14 octubre 201515:46
Desgaitsunen bat duen jendeari elkartasuna eta laguntza eskaintzeko aukera emateko ez ezik, kolektibo honen inguruan mugitzen den sektorearen aurrerapenak ikusteko aukera ere ahalbidetuko du asteburu honetan Ficoban ospatuko den ‘Oztoporik gabeko erakusketak’. Urriaren 16tik 18ra desgaitasunaren eta mendekotasunaren esparruan erreferentea den erakusketa hau Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak babestu dute.
Ekitaldi honen seigarren edizioa ospatuko da asteburuan, eta Gipuzkoan egiten den lehenengoa izango da. Bertan, desgaitasuna duten kolektiboei hainbat esparrutan integrazioa errazten duten teknologietan eta kirol egokituan izan diren azken aurrerapenak erakutsiko dira; besteak beste, mugikortasunean, demotikan, arropan, lan munduan txertatzean, turismo irisgarrian...
Aurkezpenean, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak, desgaitasunaren alorra aldundiarentzat oso garrantzitsua dela aipatu ondoren, datu esanguratsuak eman ditu. Bere esanetan, «Gipuzkoan 50.000 lagunek dute desgaitasunen bat, eta horietatik ia heren bat mendekotasun egoeran dago». Horren erakusgarri, Peñak desgaitasunera bideratutako diru kopuruen berri eman du: «Gizarte politikarako aurrekontuaren %24 bideratzen da desgaitasunera, aldundiaren aurrekontu osoaren %10 baino gehiago».
Bestalde, José Miguel Knorr ‘Oztoporik gabe’-ko presidenteak «egunen batean denok desgai izango garela» ohartarazi du, eta egoera horretan daudenentzat eguneroko bizitzan normaltasuna aldarrikatu du.