Encuesta

¿Que hacer con el aeropuerto?
 
ViaIrun, Irungo "iraultza sozial eta ekonomiko handiena" PDF Imprimir E-mail
Escrito por Administrator   
Lunes, 06 de Mayo de 2024 22:04

Noticia publicada en Bidsoko Hitza, el lunes día 6 de Mayo de 2024.

ViaIrun, Irungo "iraultza sozial eta ekonomiko handiena"

Irun erdiguneko 76.500 metro koadroko trenbide sare «mamu» bat berrurbanizatzea du helburu proiektuak. Besteak beste, tren geltoki bat eta auzo berri bat egin nahi dituzte eremu horretan.

Udalek hiri edota herri baten zabalera handitzea izan dutenean asmo, gune berde txikiak suntsitu izan dituzte kasu batzuetan, edota kostaldeko legea errespetatu gabeko proiektuak gauzatu. Ez da hori, ordea, Irunen kasua. ViaIrun izeneko proiektuaren ideia bolo-bolo dabil duela hamarkada batetik Bidasoko hiri nagusian, eta ez da gutxiagorako: izan ere, 76.500 metro koadro berreskuratuko dituzte, hiriaren erdi-erdian, eta naturari lurrik kendu gabe. Udalak eremu hori berreskuratzeko azterketa tekniko bat eskatu zuen lehen-lehenik, eta, ondoren, proposamen bat garatu. «Espazio horretan guztian erabileren proposamen oso mistoa geratu da», esan du Miguel Angel Paez Irungo alkateorde eta Hiri Garapenerako ordezkariak. Nabarmendu duenez, «XIX. mendetik Irunek bizi duen iraultza sozial eta ekonomikorik handiena» izango da ViaIrun.

Proiektua gauzatzeko, Irun bitan banatu eta Adifek erabilerarik gabe duen trenbide ingurua berreskuratuko dute. Bi kale nagusiren artean dago eremu hori: Kolon pasealekuaren eta Aduana kalearen artean. Gainera, Paezen (PSE-EE) arabera, proiektua hiriaren erdigunean egitea ez da kasualitatea izan, ziur baita hiriguneko «elementu zentrala» izango dela: «Hiriaren bihotza berriro sortzea ez da oso ohikoa hirietan, eta guk garrantzia eman nahi diogu, letra larriz».

Zehazki, Irungo mendebaldea —Anaka, San Migel eta Belaskoenea auzoak— eta erdigunea batuko ditu egitasmoak, eta horrek inguruan bizi direnen egunerokoan «eragin nabarmena» izango duela jakinarazi du Paezek. Gaur egun, auzo horietan bizi direnek hiriaren iparraldean eta hegoaldean dauden zubietatik pasatu behar dute hirigunera joateko: Kolon pasealekuan eta Soroxarta parkean dauden zubietatik. Bata bestearen parean daude zubiok, eta trenbide eremu «mamu» bat dute tartean, «zaharkituta eta utzita» dagoena, alkateordearen hitzetan. ViaIruni esker, pasabide bat sortuko dute gune horretan, San Migel auzotik Pio XII.eko Aduana karrikaraino iritsiko dena. Pasabidearen erdian, Irungo tren, AHT, topo eta autobus geltoki berria egongo da.

«Hiriaren bihotza berriro sortzea ez da oso ohikoa hirietan, eta guk garrantzia eman nahi diogu, letra larriz».

MIGUEL ANGEL PAEZIrungo alkateorde eta Udaleko Hiri Garapenerako ordezkaria

Orain gutxi arte, udalak ez zuen inguru horren gaineko inolako eskumenik, Adifena baitzen horren ardura. Paezek esan du lur horren jabe egitea izan zela udalak egin behar izan zuen lehen urratsa. Behin lurren gaineko eskumena lortu ondoren, proiektuaren helburuak finkatzeari ekin zioten, eta, alkateordearen arabera, «erabilpen publikorako» izango diren guneei eman diete lehentasuna. Hori dela eta, garraio publikoarentzako geltoki berriaz gain, Aduana kalean dagoen Aduana Zaharra eraikina birgaitzen ari da udala, Espainiako Estatuaren partzela eta eraikina erosi ondotik. 9.000 metro koadro baino gehiago ditu lursail horrek, eta eraikinak, berriz, 2.100. Eraikina zaharberritzeko lanak egiteko, bost milioi euro jarri ditu udalak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako diru laguntza bati esker.

 
Foro Ciudadano Irunes - Irungo Hiritar Foroa, Powered by Joomla!; Joomla templates by SG web hosting