Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Aurtengo festak ere, garbiak eta jasangarriak PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Lunes, 03 de Junio de 2024 22:26

Noticia publicada en Bidaosko Hitza, el lunes día 3 de Junio de 2024

Aurtengo festak ere, garbiak eta jasangarriak

Irungo Udalak eta Txinzerrek giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartuko dituzte festetan garbitasuna eta jasangarritasuna bermatzeko.

San Pedro eta San Martzial jaiak gainean dira. Egun gutxi falta dira festek eztanda egiteko, eta Irungo Udala eta Txingudiko Zerbitzuak prest daude jaiei ongietorria emateko. Bi erakundeek “jai garbi” eta “jasangarrien” aldeko apustua egin dute, eta horretarako, “giza baliabideak” eta “baliabide teknikoak” indartuko dituzte festek irauten duten denboran. Garbiketa dispositiboa hilaren 15ean aktibatuko dute, eta “etengabe” mantenduko dute hilaren 22tik uztailaren 4ra bitartean.

Borja Olazabal Garapen Iraunkorreko ordezkariak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela bateragarri egitea jaien gozamena eta ohitura jasangarriak: “Udalean dugun espirituaren parte dira eta, horregatik, aurten ere, esaterako, txosnetan edalontziak berrerabiltzeko egitasmoarekin jarraituko dugu. Guztion erantzukizuna da ahalik eta sanmartzial jasangarrienak izaten laguntzea, eta udalak eta Txingudiko Zerbitzuek garbiketarako eta birziklapenerako dispositibo handia prestatu dugu helburu hori lortzen laguntzeko”.

Gauzak horrela, jaiegunetan inbertsio ekonomiko “garrantzitsua” egingo da kaleak garbi manten daitezen. Leire Zubitur Txingudi Zerbitzuak-eko gerenteak jakinarazi du “langileen errefortzu bat” ezarriko dela, 110 lanaldi gehigarrirekin, festetako egun guztietan banatuta. Horrez gain, “ohiko” garbiketa zerbitzuaren eguneroko kostua 12.715 eurokoa dela adierazi du Zubiturrek, baina festetako egun bakoitzean kopuru hori “%30ean handituko” dela gaineratu du.

Udalak eta Txinzerrek inbertsio ekonomiko handia egingo badute ere, Zubiturrek herritarren laguntza “garrantzitsua” dela zehaztu du, hiria garbi mantentzeko: “Hondakinen sorrera minimizatzea da gakoa. Herritarrei dei egin nahi diet errespetuz joka dezaten eta birziklatzeko gaikako bilketa guneak erabil ditzaten. Ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik”.

Urtero bezala, jende gehien biltzen den eremuetan jarriko dute “arreta bereziena”. San Juan plazan eta inguruetan, Kale Nagusian, Sargia parkean, Kolon eta inguruetan, Zabaltza plazan eta Luis Marianon, Pio XII plazan, Iparralde etorbidean, Ficoban, Euskal Jai frontoian, Istillaga plazan edota Erromes plazan garbiketa brigadak antolatuko dituzte eguneko lehen orduetan gune horiek ekortzeko eta garbitzeko.

Lan horien aurretik, baina, beira eta ontziak eskuz bereiziko dituzte, errefusean bukatzen duten hondakin kopurua murrizteko. Horrez gain, bilketa maiztasuna ere “handituko” da hala eskatzen duten irlatxoetan, egunero hondakin zati guztiak hustuz.

Birziklapen guneak

Orotara, birziklatzeko hamar puntu berezi jarriko dira “funtsezko guneetan”, gaikako bilketarako seinale argiekin. Hona hemen:

  • Urdanibia plazako txosnak: Txosna bakoitzak edukiontzi organiko bat eta 120 litroko beirazko edukiontzi bat izango ditu. Gainera, guztientzat puntu bat jarri da kanpoaldean kartoia, ontziak eta beira bereizteko edukiontziekin, eta bilketa maiztasuna ere indartuko da.
  • Ficoba: Hainbat puntu jarriko dira gaikako bilketarako lau edukiontzirekin, eta, gainera, beste edukiontzi orokor bat azoketako salerosleentzat materia organikoa, ontziak, kartoia eta beira bereizteko.
  • Erdigunea: Herritarrentzat birziklatzeko hainbat puntu jarriko dira, gaikako bilketarako lau edukiontzirekin. Puntu horietako bakoitzak seinaleztapen espezifikoa eta oso agerikoa izango du.

Zubiturrek baietsi du iaz ez zirela “behar bezala” erabili gaikako zakarrontziak, eta horrek “zaildu” egiten duela birziklapen eta garbiketa prozesua: “Aurten dei berezia egiten diegu herritarrei zaborra lurrera bota ez dezaten eta gaikako zakarrontziak behar bezala erabil ditzaten. Hiria garbi mantentzea guztion zeregina da. Guztion konpromisoak jai atseginagoak eta jasangarriagoak izaten laguntzen du.

Edalontzi berrerabilgarriak

Txinzerrek 20.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko ditu Urdanibia plazako lau txosnetan, 5.000 bakoitzarentzat. Edalontziak erabiltzeko sistema “ohikoa” izango da, txosnetan salgai egongo baitira euro bateko prezioan. Edalontzia itzuliz gero, ordaindutako euroa itzuliko da. Festak bukatu ondoren, Txinzer arduratuko da entregatutako edalontzi guztiak biltzeaz, eta horiek enpresa espezializatu batean garbituko dira, “berrerabiltzeko moduan egon daitezen”.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting