16 mayo 201501:10
San Pedro eta San Martzial jaiak ospatzeko urteroko programan distira hartu duen Herri Bazkariaren edizio berria aurkeztu zuen atzo antolatzaile den Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak. Aurten arrosa fuksia kolorez eta zenbait berritasunekin dator. Nerea García-k, elkarteko kideak, adierazi zuenez, Ficobako hiru pabiloiak izango ditu bazkari popularrak erabilgarri. «Hala ere, jende kopurua ez dugu haundituko. 1.500 eta 1.600 arteko partaide kopurua izango dugu, baina dan-tza eta jairako erosoago egongo gara denok».
Nobedade azpimarragarria 'Logotipo lehiaketa'rena da. Kamisetena ez da alde batera geldituko eta irun.org bitartez aurretik aukeratuko diren zortzi diseinuen artean bozka emango dute sarrera erosi dutenek (bertan agertzen den kodea erabiliz). Logoarena beste gauza bat da. Egia kamisetan nolabait sartzea eskatzen dela, baina Herri Bazkariaren logoa izatekotan diseinatu behar da. Saria 100 eurokoa izango da.
Beste berritasun garrantzitsu batek ez du otorduarekin zuzenenan zerikusirik, haren inguruan antolatzen diren ekimenekin baizik, Kuadrilen Olinpiadekin zehazki. Izan ere, aurten, bi larunbatetan burutuko dira. Ekainaren 20an, 17:00etatik aurrera, izena ematen duten koadrila guztiek hartuko dute parte eta trikipoteo batekin itxiko da jardunaldi. 27an, bazkari egunean, finala ospatuko da sailkatutako koadrilekin, «ohi baino beranduago, 11:00etan». Parte har zezaketen koadrilen artean bazen nonbait arazoren bat, eguna eta gaua horren luze dituen bazkariaren larunbat hori goizeko bederatzietan hastearekin.
Argi ibili
Berritasunak aparte, beste guztia ez da aldatzen. Sarreragatik 17 euro ordainduko da. «16+1 esan beharko genuke. Izan ere, 16 baitira bazkariari dagozkionak. Beste euroa, eta hori bakarrik, elkarteak antolatzen dituen euskarazko udalekuak aurrera ateratzeko bideratuko baitugu», adierazi zuen Miren Polok. Bide batez, sarrerak erosteko Larretxipi kalean dagoen EKT elkartera jo behar da «maiatzaren 29 eta ekainaren 5ean, ostiralarekin, 18:30etik 20:30era edo maiatzaren 30 eta ekainaren 6an, larunbatarekin, 11:30etik 13:00etara», esan zuen Ainhoa Ruanok. Hark gogoratu zuen ere «sarrerak zenbakituak izango direla» eta adin txikikoei, 18 urte azpikoei, ez erosteko gomendioa egin zien. «Nahiz eta sarrera eduki, Ficobako atean Nortasun Agiria eskatuko zaie eta ezingo dira sartu», abisatu zuen.
Txaranga eta batukada egongo dira goiz giroa alaitzeko eta Ficobara kalejiran jendea eramateko. Bazkaldu ondorengo festan DJ-a eta Haitzama taldearekin musika zuzenean egongo da eta hau bukatzean, iaz sekulako arrakasta izan zuen Elektropatxarangarekin Urdanibia plazaraino bueltako kalejira.
Betti Gotti elkarteko kideek zenbait adierazpen gehitu zituzten. Nahasketarik egon ez dadin, hainbat gauzatan argi ibiltzeko eskatu zieten irundarrei. Bai Olinpiadetan, bai kamiseta lehiaketan baita logotipo lehaiketan ere, parte hartu nahi dutenei bettigotti.com webgunean argitaratu diren oinarriak «ondo irakurtzeko» eskatu zieten eta «Herri Bazkarira eta ondorengo jaiara hurbiltzen direnei, zentzuz joka dezaten, kontuan izan dezaten boluntarioak garela eta lan handia hartzen dugula hilabeteetan zehar egun hori ahalik eta modu onenean presta-tzen denok ondo pasa dezagun».
Herri Bazkaria martxan!. Betti Gotti Elkarteko boluntarioak zazpigarren edizioa aurkezten.
/ F. DE LA HERA