Lau autobus elektriko berri jaso ditu Irungo Udalak eta L2 linearako erabiliko dituzte. Hala, %100 elektriko izango da autobus linea hori, Irungo bigarren erabiliena dena urtean 400.000 bidaiarirekin. Horretarako 1.250.000 euroko diru laguntzak jaso dituzte Europatik: 800.000 euro, autobusak erosteko, eta 450.000 euro, karga sistemarako.
Autobus horiekin batera karga azkarreko sistema bat erosi du udalak L2 linearen irteera geltokirako, hau da, suhiltzaileetan. Era berean, karga moteleko beste sistema bat jarriko dute autobusen kotxe-tokietan. Bestalde, ibilgailuek 22 eserleku, gidariaren beste 1 eta gurpil aulkientzako eta orgatxoentzako 2 toki dituzte, eta 75 bidaiari sar daitezke.
2024an “berrikuntza gehiago” egongo direla mugikortasun jasangarriaren alorrean aurreratu du udalak. “2024rako aurrekontu proiektuan, 2,2 milioi euroko beste inbertsio bat ezarri da, 3 autobusa elektriko eta karga sistema bat fabrikatu eta hornitzeko”. Inbertsio horrekin autobus flota “guztiz eraldatuko” dela diote, “elektrikoa izango baita”.