Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
Korrokoitz, 1999tik,Borrokan PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Viernes, 02 de Febrero de 2018 12:26

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 2 de Febrero de 2018.

KORROKOITZ, 1999TIK, BORROKAN

Irungo Korrokoitz eremuko bizilagunak ziurgabetasunean bizi dira oraindik, euren etxeak noiz eraitsi zain daude. 9. etxebizitzako bizilagunek jada etxea utzi dute.




Korrokoitzeko eremua erdigunetik gertu egon arren, erabat zaharkituta dago.
Zaila. Horrela definitu dute Irungo Korrokoitz eremuko bizilagunek bizi duten egoera. 1999 urtean hiri antolamendutik kanpo utzi zuen udalak eremua, eta ordutik, jabe pribatuen eskuetan egon da; egoerak erabateko ziurgabetasunean bizitzera behartu ditu bizilagunak. Ia hogeita hamar urteren ondoren, tinko jarraitzen dute, etxebizitza duin baten alde borrokan. Irungo agenda politikoaren erdigunean izan da azken egunetan gaia, baina, bertan bizi direnen iritziaren bila joan da Hitza. Gatazka politikotik harago, euren egoera konpon dadila eskatu dute.
Azken hogeita hamar urteotan, etxebizitzen egoera okertzen joan da. Etxebizitza huts eta erabilerarik gabeko eremu asko dago bertan, degradatua dago zeharo zonaldea. Denboraren poderioz, etxeak zaharkitzen joan dira eta egun, batzuk erortzeko arriskuan daude. Udalak bertan eraikin berriak egiteko asmoa jakinarazi bai, baina ordutik aurrera urratsak ez dira asko izan, abenduaren bukaerara arte ez behintzat.
Edozein momentuan udalak etxebizitzak eraisteko agindua eman dezake. Baina hori gertatu baino lehen, bizilagun askok legeak ematen dituen aukeren artean, zenbait hobekuntza egin dituzte. Guztira, 16.000 metro koadroko eremua hartzen du Korrokoitzek.
9. atariko etxebizitza da kaltetuena.
Korrokoitzeko 9. ataria izan da orain arte arazo gehien jasan dituena. 2008an, udalak egin zuen Hiri Egokitzapenerako Planaren baldintzen artean, bertako bizilagunei ostatua ematea adostu zuten. Orduan, udala eta promotoreak ez ziren adostasunera heldu, eta proiektua bertan behera geratu zen. 2016ean, berriz, erortzeko zorian zegoela ondorioztatu zuten udaleko teknikariek, termita plaga baten ondorioz, egiturak kalte nabarmenak jasan zituelako.
Egun, bizilagun gehienak bertan dirauen arren, batzuk etxetik joatera behartu dituzte. 2016 bukaeran, adibidez, 9. atariko bizilagunek euren gauzak hartu eta beste etxe baten bila jarri ziren, izan ere, adineko bikote bat, bi haur dituen emakume bat eta beheko solairuko ile-apaindegiko emakumeak bertatik joateko behin betiko agindua jaso zuten udaletik.
Etxea uztea gutxi ez balitz, horren eraistearen kostua beregain hartu beharko zutela jakinarazi zieten udaletik. Horrela, orube osoaren truke 60.000 euro jasoko lituzke bizilagun bakoitzak, baina eraistearen kostua kenduta, soilik 10.000 euroko diru sarrera jasoko lukete.
Bizilagunak, zain
Urte luzez Korrokoitz kaleko 9. etxebizitzako bizilagun izandako Asier Martinek salatu bezala, «promotoreek ez dute inoiz errentagarritasuna bilatu, eta haien eta udalaren arteko gestio falta horretan, bizilagunak zain egon gara». Egoera «deserosoa» izan dela diote, batez ere aiton-amon bikotearena. «Edozein momentuan hondeatzaile bat etor daiteke etxeak eraistera», gehitu du.
Martinek azaldu duenez, egun, Korrokoitz inguruan, 20-25 familia inguru dira etxe berri batera joan beharko direnak. Etorkizuneko Korrokoitzeko etxebizitza proiektuan, ordea, prezio altuko etxebizitzak eraikiko dituztela salatu du, egungo bizilagunen poltsikoetara moldatu gabe. Hori gertatzen denerako, Babes Ofizialeko Etxebizitza batean sartuko dituztela argitu du irundarrak, gutxienez, «ostatu emateko eskubide hori bermatzeko».
Korrokoitz inguruko etorkizuneko proiekturako, Uranzu pilotalekutik Dunboa kanalerainoko etxebizitza guztiak eraitsiko dituztela azaldu du bizilagun ohiak. Informazio hori bizilagunei jakinarazi dieten arren,  oraindik «ziurgabetasun horretan» bizi direla azaldu du.
Tirabirak udalarekin
Udalak, 1999. urtetik, behin eta berriro, arazoa pribatua dela argudiatu duela salatu du: «1999an udala gure bizitzan sartu zenetik, arazoa ez da inoiz erabat pribatua izan», Hasieratik, PSE-EErentzat, Korrokoitz «behin ere ez» ez da izan lehentasuna. Promotore ugari egon eta euren arteko talka existitu den arren, Martinek ondorengo gogoeta egin du: «Ez al dago udala, harreman horiek kudeatzeko?». Horren harira, PSE-EEk kudeaketa gaitasunik ez duela izan adierazi  du, hainbeste urtez agintean  egoteak «erosotasun puntu bat» eman diela udal gobernuko kideei.
Iazko abenduan, Korrokoitzeko bizilagunek ilusioz hartu zuten azken albistea. Udaleko Hirigintza ordezkari ohi Xabier Iridoyk jakinarazi zuen Korrokoitz eremurako Plan Berezi bat garatzeko jabe pribatuekin akordio batetara iritsi zela. Eta, bizilagunenei, momentuz, akordio garrantzitsuenaren berri eman zien: etxebizitza eraistearen kostua promotoreek hartuko zutela beregain.
Informazio hori, bizilagunentzat, «albiste ona» izan zen. Alkatearekin alderatuta, Hirigintza ordezkari izandakoak izandako jarrera «bihotzekoagoa eta hurbilagoa» izan zela onartu du. Orain, ordea, udal gobernuko liskarrak direla eta, Iridoyk berretsitako akordioa zalantzan egon daitekeela argitu du.
Are gehiago, datorren agintaldiari begira, Korrokoitzeko gaia aurrera eraman nahi duena PSE-EE bera izango dela esan du, «alderdi horretakoa ez den batek 25 urtean egin ez dena egitea» PSE-EEk ez duela onartuko, alegia. Martin: «Erabakia berandu iritsi arren, beharrezkoa zen Korrokoitzeko eremurako».
«2018an, Irungo erdigunean, 16.000 metro koadroko eremu bat erabat abandonatuta izateak ez du inolako zentzurik»,zehaztu du Martinek. Korrokoitzeko arazoa «lehenbailehen» konpontzea nahi dute bertako bizilagunek, baina oraindik, bide luzea izango duela onartu dute, etsipenez. Etxebizitza duina behar dute, ordea. Lehia politikoetatik harago, nonbait bizi behar dutelako.
 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting