Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Cultura y ocio
Egungo Meazuri ikusteko erakusketa PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Lunes, 04 de Marzo de 2024 23:07

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el lunes día 4 de Marzo de 2024.

Egungo Meazuri ikusteko erakusketa

Meakako Meazuri meatzean murgildu dira Dark Red Team argazki elkartekoak. Erakusketa, ostegun honetan zabalduko dute Kabigorrin.

Dark Red Team argazki taldeak Meazuri Meakako meatzea protagonista den argazki erakusketa jarriko du Kabigorrin ostegun honetan eta apirilaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Raul Martinezen argazkiak dira eta ingurumena berreskuratzeko proiektu fotografiko gisa landutako lana da. Meakan dauden meategi hauek bisitatu nahi zituen Martinezek eta meategiaren barruko argazki sorta bat egitea. Horrela, XX. mendean leku kobazulo honetan nola lan egiten zen irudikatu nahi izan du.

Horretarako, Dark Red Team argazki elkarteko kideak, hilabete batzuk barruan aritu ziren lanean. Proiektu hau gauzatzea ez da lan samurra izan: “argazki material ugari sartu behar izan dugu, baita eskalada eta segurtasun ekipoak, kanporatzeko urpekaritza ekipoak, etab. Eskaladan eta espeleologian espezializatutako langileen laguntza ere izan genuen, Elkarteko kideak gai honetan esperientziarik gabekoak baitziren”.

Kabigorriko erakusketan egindako lanaren laburpenarekin egingo du topo ikusleak. Orotara 300 metrotan murgildu ziren argazkilariak eta egun meatzea nola dagoen ikusteko baliagarriak dira. Izan ere, orain ere bertako jardueraren aztarnak segitzen dute.

 
Familia Lilatoia lasterketa irekia, Alaikiro Guraso Elkartearen eskutik PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Lunes, 04 de Marzo de 2024 23:03

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el lunes día 4 de Marzo de 2024.

Familia Lilatoia lasterketa irekia, Alaikiro Guraso Elkartearen eskutik

Emakumeek kirolean duten ikusgarritasuna hedatzeko asmoarekin ondu dute Familia Lilatoia. Igande honetan izango da, Zabaltza plazatik abiatuta.

Toki Alai ikastetxeko Alaikiro Guraso Elkarteak Familia Lilatoia antolatu du martxoaren 10erako, alegia, igande honetarako. Zabaltza plazatik abiatuko dira, 10:30ean.

Herritarrei zabalduta dagoen lasterketa izango da, nahiz eta bereziki familiei eta emakumeei zuzendutakoa den eta “haurren amei, izebak, tutore zein lagunei” dei egin dieten parte hartzera. Popularki Lilatoi Txikia ere deitzen diote.

Donostiako Lilatoia hartu dute eredu, eta asmoa emakumeek kirolean duten ikusgarritasuna hedatzea izango da, lasterketa familiar baten bidez. Azpimarran jarriko dute kirolak dituen onurak eta emakumeen parte hartzearen garrantzia, “kirola ere badelako emakumeek okupatu beharreko plaza bat”.

Ibilbidea

Zabaltza plaza izango da elkartze puntua eta Kolon pasealekuan barna egingo dute korri 700 metro. Bukaeran, hamaiketako osasungarria partekatzeko aukera proposatu du Alaikirok.

Parte hartzaileei morez jantzita bertaratzeko gonbita luzatu diete, “emakumeon eskubideak aldarri guztion artean berdintasunean oinarritutako ekimena egingo dugu”.

 
Ostegun honetan banatuko dira Asun Casasola lehiaketako sariak PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Lunes, 04 de Marzo de 2024 22:55

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el lunes día 4 de Marzo de 2024.

Ostegun honetan banatuko dira Asun Casasola lehiaketako sariak

IX. edizio honen gaia 'plaza bat zure izenean' izan da eta "memoria ariketa" egitea bultzatu nahi izan dute.

Iazko sari banaketa.

2013an abiatu zen Asun Casasola ipuin lehiaketa eta aurtengoa IX. edizioa izaten ari da. Urtero gai bat proposatzen dute ipuin lehiaketaren antolatzaileek, iaz izan ezik, bi gai proposatu zituztelako sail bakoitzeko. Aurten, beste urtetako izaerari eutsi eta abiapuntu edota helduleku bakarra proposatu dute bi sail eta lau kategorietarako: Plaza bat zure izenean.

“Memoria ariketa” izatea nahi izan dute, indarkeria matxistaren aurrean biziraun ez duten horiek gogoratzeko, baina baita memoria historikoan arakatu eta aitortza egiteko ere. Dena den, gaia nahiko irekia dela aitortu zuen aurkezpenean antolakuntzak, eta gaiak izan ditzakeen adiera guztiak ongietorriak izango direla azaldu zuten.

Ipuinak jasotzeko epea itxita, sari banaketa ekitaldia ostegun honetan egingo da Kabigorri ateneoan, 19:00etan. Sari banaketarekin bukatzean, mokadua jateko aukera egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

Asun Casasola ipuin labur lehiaketa

2008ko Sanferminetan Nagore Laffage gazte irundarra ezetz esateagatik erail egin zuten Iruñean. Ordutik hona, Nagoreren ama den Asun Casasolak aurrera eramandako borroka emakume guztien askatasunaren sinbolo bihurtu da.

Ama honek erakutsitako kemena eta borrokarako grina izugarria izan da eta eredu honi aitortza egiteko asmoz sortu zen “Asun Casasola Ipuin Lehiaketa” 2013an. Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen lehiaketa, eta literatura lagun, horretan dihardugu urtez urte. Hitzak josiz, berdintasuna osatzen.

 
Aparkalekuei buruzko zortzi alegazio aurkeztu dizkio HMJPri Elkarrekin Irunek PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Sábado, 02 de Marzo de 2024 00:03

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 1 de Marzo de 2024.

Aparkalekuei buruzko zortzi alegazio aurkeztu dizkio HMJPri Elkarrekin Irunek

Egungo aparkaleku ereduak ez duela funtzionatzen diote eta arazo horri aurre egiteko zortzi proposamen ondu dituzte, HMJPean jasotze aldera.

Elkarrekin Irunek alegazioak aurkeztu dizkio udalak aurkeztutako HIri Mugikortasun Jasangarrirako Planari. Guztira, zortzi proposamen landu dituzte eta hauen helburua, “dagoeneko funtzionatzen ez duen” aparkalekuaren gaineko arazoa konpontzea dela azaldu dute.

TAO eta lurpeko aparkalekuen kudeaketa eredua aldatzea proposatu dute, publikoa bilakatzeko eta ordaindu beharreko prezioa, enpresa handi baten mozkinik gabekoa izan dadin. Horrez gain, TAO guneak “berrantolatzea” proposatu dute, auzotarrekin batera prozesu parte hartzaile baten bidez.

Aparkaleku plazen %80 mistoak izatea galdegin dute ere, “non 18:00etatik 08:00etara, asteko egun guztietan egoiliarrentzat gordeko ziren. Ordutegi horretatik kanpo, orain arteko ordutegia mantenduko litzateke”.

Lur azpiko aparkalekuak eskolen azpian gauzatzeko proposamenak kentzeko eskatu du Elkarrekineko bozeramaile Thania Pazosek. “Kontraesankorra da HMJPk eskola inguruak seguruagoak bilakatzea baitu helburu. Horrelako planek ibilgailuen zirkulazioa areagotzea proposatzen dute”.

Isuri Gutxiko Eremuei buruz diote egoiliar txartelen arabera ezartzea, “eta ez planean proposatu den moduan egitea”. Alderdi morearen arabera, “horrela eragotzi egingo diegu herritarrei IGEk ibilgailu parkea aldatzera bultzatzea”. Alegazio horretan jaso dute ere jarduera ekonomikoetarako ibilgailuentzako txartel bat sortzea, TAO egoiliar txartelaren antzeko funtzionamendua edukiko lukeena.

Azaldutako azken bi alegazioek, garraio publikoarekin eta oinezkoen lehentasunezko eremuekin dutela zerikusia azaldu dute. Batetik, Irunbusen maiztasunak eta ordutegiak handitzea nahi dute, egungo flota ahal bezain beste aprobetxatzean oinarrituta.

Bestetik, Gipuzkoa hiribidearen eta Aldapeta kalearen artean dagoen Kolon pasealekua oinezkoentzako lehentasunezko eremu bihurtzea eskatu dute, zehazki, aldi bereko eremu bihurtzea, garraio publikoa gehienez ere 20 km orduko abiaduran pasa ahal izateko. “Oinezkoentzako lehentasunezko eremu honekin, herritarrentzako gune nagusi bat irazten dugu, eta ez da igandeetara mugatzen egunean ordu batzuetan. Eredu iraunkor baten aldeko apustua egin nahi badugu, erabaki ausartak hartu behar ditugu”, bukatu du Pazosek.

 
Lannahi programan izena eman daiteke oraindik PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 01 de Marzo de 2024 23:59

Noticia publicada en Bidasoko Hitza ,el viernes día 1 de Marzo de 2024.

Lannahi programan izena eman daiteke oraindik

Lannahi egitasmoaren helburua da langabezian dauden pertsonen artean euskararen ezagutza sustatzea, euskaltegian eskainiko diren doako euskara eskolen bidez. Izena emateko azken eguna hilaren 7a da.

Irungo Udal Euskaltegiak gogorarazi du Lannahi programaren hirugarren txandan izena emateko epea zabalik dagoela datorren ostegunera arte (hilak 7). Programa horretara atxikitzeko interesa dutenek Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz egin behar dute inskripzioa. Horretarako, Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk erabili beharko dituzte; hala nola, NA elektronikoa edota Izenpe txartela.

Lannahi egitasmoaren helburua da langabezian dauden pertsonen artean “euskararen ezagutza sustatzea”, euskaltegian eskainiko diren doako euskara eskolen bidez. Hirugarren txandako ikastaroa apirilaren 8tik ekainaren 21era izango da. Goizeko txandan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten. Arratsaldeko txanda, aldiz, hiru ordukoa izango da.

Horrez gain, Irungo Udal Euskaltegiak adierazi du, eskaria egiteaz gain, mailaketa proba bat egin behar dela, euskaltegian jada ari diren edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba hori egiteko, interesdunek 943 50 52 73 telefonora deitu beharko dute hitzordua eskatzeko.

Ikastaroa doakoa izateko, bi baldintza bete behar dira. Alde batetik, Lanbiden lan eskatzaile bezala apuntatuta egotea. Bestetik, langabezian egotea, %50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren %50 ez gainditzea.

Euskaltegiak zehaztu du Lannahi programan sartzeko baldintzak ez dituzten pertsonek ikastaro trinkoak egiteko aukera izango dutela, ohiko matrikula ordainduz. Ikasleek, gainera, ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dutela nabarmendu dute.

 
<< Inicio < Prev 51 52 53 54 55 56 57 58 59 60 Próximo > Fin >>

JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting