Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietarako segurtasunerako neurriak aurkeztu dituzte PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Jueves, 13 de Junio de 2024 22:08

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el jueves día 13 de Junio de 2024.

SANMARTZIALAK

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietarako segurtasunerako neurriak aurkeztu dituzte

Elkarlanean arituko dira poliziak eta uztailaren 1era arte Babes zibileko Udal Plana aktibatuta egongo da. Bestalde, IrunBuseko gidarien grebak gaueko autobus zerbitzuan eragin dezakeenez, "kezka" adierazi du Ertzaintzak.

Udaletxean elkartu dira gaur Ertzaintzako eta Udaltzaingoaren arduradunak, Cristina Laborda alkatearekin eta Sergio Javier Udaltzaingoaren ordezkariarekin, eta Irungo jaiei begira hartuko dituzten segurtasunerako eta bizikidetzarako neurriak aurkeztu dituzte. Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira eta ekainaren 15etik aurrera, goizero aurreko egunaren balorazio bilera egingo dute.

Segurtasunerako neurriak bihar bertan jarriko dituzte martxan eta larunbatean ere indarrean egongo dira. Ondoren, ekainaren 21ean berraktibatuko dira, uztailaren 1era arte. “Elkarbizitza eta errespetua bi ardatz behar dute izan jaiak izan bitartean” azaldu du Labordak.

Udaltzaingoak aurreikusitako zerbitzua Udalaren Babes Zibileko Planaren esparruaren barruan dago eta duela hiru urte eguneratu, eta Babes Zibileko Planean jaso zuten. Plan hau jendetza biltzen denean eta ekitaldi handiak antolatzen direnean jarriko dute martxan, eta larrialdi zerbitzu guztiek osatutako aginte bakar baten bidez eta Ertzaintzarekin koordinatuta, segurtasun arloan beharrezkoak diren baliabide guztiak mobilizatzeko baliatuko dute. Udaltzaingoaren arduradunak adierazi duenez, “inolako arriskurik ez egotea ez da existitzen” eta planifikazioa horretarako behar dela azaldu du.

Bestalde, Udaltzaingoek aginte koadro geolokalizatu bat erabiliko dute larrialdi egoerak “eraginkortasun handiagoarekin” erantzun ahal izateko. Horrela, osasun asistentzia lehenago iristea da helburua. Horrez gain, tresna honek Irungo mapan kokatzen ditu hirian egongo diren jarduerak, erabaki diren segurtasun itxiturak, erabakitzekoak diren giza baliabideak eta anbulantziak.

Neurri zehatzetara jota, jende asko elkartzen den tokietan ibilgailuen zirkulazioa etengo da. Segurtasun handiagoa izateko, San Juan plazan eta Urdanibia plazan, kartelak jarriko dituzte. Kartel horietan ebakuatzeko argibideak irakurri ahalko dira, eta puntu moreak seinalatuta egongo dira bertan ere.

Bi polizien arduradunek azaldu dute kontzertuetan dauden herritarren segurtasuna bermatzeko lanean egoteaz gain, puntu moreetako langileei laguntzen ere egongo dira, baita gazteei ere etxera itzultzeko erabiltzen dituzten bide jakin batzuetan laguntzen ere.

IrunBus, greban

IrunBuseko gidariek 14 egunez greba egingo dute bihar, etzi eta ekainaren 21etik uztailaren 2ra. Langileek jakinarazi dutenez gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte, baina gaur gaurkoz ez dago zehaztapenik zeintzuk izango diren gutxieneko zerbitzu horiek.

Bide horretan, IrunBusek Irungo jaietan gauetan eskaintzen duen zerbitzua emakume askorentzat etxera seguru itzultzeko bermea da. Testuinguru horretan, alkateak adierazi du “erronka” bat dutela aurrean, eta greba egiteko eskubideak “bateragarria” izan behar duela “segurtasuna izateko eskubidearekin”.

Ertzaintzako ordezkariak azaldu du segurtasuna prebenitzeko planifikazioaren barruan “erronka” izango dela etxera buelta, beste urte batez, baina onartu du aurten “kezkatuta” daudela grebak segurtasun horren bermean eragin dezakeelako. Emakumeek eta gizonek larritasunen bat ikusiz gero etxera bueltan puntu beltzetarako planak dituztela baieztatu dute “prebentzioa egiteko”. “Antolatuta daude erantzuteko neurriak eta espero dugu ez erabiltzea”.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting