Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Katea auzoa, mugikortasun eraldaketa bizi-bizian PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 05 de Julio de 2024 21:42

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 5 de Julio de 2024.

Katea auzoa, mugikortasun eraldaketa bizi-bizian

Elizatxo hiribideko zubia eraitsita, Andrearriaga kaleko murrua botako dute orain. Auzoak bitan banatuta egoteari utziko dio horrela, baina hori lortzeko aldaketa handiak bizitzen ari dira auzotarrak eta bertatik igarotzen direnak.

Hirien kale eta errepide moldeak aldatzen ari dira, eta iraungi dira autoa erdigunean jartzen dituzten plan urbanistikoak. Mugikortasun aldaketek gero eta eragin handiagoa izango dute irundarren eguneroko bizitzan, eta dagoeneko hala izaten ari da Katea auzoan.

Porcelanas Bidasoa zegoen eremutik Cafe Irunera arteko Elizatxo hiribidea itxi egin dute autoentzat. Izan ere, Katearen gainetik pasatzen zen zubia eraitsi dute, II. Auzo Plana eta AHTaren obrak medio. Orain, Porcelanaseko biribilgunera iristean Errota errepidera joan behar da, eta bertatik, Ibis hotelaren pareko Letxunborro hiribideko biribilgunera iristen dira ibilgailuak. Ia trafikorik ez zegoen errepidea da, eta orain, Irundik irteteko ibilgailuen emaria bertatik igarotzen da.

Landetxa Auzo Elkarteko presidente Alfonso Barreirok azaldu duenez, inguru horretan trafiko «asko» dago orain, ikusgarritasuna «txarra» da, kontainerrak errepidearen beste aldean daude, edota horietara iristeko zubiko espaloia «oso estua» da. Dena den, udalak oinezkoentzako eta bizikletentzako bide paralelo bat egiteko asmoa duela azaldu du presidenteak. «Inguru horretan orain sortu diren arazoak kenduta, auzo elkarteak babestu egin du autoak bertatik pasatzearen alternatiba», aitortu du presidenteak. Arazo horiek konpontzeko eskaera egin dio udalari.

Katea , elkartzen

Zubiaren eraisketak, bitan banatuta dagoen auzoa berriro batzea ahalbidetuko du, Andrearriaga kaleko murrua botako baitute. Orain, inguru horretan auzotarren arteko elkarbizitza nolakoa izango den adostea dute erronka. «Duela zortzi urte idatzitako I. Auzo Plana oso urbanistikoa zen, eta bigarren plana, berriz, auzotarren elkarbizitzari buruzkoa da». Espazio berri bat sortuko da auzoari dagokion Elizatxo hiribidean, eta hango etorkizuneko plaza nahiz elkargunea nolakoak izango diren landu dute planean. Topoa inguru berrian nola integratu eztabaidatu nahi dute, besteak beste. «Bizilagun batzuek aurrez aurre duten Jaizkibel ikusiko dute haien etxeetatik lehen aldiz», erantsi du presidenteak.

Aparkalekuei begira ere badaude. Barreiroren esanetan, auzoaren erdigunetik aparkalekuak kendu nahi badira, aparkaleku gehiago sortu beharko dira auzoaren kanpoaldean. Horregatik, Arretxe-Ugalde poligonoetatik gertu, hainbat alderdi politikok bi pisuko aparkaleku bat egitea eskatu dutela baieztatu du Barreirok. Aparkaleku horiek eraikitzeaz gain, inguru hori urbanizatu beharko dela uste du katearrak. «II. Auzo Planarekin atseginagoa egin nahi dugu auzoaren erdigunea, eta elkarbizitzarako espazio gehiago sortu nahi ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da autoak auzoaren erdigunetik ateratzea, baina betiere benetako alternatibekin». Gainera, orain arteko auzo planak «auzotik kanpo» idatzi direla deitoratu du Barreirok eta, oraingoan, auzotarrek egin dutela aldarrikatu du.

Auzoa eraldaketa bizi-bizian dago egun, eta bizilagun gehiago izango dituzte begien aurrean. Izan ere, Porcelanas eremuan 200 etxebizitza baino gehiago eraikitzen ari dira, eta gutxi gorabehera, 500 bizilagun berri izango ditu Kateak. «500 bizilagun etortzea asko da, eta gure kritika da haiekiko harrera plan bat falta dela», salatu du Barreirok. Horrek auzoan aldaketa eragingo duela uste du presidenteak, eta «izaera oso markatua duen» auzora etorriko direla jakinda, harrera plan baten beharra dagoela adierazi du. «Egin ezean baztertuta geratuko direnaren sentsazioa daukagu», azaldu du, kezkati, Barreirok. Irungo auzo independenteenak, herri-auzo izaerarekin segi nahi du.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting