Irungo EAJko Udal Batzarrak Jasone Ugarte aukeratu berri du Uri Buru Batzarreko lehendakari. Ugartek Ikasleen eta Enplegagarritasunaren Errektoreordetzan lan egiten du, Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Teknikari gisa, UPV/EHUn. Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea ere bada Bidasoa-Oiartzun barrutia ordezkatuz. Alderditik adierazi dutenez, “eskarmentu handiko profesionala” da, “eraginkorra, erabakitzailea, konprometitua eta, batez ere, Irungo ongizatearen alde lan egiteko prest dagoena”.

Era berean, Batzar hartan, Uri Buru Batzar berria osatuko duten kideak aukeratu ziren: Iulen Arana, Izaskun Izaguirre, Iñaki Zunzundegi, Josean Eizaguirre, Irene Kastezubi, Carlos Martin eta Ibane Yarritu. “Prest dauden zortzi pertsona, esperientziadunak, alderdiari haize freskoa eskaintzen diotenak, gaztetasuna, indarra eta ilusioa uztartzen dituztenak. Irun hiri hobea egiteko eta irundarrek bizi duten errealitateari erantzuteko gogotsu dauden pertsonak, betiere inor atzean utzi gabe”, adierazi dute.

Batzarrak talde berri honengan jarritako konfiantzaren eta guztien izendapenaren aurrean, Ugartek, lehendakari berri bezala, adierazi nahi izan zuen Irungo EAJko Uri Buru Batzarretik “jendeak nahi duen Irun horren alde lanean” jarraituko dutela, “herritarrek etengabe eskatzen duten aldaketa horren alde”. Aldi berean, lidergo zentratu, arduratsu eta berritzaile baterantzlan egingo dutela esan zuen, “momentu oro, pertsona, adineko eta gazte guztien ongizatean eta etorkizuneko onuran pentsatuz”.

Bukatzeko, Ugartek “balio abertzale eta sozialak” aipatu zituen, horiek bultzatu eta zabalduko dituztela azalduz. “Pertsona guztientzat lan egingo dugu eta EAJk eta ordezkatzen duen guztiak gure hirian gero eta indartsuago jarrai dezan lortuko dugu. Irunekin konpromiso argia dugu, eta hiri hobe baten alde lan egiten jarraituko dugu, betiere esperientzia, ardura, talde-lana eta guztiekiko lankidetza oinarri hartuta", bukatu zuen.