Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
'Sisiforen paperak' larunbatean antzeztuko da Amaia Kultur Zentroan PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Jueves, 03 de Junio de 2021 18:33

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 3 de Junio de 2021.

'Sisiforen paperak' larunbatean antzeztuko da Amaia Kultur Zentroan

'Egunkaria' kasuan libreki oinarritutako istorioa aurkezten du Harkaitz Canok sinatutako eta Fernando Bernuesek zuzendutako obra honek

Iñaki Rikarte eta Asier Hormaza aktoreak, antzezlanaren une batean. /
Iñaki Rikarte eta Asier Hormaza aktoreak, antzezlanaren une batean.

JOANA OCHOTECO Irun. Jueves, 3 junio 2021, 08:26

Harkaitz Canoren 'Sisiforen paperak' antzezlana larunbat honetan izango da ikusgai Amaia Kultur Zentroko eszenatokian. 'Egunkaria' kasuan libreki oinarritutako istorio hau «kazetaritzari egindako omenaldia da, modu bidegabean itxiarazi dituzten hedabide guztiei eskainia», azaltzen dute lanaren egileek.

Fernando Bernues dramaturgoak zuzentzen du obra hau. Antzezlarien zerrendan euskal eszenatokiko lehen mailako izenak aurkitzen dira: Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Iñigo Azpitarte eta Mireia Gabilondo, besteak beste. 'Sisiforen paperak' Donostia, Bilbo eta Gasteizko udal antzokien arteko koprodukzioa da (Victoria Eugenia, Arriaga eta Principal), Zentro Dramatiko Nazionalaren kolaborazioarekin.

Istorio hau eszenatokira eramateko ideia Fernando Bernuesena izan zen. Harkaitz Canorekin harremanetan jarri zen 'Egunkaria'ren itxieraren inguruan eman ziren gertaerak antzezlan batera eramateko. Testuaren idazketa ez zen erraza izan eta lau urtez egon ziren Cano eta Bernues obra honetan lanean.

Nahiz eta 'Egunkaria' kasuarekiko erreferentzi argiak izan, «fikzio bat da», azaltzen du zuzendariak. Antzerkiari izena ematen dion Sisiforen mitoak «eleberri bukaezin» horri egiten dio aipamena, «'Gerra eta bakea' ttipi baten parekoa»: antzezlanaren pertsonaia batek esaten duen bezala, horrelakoa da egunkari bat, «egunero iraungitzen den nobela amaiezina. Mundu kaotikoa, lau zutabe estutara ekarria». Sisifo bezala, behin eta berriro harria maldan gora bultzatuz azkenean berriz behera erortzeko.

Kazetari galdekatuak

'Sisiforen paperak' antzezlanaren sinopsia dioenez, ez da harritzekoa kazetariak «bokazioaren zerbitzura» egotea, haien lana «ezinezkoa baita. Idazkera zehatzaren eta gertaeren egiaren alde setatzen dira erredakzioan, prekarietatearen eta etsipenaren kontra erlojupean borrokan. Bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzeko». Kazetarien zeregina ikertzea eta galdera zuzenak egitea da. Antzezlan honetan, ordea, egoerari buelta ematen zaio eta galdekatuak izango direnak kazetariak dira.

'Sisiforen paperak' antzezpena larunbatean 19:00etan hasiko da Amaia Kultur Zentroan. Sarrerak salgai daude ohiko puntuetan, www.irun.org/sarrerak web orriaren bidez eta baita Luis Marianoko Turismo Bulegoan. Sarreren prezioa 15 eurokoa da publiko orokorrarentzat, eta 9,5 eurokoa 14 urte baino gutxiago dutenentzat, Gazte Txartela dutenentzat edo langabezia egoeran daudenentzat.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting