era guztietako ekintzak burutu ahal izango ditu, betiere Legeen eta haren Estatutuen arabera.
HELBIDE SOZIALA 3. artikulua.- IRUNen dago Elkarte honen helbide nagusia, Francisco de Gainza kaleko 2. zenbakian, 1. solairuan, ezkerretara. Batzar Nagusiak hala erabakitzen badu, Elkarteak beste lokal batzuk eduki litzake Autonomia Erkidegoaren esparruan. LURRALDE ESPARRUA 4. artikulua.- Nagusiki BIDASOA/TXINGUDI eskualdeko IRUNen burutuko ditu Elkarteak bere egitekoak.. IRAUPENA ETA IZAERA DEMOKRATIKOA 5. artikulua.- Izaera iraunkor batez osatzen da Elkartea, eta soilik Batzar Nagusi Bereziak erabakita desegingo da, VI. Kapituluan xedaturikoari jarraiki, edo Legeetan aurreikusten diren beste edozein arrazoirengatik. Elkartearen barne antolaketa eta funtzionamendua demokratikoak izango dira, eta guztiz zainduko da pluralismoa. Zuzenbide osoz deusezak izango dira Elkartearen oinarrizko zuzenbidearen alderdiak aintzat hartzen ez dituzten itunak, estatutu xedapenak eta akordioak oro. BIGARREN KAPITULUA GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK 6. artikulua.- Kide anitzeko organo hauen esku egongo dira Elkartearen gobernua eta administrazioa: - Bazkideen Batzar Nagusia, organo gorena.
- Zuzendaritza Batzordea, zuzendaritza iraunkorreko kide anitzeko organoa.
BATZAR NAGUSIA 7. artikulua.- Bazkide guztiek osatutako Batzar Nagusia da bazkideen borondatea adierazteko organoa. Honako ahalak ditu Batzar Nagusiak: a) Elkartearen jarduteko plan orokorra onartuko du. b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldirako aurrekontua aztertu eta onartuko ditu, hala behar badu. c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartuko du. d) Estatutuetan aldaketak egin ahal izango ditu e) Elkartea desegiteko ahalak izango ditu. f) Lehendakaria aukeratu eta kargugabetu ahal izango du, baita idazkaria, diruzaina eta, halakorik balego, kide anitzeko organoko beste kideak ere, eta haien gaineko kontrola eta zaintza egin ahal izango ditu. g) Beste elkarteekin federatzeko edo konfederatzeko erabakia har dezake, eta haietatik bereiztekoa. h) Ondasun higiezinak eskuratzeko eta besterentzeko erabakia har dezake. i) Hala behar badu, gobernu organoko kideei soldata bat ordaintzeko erabakia har dezake. j) Ohiko kuotak eta kuota bereziak ezar litzake, baina eskuduntza hau gobernu organoaren esku utz lezake Batzar Nagusiak berariazko akordioaren bidez. k) Bazkide diren pertsonak elkartea betikoz uzteko erabakia har dezake. l) Elkartearen beste organoei esleitzen ez zaizkien beste eskuduntza guztien jabe izango da. 8. artikulua.- Batzar Nagusia ohiko batzarretan eta batzar berezietan elkartuko da. 9. artikulua.- Batzar Nagusia ohiko batzarrean bilduko da urtean gutxienez behin, aurreneko hiru hilabeteko epean, 7. a), b) eta c) artikuluan aurreikusitako Akordioak lotzeko xedean. 10. artikulua.- Batzar Nagusia batzar berezian bilduko da hala erabakitzen duenean, Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean, eta bazkideen herenak eskatzen duenean, betiere bilkuraren arrazoiak eta helburuak adieraziz eta, batez ere honako gai hauen inguruan erabakiak hartu behar direnean: a) Estatutuetan aldaketak egin nahi direnean. b)Elkartea desegin behar denean. 11. artikulua.- Batzar Nagusietarako deialdiak idatziz egingo dira, bilkura egingo den lekua, eguna eta ordua adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrendak ere, eztabaidatu beharreko gaiak zehatz azalduz. Deialdiaren eta Batzarra lehenengo deialdian egiteko zehaztutako dataren artean gutxienez hamabost egun gordeko dira. Era berean, hala behar badu, Batzarra bigarren deialdian bilduko den data eta ordua adierazi ahal izango ditu, baina deialdi bataren eta bestearen artean gutxienez ordu erdiko tartea gordeko da. Batzar Nagusiak, nola ohikoak hala bereziak, lehenengo deialdian osatuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten bazkideen herena biltzen denean, eta bigarren deialdian botoa emateko eskubidea duten bazkideen kopurua edozein dela ere. 12. artikulua.- Batzar Nagusiaren erabakiak bertan diren pertsonen edo ordezkarien gehiengo soilak hartuko ditu, betiere baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Hala eta guztiz ere, bertaratutako pertsonen edo ordezkarien gehiengo kalifikatua –baiezko botoak emandako botoen erdia baino gehiago direnean– eskatuko dute honako erabaki hauek: a) Elkartea desegiteko erabakia. b) Estatutuetan aldaketak egiteko erabakia. c) Ondasunak erosteko edo besterentzeko erabakia. d) Ordezkaritza organoko kideei soldatak ordaintzeko erabakia. 13. artikulua.- Batzar Nagusietan parte hartzeko xedean, bazkideek beste edozein bazkideren esku utz dezakete haien ordezkaritza. Ordezkaritza hori idatziz adieraziko zaio Batzarreko Idazkariari bilkura egin baino gutxienez 48 ordu lehenago. Elkarteari leku egiten dion hiritik kanpora bizi diren bazkideek postaz igorri lezakete ordezkaritza adierazten duen agiria. ZUZENDARITZA BATZORDEA 14. artikulua.- Batzar Nagusiaren xedapen eta erabakiekin bat etorrita, Zuzendaritza Batzordea da elkartearen interesak kudeatzen eta ordezkatzen dituen ordezkaritza organoa. Bazkideak baizik ezin izango dira ordezkaritza organo honetako kide izan. Honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea: Lehendakariak, Idazkariak, Diruzainak eta gutxienez bi Kidek eta gehienez zortzik. Beharrezko irizten badio, Batzarrak Lehendakariorde bat izenda lezake. Zuzendaritza Batzordea gutxienez hilabetean behin elkartuko da, eta elkartearen jardueren garapen egokiak eskatzen duen aldi guztietan. 15. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat justifikatu gabe hiru aldiz jarraian edo, txandaka bada ere, bost aldiz ez bada bilkuretara agertzen, dagokion kargutik kentzeko prozesua abiaraziko da.. 16. artikulua.- Batzar Nagusiak aukeratuko ditu Zuzendaritza Batzordea osatuko duten kideak, eta hauek bi urteko epean eutsiko diete karguei Batzar Nagusiak besterik erabakitzen ez badu, eta berriro ere aukeratuak izan daitezke epe hori amaitutakoan. 17. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko ezinbestean bete behar dira baldintza hauek: a) Adin nagusikoa izatea, eskubide zibilak baliatzeko eskubide ororen jabe izatea eta indarrean dagoen legedian ezarritako bateraezintasun arrazoiren bat ez edukitzea .b) Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea. c) Erakundeko bazkide izatea. 18. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kidearen kargua bete egingo da Batzar Nagusiak hura izendatu ostean aukeratutako kideak karguaz jabetzen diren unean. Batzar Nagusiak, hala behar badu, Zuzendaritza Batzordeko kideen dietak eta gastuak ordaintzeko erabakia har lezake. 19. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek kargua bertan behera utziko dute honako kasu hauetan: a) Agintaldiaren epea amaitzen denean. b) Dimisioa ematen dutenean. c) Bazkide izateari uzten diotenean edo ezintasun arrazoiren bat dutenean. d) Batzar Nagusiak kargugabetzen dituenean Estatutu hauen 16. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki. e) Kidea hiltzen denean. Kargugabetzea a) atalean aurreikusitako arrazoiarengatik gertatzen denean, Zuzendaritza Batzordeko kideek lanean jarraituko dute hurrengo Batzar Nagusia egiten den arte, Batzar Nagusiak aukeratuko baititu kide berriak. b), c), d) eta e) atalen kasuetan, berriz,, Zuzendaritza Batzordeak berak erabakiko du kargua behin-behinean nork beteko duen, eta erabaki hau Batzar Nagusiari aurkeztuko dio berretsi edo baztertu dezan; baztertzen badu, dagokion izendapena erabakiko du. Zuzendaritza organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari. 20. artikulua.- Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen egitekoak: a) Batzar Nagusiaren erabakiei jarraiki eta haren kontrolpean, Elkartearen ohiko kudeaketa zuzenduko du. b) Elkarteak garatu beharreko jarduerak programatuko ditu. c) Batzar Nagusiari aurkeztuko dizkio, onartu edo baztertu ditzan, urteko gastuen eta sarreren aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera. d) Batzar Nagusiaren bilkuretarako eguneko gai-zerrendak prestatzeaz gainera, Ohiko Batzar Nagusietarako eta Batzar Nagusi Berezietarako deialdiak egingo ditu. e) Aintzat hartuko ditu bazkideek egiten dituzten proposamenak eta iradokizunak, eta horien inguruko beharreko neurriak hartuko ditu. f) Estatutu hauetan jasotako edukiak interpretatuko ditu eta hutsuneak beteko ditu, betiere elkarteen arloan indarrean den legezko araudia beteaz. g) Batzar Nagusiak espresuki esleitzen dizkion eskuduntzak baliatuko ditu, betiere soilik Batzar Nagusiaren eskuduntzak ez badira. 21. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeak Lehendakaritzak erabakitzen duen guztietan egingo ditu bilkurak, edo hark berak erabakitzen duenean, edo batzordeko kideren batek eskatzen duenean. Lehendakaria izango da bilkura hauetan buru, baina hura ez dagoenean eta halakorik balego, Lehendakariordea, baina ez bata ez beste ez direnean, batzarkide zaharrena izango da. Zuzendaritza Batzordearen erabakiak balekoak izan daitezen, batzarkideen gehiengoak hartutakoak beharko dute izan, eta gutxienez kideen kopuruaren erdiak egon beharko du presente bilkuran. Botoetan berdinketa izanez gero, Lehendakariaren botoak erabakiko du. Idazkariak jasoko ditu bilkuran adierazitakoak, eta dagokion Liburuan jasota geratuko dira. KIDE BAKARREKO ORGANOAK LEHENDAKARIA 22. artikulua.- Elkarteko Lehendakariak bere egiten du haren legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak burutuko ditu, batzorde bietako lehendakaria baita. 23. artikulua- Honako ahalak izango ditu Lehendakariak: a) Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak egin beharreko bilkuretarako deialdiak egingo ditu eta bilkurei hasiera emango die, bilkura horiek zuzenduko ditu eta botoetan berdinketa emanez gero, kalitatezko botoaren erabilera egingo du. b) Zuzendaritza Batzordearen jarduerarako plana proposatuko du, haren egitekoak sustatuz eta bideratuz. c) Legez erabakitako ordainketak egingo ditu. d) Premiazko izaera batez sor litezkeen aferak konponduko ditu, eta haien berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, honek aurreikusita duen aurreneko bilkuran. e) Batzar Nagusiak berariaz hartutako erabakiaren bidez esleitutako eskuduntzak baliatuko ditu, ez badira soilik Batzar Nagusiak baliatu beharrekoak. LEHENDAKARIORDEA 24. artikulua.- Lehendakariordeak Lehendakariari lagunduko dio haren lanetan, eta hura ordezkatuko du kargua ezin behin-behinean bete dezakeenean. Era berean, Lehendakariak haren esku uzten dituen eskuduntzak baliatuko ditu. IDAZKARIA 25. artikulua.- Idazkariak bazkide izateko eskaerak jaso eta tramitatuko ditu, Bazkideen fitxategia eta Erregistro Liburua eguneratuta edukiko ditu, eta Agirien Liburuan idatzi eta hura gordeko du. Era berean, Elkarteen gaian indarrean diren legezko xedapenak betearaziko ditu, Erakundearen dokumentazio ofiziala zainduko du, elkartearen Liburu eta artxiboen edukia egiaztatuko du eta Zuzendaritza Batzordeen izendapenei eta helbide sozialean izandako aldaketei buruzko derrigorrezko jakinarazpenak helaraziko dizkio agintari eskudunari. DIRUZAINA 26. artikulua.- Diruzainak izandako sarreren eta gastuen berri emango du, urteko sarreren eta gastuen aurrekontua prestatuko du eta aurreko urteko kontuen egoeraren berri emango du. Hauek guztiak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztuko dizkio honek, bere aldetik, Batzar Nagusiari aurkez diezazkion, hala behar badu onartu ditzan. HIRUGARREN KAPITULUA BAZKIDEAK: ONARTZEKO BALDINTZAK ETA PROZEDURA ETA MAILAK 27. artikulua.- Elkartekide izan daitezke hala nahi duten pertsona guztiak, honako baldintza hauek betetzen badituzte: Adin nagusikoa izatea edo adin txikiko emantzipatua, euren eskubideaz gozatzeko legezko baldintzarik ez izatea eta finkoa den erabaki judizialaren arabera gaitasun mugaturik ez edukitzea. Irunen sortua behar du, edo bertan bizi behar du. 28. artikulua.- Elkartekide izan nahi dutenek idatziz egingo dute eskaera, bi bazkidek babestuta egongo dira eta eskaera Lehendakariari egingo diote. Honek Zuzendaritza Batzordeari emango dio eskaeren berri, eta Zuzendaritza Batzordeak onartu edo baztertuko ditu, baina baztertuak izatera gora jo ahal izango dute Batzar Nagusiaren aurrean. BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK 29. artikulua.- Honako eskubide hauek ditu bazkideak: 1) Elkarteen Legearen edo Estatutuen aurkako erabakien eta jardunen aurka egin ahal izango du berrogei egun naturalen barruan -auzi-jartzaileak aurka egindako akordioaren edukia ezagutu edo ezagutzeko aukera duen egunetik kontatzen hasita-.2) Elkartearen gobernu eta ordezkaritza organoen osaeraren inguruan jakinaren gainean egoteko, kontuen egoeraren berri izateko eta jardueren garapen mailaren berri izateko eskubidea du. 3) Edozein unetan Elkarteko beste kideen nortasunaren berri izateko, diru-sarreren eta gastuen kontuen egoera eta elkartearen jardueraren garapena ezagutzeko eskubidea du, betiere izaera pertsonaleko datuak babesteko legedian aurreikusitako moduan. 4) Batzar Nagusietan izateko deia jasotzeko eskubidea du, hitza eta botoaren eskubideaz baliatzeko, eta horretarako, bere ordezkaritza beste kide batzuei emateko eskubidea izango du. 5) Estatutu hauekin bat etorriz, Elkarteko zuzendaritza organoetan parte hartzeko eskubidea du, eta horietan hautesle bezala hautagai ere izateko eskubidea du .6) Indarrean den legedian aurreikusitako Bazkideen fitxategian agertzeko eskubidea du, eta halakorik balego, Elkartearen irudia erabiltzeko eskubidea. 7) Estatutuen eta, halakorik balego, barne Erregimenaren ale bana edukitzeko eskubidea du, baita zuzendaritza organoetan eskaerak eta kexuak aurkezteko eskubidea ere. 8) Elkartearen ekitaldi sozialetan parte hartzeko eta bazkideentzako komunak diren elementuez (elkartearen egoitza, liburutegiak eta beste) gozatzeko eskubidea du. 9) Diziplinazko neurriak hartu aurretik, idatziz jakin ahal izateko, eta neurri horien arrazoiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea du. Neurri horiek soilik bazkide gisa dituen betebeharrak ez betetzeagatik aplikatu ahal izango dira. 10) Edozein unetan baja emateko eskubidea du, artean bete gabe dauzkan konpromisoen aurrean kalterik egin gabe baina. 30. artikulua.- Honako betebehar hauek ditu bazkideak: a) Elkartearen helburuak aintzat hartuko ditu eta helburu horiek betetzeko lan egingo du. b) Estatutuetan xedaturikoarekin bat eginda, bazkide bakoitzak dagozkion kuotak, zerga bereziak eta bestelakoak ordainduko ditu. c) Estatutuetan adierazitako beste betebehar guztiak beteko ditu. d) Elkarteko gobernu organoek legez hartutako erabakiak onartu eta beteko ditu. BAZKIDE IZAERA GALTZEA 31. artikulua.- Honako kasu hauetan galdu egingo da bazkide izaera: 1) Bazkidea hil denean. 2) Elkartea bere kabuz uzten duenean. 3) Zigorra tarteko elkartetik egotzia izan denean, honako zirkunstantziaren bat gertatu delako: Estatutu hauetatik eratorritako aginduak, Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak legez hartutako erabakiak berariaz, behin eta berriz eta larriki bete ez dituenean. ZIGOR ERREGIMENA 32. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ditzake Estatutuak behin eta berriz betetzen ez badituzte edo Batzar Nagusiak zein Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak betetzen ez badituzte. Zigorrak eskubideen galtzea ekar ditzakete 15 egunetik hilabeteko epean, baita elkartetik betikoz egotzia izatea, hurrengo artikuluetan zehazten den moduan. Ildo honetatik, Lehendakaritzak ikerketa bat egin dadila eska lezake zigorgarriak izan litezkeen portaerak argitze aldera. Jarduera hauek Idazkaritzak bideratuko ditu organo bideratzaile den aldetik, eta honek dagozkion neurriak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari. Zuzendaritza Batzordeak izango du zigorrak jartzeko eskuduntza, Idazkariak ez du parte hartuko organo bideratzailea delako, baina interesdunari aurrez aukera emango zaio azaldu beharrekoak azaldu ditzan. Betiere arrazoitua egongo den erabaki horren aurka jo ahal izango dute bazkideek Batzar Nagusiaren aurrean.. 33. artikulua.- Estatutu hauetatik, Batzar Nagusiak nahiz Zuzendaritza Batzordeak legez hartutako erabakietatik eratorritako betebeharrak berariaz, behin eta berriz eta modu larrian ez betetzeagatik bazkideren bat Elkartetik egotzia denean, Lehendakaritzak Idazkaritzari agindu diezaioke aurretiazko eginbide jakin batzuk burutu ditzala beharreko informazioa lortzeko xedean; informazio horren aurrean Lehendakaritzak jarduerak artxibatzeko agindua eman lezake, edo elkartetik egotzia izateko zigor espedientea abiarazteko agindua eman lezake. 34. artikulua.- Elkartetik egotzia izateko zigor espedientea abiarazten baldin bada, idazkariak, ekintzak egiaztatu ondoren, idazki bat bidaliko dio interesdunari leporatzen zaizkion salaketen berri emateko. Salaketa horiei erantzuteko, bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu interesdunak hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehen bilkurara eramango da gaia eta bertan hartuko da erabaki egokia, Idazkariaren botorik gabe, espedientea azken honek bideratua izango delako. Elkartetik kanporatzeko erabakia interesatuari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo Batzar Nagusi Berezian errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Batzar horretarako deialdirik ez bada egiten hiru hilabeteren barruan, errekurtso hori nahikoa izango da batzarra egiteko. Bien bitartean, Zuzendaritza Batzordeak dagokionari bazkide-eskubideak kentzea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio. Kanporatzeko espedientea Batzar Nagusiari aurkeztuz gero, Idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Nagusiari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan. 35. artikulua.- Kanporatua izateko erabakia –betiere arrazoiak emanda-, dagokionari jakinaraziko zaio eta horrek, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du, bere ustez, erabakia legearen edo estatutuen aurkakoa dela irizten badu. 36. artikulua.- Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan –berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako- bete gabe dituen betebeharrak betetzeko eskatuko zaio, hala badagokio.. LAUGARREN KAPITULUA SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ERREGIMENA 37. artikulua.- Elkarteak ez du sortze-ondarerik. 38. artikulua.- Elkarteak, bere gizarte jarduerak burutzeko, honako diru-baliabide hauek aurreikusten ditu: a) Sarrera-kuotak. b) Erabakitako aldiroko kuotak. c) Elkarteak dituen ondasun eta eskubideetatik ateratzen diren ekoizpenak eta legearen arabera jaso ditzakeen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak. d) Elkarteak Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen dituen arauzko ekintzen bidez lortzen dituen irabaziak, betiere estatutu hauetan jasotako helburuen esparruan. Urtekoa izango da elkartearen ekitaldia eta ekitaldi ekonomikoa, eta urterokoo abenduaren 31n itxiko dira. Elkarteak lortzen dituen irabaziak, jarduera ekonomikoetatik eta zerbitzuen prestazioetarik eratorriak, soilik Elkartearen helburuak betetzera bideratuko dira, inolaz ere ez dira bazkideen artean banatuko, ez eta haien ezkontideen edo afektibotasun maila bertsuko bizikide direnen artean edo ahaideen artean, eta irabaziok ez zaizkie irabazi asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoei doan emango. BOSGARREN KAPITULUA: ESTATUTUAK ALDATZEA 39. artikulua.- Bazkideen Batzar Nagusi Berezian, zehazki xede horretarako deitutako Batzar Nagusi Berezian, erabaki ahal izango da Estatutuetan aldaketak egitea. Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidez osatutako Ponentzia bat izendatuko du aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo du eta hark jarriko du egitasmoa amaitzeko epea. 40. artikulua.- Aldaketa-egitasmoa finkatutako epe barruan idatzi eta gero, Lehendakariak hurrengo Zuzendaritza Batzordearen gai-zerrendan sartuko du. Batzar horrek egitasmoa onartu edo, hala behar badu, Ponentziari itzuliko dio berriz azter dezan. Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo Batzar Nagusi Berezirako gai-zerrendan sartzea erabakiko du, edo horretarako propio egingo du Batzar Nagusirako deia. 41. artikulua.- Batzarrerako deiarekin batera Estatutuak aldatzeko testua aurkeztuko da, bazkideek egoki irizten dituzten zuzenketak Idazkaritzari helaraz diezazkioten. Batzar Nagusian zuzenketa horien berri emango da, betiere bilera egin baino zortzi egun lehenago Idazkaritzaren esku egon baldin badira. Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz egingo dira eta beste testu-aukera bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ondoren, Batzar Nagusiak estatutuetan aldaketak egiteko Erabakia hartuko du. Erabaki honek hirugarrengoen aurrean izango du eragina Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanda dagoenetik kontatzen hasita. SEIGARREN KAPITULUA ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN APLIKAZIOA 42. artikulua.- Honako kasu hauetan desegingo da Elkartea: 1. Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako deitutako Batzar Nagusian adierazi beharko da. 2. Estatutuetan zehaztutako epea edo baldintza betetzen denean. 3. Beste elkarteekin bat egiten duenean edo beste elkarteek berenganatzen dutenean. 4. Arauen arabera zehaztutako gutxieneko bazkideen kopurura iristen ez denean. 5. Desegitea erabakitzen duen epai erabakia finkoa denean. 6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa denean. 43. artikulua.- Elkartea deseginez gero, erabaki hori hartu duen Batzar Nagusi Bereziak Kitapen Batzorde bat izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritza Batzordeko bost lagunek osatuko dute, eta dauden funtsez arduratuko dira. Elkarteak bazkideekiko eta hirugarrengoekiko dituen zorrak ordaindu ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, halakorik balego, irabazi asmorik gabeko erakunde bati edo irabazi asmorik gabeko helburuak dituen elkarte bati emango zaizkio. AZKEN XEDAPENA Batzar Nagusiak Barne Araudia onartu ahal izango du Estatutu hauek garatzeko asmoz. Horrek ez ditu inolaz ere Estatutuetako aginduak aldatuko. |