2 abril 201523:59
Berriki egin diren bigarren eskuko etxebizi- tzen zozketak direla eta, alokairu sozialeko politika eraginkorra bultzatzea eskatu du EH Bilduk.
Koalizioak dioenez, «kezka handiz ikusten dugu nola egungo udal gobernuak ez dituen betetzen gaur egun gai honi buruz dauden irizpide arrazional eta sozialak. Nahiz eta prentsaren aurrean, bai Jaurlaritzatik, bai Udal Gobernutik, esaten duten etorkizuna alokairu soziala dela, eta hori bultzatzeko politikak aurrera eramango direla (hauteskundeen gertutasunak zerikusia izango ote...), hau egiteko unea iristen denean guztiz kontrako bidea hartzen dute».
EH Bilduren ustez, «babes ofizialeko etxebizitzen sistema, orain gutxi arte talde politiko guztiek defenditzen genuena, erabat injustua bihurtu zaigu. Gure ustez, bidegabekeria da norbaitek bizitza osorako laguntza publikoarekin etxebizitza eskuratzea, eta ez egotea inongo sistema konpentsatoriorik laguntza hori administrazioari (herritarrei, azken finean) itzultzeko, bere egoera ekonomikoa hobetzen denean».
Gainera, «alokairu sozialerako etxebizitzen patrimonio publikoa sortzeko, Udalak apustu ausarta eta eraginkorra egitea erabat beharrezko eta premiazkoa da». Honexegatik «proposamen zehatz eta argi batekin gatoz: udalak etxe hauek (eta etorkizun hurbilenean zozketatuko direnak ere) erosi eta alokairu sozialean jartzea -horretarako dirua badu eta-, Udaletik bertatik kudeatuta».