Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eman dio argi berdea Arbesen adinekoen eta desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako erresidentzia proiektuari. Gipuzkoako zaintza ereduari “ekarpen garrantzitsua” egingo diola baieztatu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, “berrikuntzaren alorrean, pertsonalizazioan eta komunitatearekin izango duen loturan”.
Obrek 24 hilabete iraungo dituzte, eta aurtengo udazkenean hasiko dituztela aurreratu du Mendozak. “Iraila eta urria artean” Maite Peña diputatuak zehaztu duenez. Beraz, 2026 bukaerarako bukatuta eta martxan egongo dela azaldu dute.
32,4 milioi euroko aurrekontua bideratu dute lanetara, eta Arbesko egoitza elkarteari esleitu diote proiektu osoa (Krean, GSR eta Altuna y Uria). Proiektu osoaren aurrekontua, aldiz, 270,9 milioikoa eta 22 urteko kudeaketa ere barne hartzen du presupuesto horrek.
Eraikin osoak 6.913 metro karratu izango ditu. Adinekoentzako 130 plaza eskainiko ditu erresidentziak, eta 4 unitate erresidentzia izango ditu 7 modulutan banatuta “dependentzia graduaren arabera”. Autonomia dutenentzako adinekoentzako apartamentu tutoretzapeko ere egongo dira, 50 guztira, eta Irungo Udalak kudeatuko ditu zuzenean.
Arreta psikogeriatriakoa ere emango da eta 14 lagunentzako lekua egongo da. Desgaitasunen bat dutenentzako, berriz, 26 plaza izango ditu egoitzak, eta bi modulutan egongo dira bereizita,12 eta 14 plazakoak.
Eguneko bi zentro eraikiko dituzte ere, 30 plaza izango dituena adinekoentzako eta 25 desgaitasunen bat dutenentzako.
Egoitzak hiru baldintza beteko dituela baieztatu du Mendozak. Lehenik, egoitza “erabat berritzailea” izango da. Bigarrenik, egoitza unitate txikiak sortuko dituzte eta “auzora irekita” egongo da. Hirugarrenik, pertsonalizatua egongo dela diote, “pertsona bakoitzari egokituko” diote zerbitzua.
Orain, lanak hasi bitartean, exekuzio proiektua idatziko dute eta beharrezko azterketa tekniko osagarriak egingo dituzte, Peñak esan duenez.