karmele tolosa Irungo Landa Eremuko Garraioko gidaria
IRUN Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuena da, udal webgunean ageri den azken datuaren arabera, 61.362 biztanlerekin. Hirigunea oso populatua dago, dentsitate handiarekin. Baina inor gutxik esango luke udalerriaren azaleraren %75a landa gunea denik. Hor 2.600 irundar bizi dira, asko eta asko Olaberria, Landetxa, Bidasoa, Behobia, Meaka edo Ibarla auzoetako baserrietan sakabanatuta. Guzti horiek, atzotik, erdigunea eta hiriko zenbait zerbitzu eta ekipamendu gertuago dauzkate, martxan jarri den Landa Guneko Garraio Zerbitzuari esker.
Zerbitzu hau ez da berria Irunen. Duela hiru urte, eta Lanbidek eskaintzen zuen laguntza bati esker, baserrietan jendea jaso eta hirigunera eramateko programa pilotua egin zen. Udaleko Ingurumen eta Landa Garapenerako arloak eta Behemendi elkarteak bultzatu zuten hura.
"Urtebeteko esperientzia izan zen hura eta pixkanaka hasi zen jendea garraio berria erabiltzen. Auzo elkarteekin lan egin genuen eta baserriz-baserri pasa zen aukera hori bazutenaren berri. Guztira 1.000 erabiltzaile inguru izan ziren, gehienak adineko jendea", azaldu zuen Behemendi elkarteko Juan Kruz Alberdik, atzo udaleko zinegotziekin batera egindako garraio berriaren aurkezpenean.
GIDARI BERDINA
Autoestimuak gora egiten du
Esperientzia hartan furgoneta gidatzen Karmele Tolosa aritu zen, Lanbideren bitartez aukeraketa egin zen ondoren. Eta atzotik, Udaleko Mugikortasun arloak bere egin duen zerbitzu honetan, Tolosa bera izango da gidari. "Erabiltzaileek Karmele ezagutzen dute eta berak ere baserri izen eta kokapenak jakinak ditu; abantaila da zerbitzuak martxa hartu eta ondo funtziona-tzeko", esan zuten Cristina Laborda eta Miguel Ángel Páez zinegotziek.
Karmele Tolosak gogoan du duela hiru urteko esperientzia hura. "Baserrietako jendeari, adinekoei zein hauek zaintzen dituztenei, askatasuna ematen die garraio honek eta galdua zuten autoestimua berreskuratzen dute, hirian mugitzeko gaitasuna irabazita", esan zuen gidariak.
Garraio hau baserrietako adineko eta eskola umeekin autobus geltoki nagusietara, osasun zentruetara, ospitalera eta beste zenbait ekipamendutara joan-etorrian arituko da.
Astelehenetik ostiralera izango da martxan, 7.30etik 14.00tara eta 15.30etik 17.00tarako ordutegian. Erabiltzaileek gutxienez ordu bete lehenagotik adostu beharko dute garraioa, 608150908 telefono zenbakira deituaz eta dirutan ordaindu beharko dute garraioa (1,30 euro da bere prezioa, baina Lurraldebus/Mugi txartela erakutsita 0,72 euro besterik ez)
.