Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
"Anorexia nire barruan dagoen ahots subjektibo bat da" PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Martes, 05 de Marzo de 2024 23:27

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el martes día 5 de Marzo de 2024.

Astekariko elkarrizketa. Sandra Piñeiro Fungeriño. Kirolaria eta ekintzailea

"Anorexia nire barruan dagoen ahots subjektibo bat da"

12 urte baino gehiago pasa zituen goi mailako arraunean Irunen bizi den galiziarrak. Garai horretan, anorexia zuela publiko egin eta, geroago, ‘Remando en la oscuridad’ liburuan jaso zuen bizitakoa.

Noiz hasi zinen arraunean?

Bederatzi urterekin hasi nintzen arraunean, eta Cabo da Cruz (Boiro, Galizia) arraun elkarteko lehen nesketako bat izan nintzen. Mutilekin egiten nuen arraun eta lehen urteetan ezin izan nuen txapelketetan parte hartu, ez genuelako nesken talderik.

Gustatzen zitzaidala argi nuen, baina nire gurasoek ez ninduten asko babesten. Txapelketaren bat irabazi nuenean hasi ziren nire lana baloratzen. Askotan baloratzen gaituztelako egiten dugunagatik eta ez garenagatik, eta hori arazo bat da. Geroago, neska gehiago etorri ziren eta oso talde polita osatu genuen. Oso gustura egon nintzen.

Nerabezaroan gorputza aldatzen da eta emakumeek gorputza onartzeko presio matxistak hortxe izaten dituzte. Nola bizi izan zenuen?

Momentu konplikatua da, batez ere baskularekin harreman txarra baldin baduzu. Nik ez nuen ulertzen zer zen baskula batera igotzea. Niretzat zenbakiak inoiz ez ziren izan garrantzitsuak. Arraun elkartean, haurren kategorian, 10 edo 11 urterekin, lehen aldiz igoarazi ninduten baskula batera. Zifra bat eman nuen, eta zifra horrekin esan zidaten kilo batzuk jaitsi behar nituela. Orduan, zuk momentu horretan duzun pisua gaizki dagoela uste duzu, pisu hori ez dela egokia esaten dizutelako. Pisuz jaitsi behar duzula pentsatzen duzu, baina ez dakizu nola egiten den hori.

10 edo 11 urterekin edota nerabea zarenean ez dituzu horretarako erremintak, ez duzu nutrizionistarik, ez eta medikurik. Ez duzu ezer. Arraun egiteko eta irabazteko pisua jaisteko esaten zidaten. Baina, nola? Kasu horietan modu legaletik edo ilegaletik joan zaitezke. Ilegaletik joaten bazara ohitura ez osasuntsuak hartzen hasten zara, ez dagoelako inor zuzendu edo aholkatuko zaituenik. Momentu horretan ere jendeak esango dizu: “Pisuz jaitsi zara, zeinen ongi zauden”. Eta harremanduko duzu pisua jaistea ederrago egotearekin, emaitza hobeak lortzearekin, eta lehiatzeko eta irabazteko hobe egongo zarenarekin. Lotura oker hori egiten hasten zara: pisu gutxiago, errendimendu hobea. Hortxe hasten da akatsa, eta ni neu horrela hasi nintzen anorexiarekin. Problema hortxe zegoen.

Urte horiek oso gaizki eramaten dituzu, ispiluan ikusten duzuna ez zarelako zu. Guztiz disoziatzen zara eta gorputzaren distortsio izugarria daukazu, zuk ikusten duzuna ez zarelako zu. Gaizki eramaten den kontua da.

Anorexia izan duzu, eta ispiluan zure gorputza ez ezagutzeak gaixotasunarekin lotura du. Autoexijentziagatik izan zela esan izan duzu. Zergatik?

Perfekzioa bilatzen duzulako. Horrez gain, badaude arrisku taldeak elikadura jokabidearen nahasmen bat (EJN) garatzerakoan. Horietako bat, emakumea eta nerabea izateaz gain, kirolaria izatea da. Kirolarien kolektiboan, eta egia da kirol motaren arabera aldatu egiten dela, aukera gehiago dituzu elikadura nahasmen bat garatzeko edo ez garatzeko. Nik txartel guztiak nituen. Emakumea, nerabea eta kirolaria nintzen. Pisu jakin bat izatea eskatzen zidaten, eta gainera, kaos horretan guztian emozioen kudeaketa txarra, haurtzaroko traumak edo familia desegituratua zeuden… Txartel guztiak batu nituen elikadura jokabidearen nahasmen bat garatzeko. Nire kasuan horrela izan zen, eta EJN garatu nuen, baina gara nezakeen bestelako adikzio edo arazoren bat.

“Nerabea zarenean ez dituzu pisua jaisteko erremintak”

Nolatan ohartu zinen anorexia pairatzen ari zinela?

Hasieran ez zara ohartzen, kirolean hoberena izateko zure modua dela uste duzulako. Sakrifikatu egin behar duzula uste duzu, gogor lan egin, sufritu. Uste duzu bidea gogorra bada, ongi zoazela. Hori sartzen dizute buruan. Uste nuen ongi ari nintzela, kontrolpean nuela, uste nuen egiten ari nintzela onena izan nahi nuelako zela, irabazi nahi nuelako. Horri buruz zerbait esaten zidaten denek ez nindutela ulertzen uste nuen. Izan ere, abisatzen zidaten: “Sandra, pisuz jaisten ari zara”, edota “Sandra, jarrera oso autoexijenteak eta obsesiboak izaten ari zara janariarekin”. Erantzuten nien: “Ez duzue ulertzen, zuen konfort gunetik ari zarete hori esaten. Nik badakit zer egin behar dudan onena izateko, eta zu, gainera, ez zara kirolaria eta ez dakizu”. Buruan duzun gaixotasunak eta ahotsak auto-konbentzitu egiten zaitu esanez zer den egin behar duzuna. Sinetsi egiten duzu zu zarela zuzen dagoena. Baina iristen da momentu bat ikusten duzula kontrola ez dela zurea, ez zarelako gai gauza batzuk egiteko.

Azken finean, hodei beltz bat daukazu zure gainean presionatu egiten zaituena, bularraldea buxatzen dizuna. Soilik ezkortasuna gehitzen dizu. Sentsazio horrek depresibo, triste, huts eta bakarrik sentiarazten zaitu. Hasieran barneratu egiten dituzu sentimendu horiek, baina gero nekatu egiten zara hori sentitzeaz. Nekatu egiten zara bakartasuna sentitzeaz, ez gai sentitzeaz. Satisfazioa eta perfekzionismoa inoiz ez dituzunez lortzen, beti zabiltza zabiltza lanean jo eta su, zure gorputza eta osasuna zure aurretik eramaten, zigortzen eta torturatzen. Baina iristen da puntu bat nekatuta zaudena. “Ez dut gehiago nahi”, esaten duzu.

Egunean hamar aldiz pisatzen nintzen: esnatzean, goizeko kafea hartu aurretik, kafea hartu ondoren, komunera joan aurretik eta ondoren, entrenatu baino lehen eta ondoren. Beti nengoen pisatzen. Arraun klubaren egoitzako eta nire etxeko baskulen arteko errore marjina zein zen banekien.

“Anorexia garatzeko txartel guztiak nituen. Emakumea, nerabea eta kirolaria nintzen”

Nora joan zinen laguntza eskatzera?

Zortea izan nuen, banuelako lagun bat ACABEn [elikadura-nahasmenduak dituzten pertsonei eta senideei laguntzeko elkartea] egin zituela praktikak, hark lagundu zidan. Baina kasualitatea izan zen. Gipuzkoakoa Donostian dago, Intxaurrondo auzoan.

Remando en la oscuridad liburua idatzi behar nuela esan nuenean, laguntza eske idatzi didatenek ere ez zekiten ACABE existitzen zenik, eta misio moduan hartu nuen bere berri ematea. Gogoratzen dut ACABErena publiko egin eta bi astera jakinarazi zidatela elkartera 20 neska bertaratu zirela. Jende askok urratsa egin zuela jakiteak pozten nau.

Anorexia gainditu egiten den gaixotasuna da, edo beti egongo da zurekin?

Ahots bat da. Anorexia nire barruan dagoen ahots subjektibo bat da. Batzuetan gehiago oihukatuko du, eta bestetan gutxiago. Emozioen kudeaketa txarra da. Adibide bat: alkoholiko batek arazo bat duenean berriro alkohola edango du. Nire kasuan, emozioen kudeaketa txarreko boladetan nire barreneko ahots subjektiboak bolumena igotzen du, eta nire ahots arrazionalak bolumena jaitsi. Egunero biak daude niregan, eta egun beti irabazten du alde arrazionalak, baditudalako erremintak ahots horrek irabaz dezan. Baina irrazionala beti dabil hortik bueltaka, ea ni menperatzeko gai den tanteatzen. Etapa edo egun txar bat duzunean, ahots irrazionalak indarra hartzen du, elikatzen delako kudeaketa txarretatik. Gaur egun, baina, sumatu egiten dut nire jokabideak ez direnean osasuntsuak, eta derrigortu egiten dut nire burua jokabide osasuntsuak izatera. Ahultasun kolpeak izan eta hurrengo egunetan badakit zer egin behar dudan. Egun txar batek ez du markatuko nire errekuperazio prozesu osoa. Ikasten zoazen heinean kolpe baxuen ondorioak ez dira berberak. Ez naiz lehengo Sandra.

2021ean Remando en la oscuridad liburua argitaratu zenuen. Anorexia borrokatzen bizi zenuena kontatu duzu bertan. Nori zuzendutako liburua da?

Bizi dudan dolu berbera bizitzen ari direnentzako nahiz inguruan hori bizitzen ari den norbait dutenentzako da. Gurasoak, lagunak, bikotea, senideak, irakasleak… Dolu hori pasatzen ari direnak ulertzeko balio du, konplikatua delako. Gaixotasun mental bat dugu, eta pairatzen ari ez direnei edota antzeko dolua pasatzen ari ez direnei zaila egiten zaie hori ulertzea. Askotan uste da elikadura nahasmendua hautatu egiten dela, anorexia dutenek janariarekin duten harremana horrelakoa izatea beraiek erabakitzen dutela arazo estetiko batengatik, kanon batzuk betetzeagatik, edota arreta erakartzeko. Horiek guztiak dira gaur egun dauden estereotipoak. Ez dena ulertzen da norberak ez duela hautatzen gaixotasun bat izatea. Faktore askorengatik izaten da gaixotasuna, baina ez zure erabakiz. Liburuak jende horrengana iristeko balio dezala.

Sare sozialetan kirol marka batekin kolaboratzen duzu. Transmititzen duzuna zaintzen duzu?

Bai, asko. Asics izeneko kirol arropa marka batekin kolaboratzen dut, eta Asics, berez, siglak dira: anima sana in corpore sano. Markak bultzatzen duena da kirola osasuna dela, bai osasun fisikoa, bai eta osasun mentala ere.

Talde horretan sartu nintzenean argi utzi nien ez nituela batez bestekoak beteko, podiumak ez nituela egingo. Izan ere, kolaboratzaile gehienak sare sozialetan ikusgarritasuna izatera behartzen dituzte, baita lehiaketak irabaztera ere. Argi nuen horretan ez nintzela sartuko. Prozesu batean nengoen, ikasten, eta gainera, kirol diziplina aldatu nuen. Kirolaz disfrutatu nahi nuela esan nien. Podium batera igotzen banaiz, oso ongi, eta bestela, ederki ere bai. Asics-ekoek esan zidanten nahi zutela nik sustatzea osasun mentalarentzako bidelagun izan daitekeela kirola. Horretan ari naiz.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting