Inkesta

Merezi al dute herritarrek bere hiriko aurrekontuan parte hartzea
 
[Erreportajea] Lakaxitak espazio segurua bermatzeko hitza hartu du PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Administrator-k idatzia   
Astelehena, 2024(e)ko apirila(r)en 29-(e)an 23:25etan
Euskaratzeko lanean ari gara.

Noticia publicada en Bidasoko Hitza ,el viernes día 26 de Abril de 2024.

[Erreportajea] Lakaxitak espazio segurua bermatzeko hitza hartu du

Gaztetxean bost hilabetez hausnartzen aritu dira espazioa segurua izateko. Protokolo bat ondu dute, baina prozesua ez da horretan amaitu. Jokabideak, dinamikak eta protokoloa errebisatzen jarraituko dute.

Iazko urtearen hasieran, Lakaxita Gaztetxean segurtasun arazoak identifikatu zituen bertako asanbladak, eta ekainean gaztetxea ez zela «espazio segurua» onartu zuten aho batez. Ondoren, uztailean, eraso sexista bat izan zen bertan, eta urak gainezka egiteko falta zen tanta izan zen. Programazio guztia bertan behera utzi eta gaztetxeko ataka ixtea erabaki zuten. Horrez gain, elkarretaratze bat egin zuten eraso hura salatzeko, uztailaren 22an. «Emakumeak erasotu, drogatu eta bortxatu gabe ibiltzen ez badakizu, gelditu etxean», salatu zuten.

Udara ondorengo hilabeteetan «protokolo baten beharra» zegoenaren ideia sendotu zela oroitu du Oihane Amoedo asanbladako kideak, eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin jarri ziren harremanetan. Hausnarketa beharra zegoela ziur zen asanblada, eta azaroan prozesu bati ekin zioten fundazioaren gidaritzapean. «Erasoen aurrean eta ondoren nola jokatu ikasi nahi izan dugu. Denok ikusi ditugu hainbat egoera, eta askotan ez dugu jakin nola kudeatu horiek», dio Unai Arruabarrena kideak. Izan ere, erasoen aurrean «barrara jo» jartzen duen kartela dagoela gaztetxean zehaztu du Aritz Irazokik: «Baina, nork daki zer egin behar den? Orain, prozesua eta gero, badakit nola erantzun daitekeen eta nola ez». Amoedok gaineratu du orain arteko protokoloa «oso oinarrizkoa» zela, eta «kontzientzia» falta zegoela uste du.

Prebentzioa ere izan dute xede. Perspektiba «transbertsala» beharrezkoa dela dio Amoedok, «ekitaldi guztietan, karteletan… Gure gaineko irudian perspektiba feministak presente egon behar du». Egoera ezberdinen aurrean erantzuteko prest daudela transmititu ahal izatea izan da helburuetako bat ere. Espazio segurua eraikitzen da, orain duten leloa.

Prozesua

Era berean, Arruabarrenaren esanetan, prozesuak balio izan die asanbladako kideen arteko harremanak estutzeko. Gaztetxeko asanbladako kideak eta Lakaxitaren bueltan ibiltzen diren pertsonak aritu dira gogoeta aroan, gaztetxea ez direlako «asanbladako kideak soilik», Amoedok nabarmendu duenez. «Barruan gertatzen dena ikusteko modu desberdinetan inplikatzen den jendearen begirada ezinbestekoa izan da», erantsi du Irazokik. Hartara, deialdia irekia izan zen, eta 20 bat pertsonak egin dute prozesua. Parte hartzaileen adin tartea zabala izan da, 19 urtetatik ia 60ra artekoa. 2023ko azaroan hasi, eta 2024ko apirilean bukatu dute prozesu osoa. Guztira, lau saio egin dituzte; lehen biak ez mistoak izan ziren, eta azken biak, berriz, mistoak.

Gizonen saioak «jarrera bortitzak eta paternalistak» ikusteko baliatu zituztela azaldu du Arruabarrenak. Erasoren baten aurrean inplikatutako pertsonen posizioan jarri ziren, rol jolas batzuekin. Eguneroko elkarrizketa bat hartu, eta erasoa egin duena, erasoa jasan duena, eta erasoa jasan duenaren lagunaren paperak bete zituzten. Aldi berean, espazio fisikoa ere izan zuten hizpide, «zeintzuk diren leku ilunagoak edo zeintzuk argiagoak», zehaztu du Irazokik.

Emakumeen lehen saioa teorikoa izan zen, «denek ikuspegi berdina izateko helburuari buruz aritu ginen», adierazi du Amoedok. Kontzeptuak errepasatu zituzten. Bigarren saioan, aldiz, gorputzaren gaineko lanketa egin zuten. «Hausnarketa, pentsatzeko tartea emateaz gain, barrutik zerk mugitzen gaituen identifikatzeko oso garrantzitsua izan da», dio Amoedok. Emozioak partekatzea «hunkigarria» izan dela du gogoan.

Azkenik, bosgarren saio mistoan protokolo zirriborro bat aurkeztu behar izan zuten. Beraz, protokoloa dagoeneko idatzi dute, baina orain arte egindako lanarekin egin beharreko guztia ez dela bukatu ziur dira. Gaztetxeko kideek konpromisoa hartu dute errebisatzeko bai protokoloa bera, bai eta emango diren erantzunak ere. «Erasoak eta indarkeria antzemateko estrategiak garatzen arituko gara urte osoan zehar eta modu etengabean», zehaztu du Amoedok. Lantalde bat sortuko dute protokoloan lanean segitzeko, eta transbertsala izatea nahi dute. Izan ere, egungo protokoloa idazteko jada idatzita dauden beste hainbat izan dituzte oinarrian, eta orain, Lakaxitaren ezaugarrietara gehiago gerturatuko den bat idatzi nahi dute.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting