18 marzo 201508:37
Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak tailer berri bat antolatuko du udaberrian. Ikastaroa apiriletik ekainera burutuko da, eta euskararen idazkeraren hobekuntzara egongo da zuzenduta. Irakaslea Juan Garzia Garmendia izango da, Euskaltzaindiaren Gramatika Ba-tzordeko kidea dena.
Betti Gottiko kidea den Iñaki Goikoetxeak azaltzen duenez, tailerra «irekia izango da, Txingudiko hiritar orori eskainia eta maila ona izan eta idazkera hobetu eta txukundu nahi duen guztiarentzat». Bereziki, ikastaroa «egunerokotasunean euskal testuak idatzi behar dituztenentzat» zuzenduta dago: «kazetariak, irakasleak, ikasleak...».
Iñaki Goikoetxeak azpimarra-tzen duenez, mota honetako tailerra antolatzen duten lehenengo aldia da. «Orain arte haurrei zuzendutako aktibitateak edo ekintza ludikoak antolatu ditugu», gogoratu zuen. Tailer honekin pauso berri bat eman nahi du Betti Gottik, eta «lehenengo aldiz Txingudi bailaran euskaraz idazkera egokiagoa eta aberatsagoa izateko ikastaroa» martxan jarri du. «Hobetzeko tresnak eskaini nahi ditugu, hauen bidez hizkuntza txukunagoa erabiltzeko», laburbiltzen du Betti Gotti Elkarteko kideak.
Ekintzan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa euskarazko titulorik edukitzea, baina antolatzaileek azaltzen dutenez «EGA, HABE 3, 3. HE edo baliokidea izango da oinarrizko maila: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C-1».
Izena emateko epea
Tailerrak «oinarri praktikoa izango du, eta egunero idazten diren testuak hartuko dira abiapuntu» klaseetan lantzeko: «artikuluak, kronikak, erreportajeak...». Ikastaroan zenbait ikuspegi aztertuko dira: «testuen arkitektura, informazio planoak, mintzagaia edo predikazioa, puntuazioa, ohiko akatsak...».
Dagoeneko dozena erdi pertsonek izena eman dute ikastaroan parte hartzeko. 10-15 kideko taldea osatu nahi da, beraz, interesatuok oraindik apuntatu daitezke. Izen emate epea martxoaren 26ra arte irekita egongo da eta bi bidetatik egin daiteke:
Esta dirección electrónica esta protegida contra spam bots. Necesita activar JavaScript para visualizarla
helbide eletronikora e-mail bat bidaliz, edo 609-890830 telefono zenbakira deituz. Matrikulak 45 euroko prezioa du.
Hamar astez luzatuko da ikastaroa, apirilaren 16tik ekainaren 18a arte. Hiru orduko saioa burutuko da astero, ostegunetan 17:00ak edo 17:30etik aurrera.
Irakaslea. Juan Garzia Euskaltzaindiako kidea da.
/ N. IRAOLA